70 titulu independente baino gehiago aurkeztuko ditu Wholesome Games taldeak antolatutako ekimenak.

Enpresa handiak eta bideojokoen elkarteak beren udako aurkezpenak iragartzen jarraitzen dute. Baieztatutako azkena Wholesome Direct 2023 zuzenekoa da: ekainaren 10ean etorkizunean estreinatuko diren bideojoko atseginak bilduko ditu.

19:00etan abiatuko dute zuzenekoa: Wholesomekoen YouTube katetik ikusi ahalko ditugu iragarpen guztiak.

Wholesome Games taldeak prestatuko du berriz ekitaldia: indie bideojoko ederren eta xarmagarrien zaleek eta garatzaileek osatutako elkartetxoa da. 2019an proiektua abiatu zutenetik 500.000 kide baino gehiago dituztela nabarmentzen dute euren web orrialdean.

Aurtengo Wholesome Directean 70 bideojoko baino gehiago erakutsiko dituztela agindu dute. Bertan agertzeko baldintza bakarra bideojoko atsegina izatean datza. Antolatzaileek diotenez, etiketa hori joko bati jartzea guztiz subjektiboa da, eta taldeak aukeratutako lanetatik haratago joan daiteke.

“Bideojokoak atseginak izateko zer behar duten galdera behin eta berriz azaltzen da gure komunitatean, eta, askotan gai zein argudio bateratuak entzuten diren arren, behin betiko erantzuna aurkituko dugula pentsatzeak edo aipatzeak eztabaidaren balioa gutxitzen duela uste dugu”, aldarrikatzen dute.

Beraz, denetarik ikusiko dugu aurkezpenean: joko koloretsu eta lasaiak zein beste esparru batzuk jorratzen dituzten obrak.

“Bideojoko bat goxoa eta polita bada, baina estereotipo kaltegarriak biltzen baditu, atsegina da? Ezetz diogu! Bideojoko bat biolentoa bada, baina biolentzia hori zapaltzaile bati aurre egitearen inguruan lantzen bada, ez da atsegina? Ezetz diogu!”.

Izan ere, bideojokoen munduan seriotzat hartutako lanek nagusiki gai ilunak jorratzen dituztenak izan ohi direla aldarrikatzen dute arduradunek. Hala ere, “narratiba aberatsa, jokagarritasun berritzailea eta arte zein soinu ederrak dituzten bideojoko itxaropentsuak” daudela ezagutzera eman nahi da ekimenarekin.

Aipatu bezala, Wholesome Direct 2023 ekimena ekainaren 10ean hasiko da, 19:00etatik aurrera.