Toukiden frankiziaren marka berria izango da. PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetara iritsiko da.

Wild Hearts iragarrita bazegoen ere, Electronic Artsek eta Koei Tecmok bideojokoaren lehen xehetasunak eskaini dituzte azkenik. Monster Hunterren estiloko titulua izango da: lehen jokagarritasun bideoarekin batera, otsailaren 18an merkaturatuko dela baieztatu dute.

Monster Hunter aipatu dugu, baina, benetan, Koei Tecmoren Toukiden sagaren marka berria izango da Wild Hearts. Hori horrela, estetika eta girotze japoniarra nagusi edukiko duen abentura dela ikus dezakegu —egia esan, denetarik ikusiko dugun arren—.

Omega Force estudioa arduratuko da garapenaz: Toukiden originalen zein Dynasty Warriors eta bere azpititulu guztien sortzaileak, beraz. Hiru gune handitan banatutako Azuma-ko erresumara bidaiatuko dugu Wild Heartsen: biztanle gutxiko tokia, bertako munstroek geroz eta botere handiagoa eskuratu baitute. Horiek akatuko dituzten ehiztarietan bilakatuko gara.

Ehiztari hauek Karakuri izeneko abilezia berezia erabiliko dute: eraikin moduko batzuk sortuko edo inbokatuko dituzte. Horiekin, adibidez, hegan egiteko helikopterotxo modua hartu ahalko da, baita etsaiak zanpatzeko mailu erraldoia ere, besteak beste. Bakarka ibiltzeaz gain, beste hiru lagunekin batu gaitezke abentura hauek bizitzeko.

Arerioei dagokienez, folklore asiarreko piztiak izango dira nagusi: basurde erraldoiak, fenix erako hegaztiak eta bestelako munstroak azalduko zaizkigu.

Bideoan jokagarritasun mekanikak ikus daitezkeen arren, urriaren 5ean gameplay-ari zuzendutako trailerra zabalduko dutela diote arduradunek.

Bukatzeko, plataformak zehaztu dituzte: Wild Hearts ordenagailuetan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan merkaturatuko da. Esan bezala, otsailaren 18an egingo du.