2026ko azken laurdenean argitaratuko du Studio Null Gamesek
Will O Wing izeneko bideojokoa 2026ko laugarren laurdenean kaleratuko du Studio Null Games taldeak. Garatzaile taldea izateaz gain, argitaletxe lanak ere bereganatuko ditu bideojokoari dagokionez. Beste hizkuntza batzuen artean, euskaraz jokatzeko aukera izango dugu. Estetikoki edertasunez eta maitekiro sortutako abentura PC plataforman egongo da eskuragai kaleratzen denean. Prentsarako kontaktua ere zalbadu du taldeak, inork zalantzaren bat argitu nahi izatekotan: Bryan@studionullgames.com
Jadanik ikusgai dagoen trailerrak bideojokoaren zenbait zertzelada erakusten dizkigu.
Will O Wing pixel art bidez sortutako fantasiazko puzzle zein plataforma abentura dugu. Istorioan zehar jauziak eginez egingo dugu aurrera, eta baita hainbat buruhausgarriri erantzuna emanez. Aipatutako azken horretarako, abilezia magiko sorta izango dugu eskura, ingugiro ezberdinetan hainbat puzzle bereziri konponbidea bilatzeko. Will O Wingeko toki zoragarriak edozein ordenatan burutu daitezke, eta zailtasuna horren arabera moldatzen da. Aukeratutako ordenaren arabera esperientzia zertxobait desberdina eskainiko dio bideojokoak jokalariari.
Beste arlo batzuen artean, irudi aldetik emeki zaindutako bideojokoa dugu Will O Wing.
Hainbat ezaugarri interesgarri aurreratu dituzte garatzaileek bideojokoari buruz. Aspaldi ahaztutako zibilizazioen hondakinak esploratzera eramango gaitu abenturak, eta maitasunez egindako pixel art itxuradun estetika zoragarriaz gozatu ahal izango dugu. Gero eta arriskutsuagoak izango diren munduei irtenbidea eman beharko diegu, guk geuk aukeratutako ordena erabiliz. Leku ederrak ezagutzeko abagunea izango dugu, 2Dtan egindako unibertsoari erakargarritasuna zein sakontasuna gehitzen diotenak.
Will O Wingeko toki zoragarriak edozein ordenatan burutu daitezke, eta zailtasuna horren arabera moldatzen da.
Scott Holmes musikagilearen estilo retrodun soinu bandarekin batera unibertso ederrean murgilduko gara. Toki bakoitzean noraezean dabiltzan arima galduak aurkituko ditugu, gure laguntza eskaintzeko. Gure abileziak indartzeko aukera izango dugu baita ere, besteak beste, transformazioa eta teleportatzea. Gainera, magia erabiltzeko hainbat modu probatuko ditugu, buruhausgarriei erantzuna modu anitzetan eman ahal izateko.
Alor estetikoan, irudiaz ez ezik, estilo retrodun musikaz ere gozatu ahal izango dugu.
Studio Null Games taldeari buruzko informazioa ere zabaldu dute, beraien hitzetan, "ideia handiak eta bideojoko txikiak" uztartzen dituen estudio bezala aurkeztuz. Bideojokoa sortzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren atazak aurrera eramateko, bederatzi kideren elkarlana izan da beharrrezkoa. Informazio zehatzagoa estudioaren webgunean aurkitu daiteke: https://studionullgames.com/
Tranformazio bidez abilezia ezberdinak erabiltzeko aukera izango dugu.
Beñat
Iruzkinak