Dotemu estudioak prestatutako frisbee lehia biziak PC-an, kontsoletan zein Google Stadia-n gozatu ahalko dira.

90eko hamarkadan arkade aretoetan orduak pasatzen zituzten haiek ondo gogoratuko dute Data East garatzaile japoniarraren Windjammers: Soccer Brawl-en antzera, etorkizunean girotutako kirol joko bizia zen. 2018an horren jarraipena iragarri zuen joko klasikoak berpizten aditua den Dotemuk; orain, kaleratze eguna zehazteko trailerra zabaldu dute azkenik: urtarrilaren 20an merkaturatuko dute Windjammers 2.

Hamar pertsonairekin helduko da arkade jokoa saltokietara: bakoitzak bere ezaugarriak, eta nola ez, tiro bereziak edukiko ditu. Hauekin batera beste hamar jokaleku jasoko ditu bigarren atalak: puntu desberdinak eskaintzen dituzten ateak eta bestelako berezitasunak edukiko dituzte, girotze propioez gain.

Joko moten aldetik, Windjammers Championship kanpaina, Arkade, Disc Attack eta Hot Dog Distance minijoko klasikoak bilduko ditu arkade jokoak.

Mekanika ulerterrazak, baina menderatzeko zailak eskainiko ditu Windjammers 2k. Frisbeea jaurti eta aurkariaren ateetatik sartzea izango da helburu nagusia: horretarako jaurtiketa mota desberdinak, bulkadak eta botere berezi ikusgarriak erabiliko dituzte jokalariek.

Edizio digitala iragarrita izan dute, baina fisikoki eskuratu ahalko da baita ere Dotemuren jokoa; hori bai, soilik PlayStation 4-an eta Switch-ean. Jokoa, shockbox deitutako kaxa bereziak, arte liburua, soinu bandaren CD-a eta hamasei litografia bilduko ditu.

Bestela, digitalean erosi nahi dutenek PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta Stadia plataformetan egin ahalko dute urtarrilaren 20tik aurrera. Ez hori bakarrik: Xbox Game Pass-ean gehituko dutela jakinarazi dute baita.