Witch It Barrel Roll Games-ek garatu eta Daedalic Entertainment-ek argitaratutako lana da: 2020ko urriaren 22an kaleratu zen. Urte batzuk beranduago garatzaile taldearen eta argitaletxearen arteko harreman kontratua bukatu zen, eta ordutik aurrera Barrel Roll Games-ek hartu zituen ardura biak.

PCan plataformetan goza daiteke, Steam saltokia erabiliz. Betiko ezkutaketa jokoan oinarritzen den online bidezko multijokalari asimetrikoa dugu, betidanik ezagutzen dugun kaleko joko arruntari zenbait berezitazun gehitzen dizkiona.

 

Sorgin eta ehiztarien arteko lehia

Funtsean, online bidezko multijokalari asimetrikotzat deskriba daiteke, bakoitzak bere etxetik eta internet bidez jolasteaz gain, jokaldi guztietan helburu desberdinak dituzten bi talde egongo direlako.

Talde bat sorginena izango da: beren helburu nagusia ihes egin edo ezkutatzea izango da, hau da, modu batean edo bestean ehiztariek harrapatu gabe mantentzea. Ehiztarien helburua kontrakoa izango da, sorginak harrapatzeko hauek ahuldu egin beharko dituzte, eskuekin kolpatuz, hauei patatak jaurtiz edo beste hainbeste modu erabilita.

Zenbait jokalekuk toki magikoetara eramango gaituzte.

Oso garrantzitsua da sorginen oinarrizko ahalmena azaltzea, hauek ezin baitute ehiztariek bezala eskuz kolpatu edo patatarik jaurti; horren ordez, hurbil daukaten edozein objekturen itxura kopiatzeko ahalmena daukate. Honek ezkutatzeko hainbeste aukera eskaintzen ditu sorginaren papera hartzen dugunean: kupelen, eskuargien, oholen, ezpaten, kanoi-bolen, erratzen, aulkien, mahaien edo bestelako ia edozein objekturen itxura geureganatu ahal izango dugu.

Jokalari bakoitzak bi abilezia gehigarri aukeratzen ditu jokaldia hasi baino lehen.

Sorginak orokorrean ez dira kolpe bakarrean lurrera erortzen, osasun maila erakusten duen adierazle bertikal gorria izaten dute jokalariek pantailan. Jokaldi guztietan denbora epe bat ezarriko da, hau bukatutakoan oraindik harrapatua izan ez den sorginen bat geratzen baldin bada, garaipena sorginen taldeari emango zaio.

Xelebrea da objektu bihurtutako sorginak alde batetik bestera mugitzen ikustea.

Esan bezala, rol bakoitzak bere oinarrizko ahalmena dauka, sorginak hurbil daukaten ia edozein objekturen itxura hartu ahal izango dute, mugitzeko gai den kopia bat bilakatuz. Ehiztariek besoekin kolpa dezakete edo eskuetan daramatzaten patatak bota, objektuak kolpatuz barnean sorginik ba ote dagoen ikus dezakete eta. Bi rol desberdinak jauzi egiteko gai dira eta baita soinu eta zaratak egiteko ere (zirikatzeko beharbada).

Honez gain, jokalari bakoitzak bi abilezia gehigarri aukeratzen ditu jokaldia hasi baino lehen. Sorginek hegan egitea, edozein objekturen barnean sartzea (haren kopia bilakatu ordez) edo ehiztarien ikusmena zailtzen dituzten sorginkeriak dauzkate. Ehiztariek toki urrunetara heltzeko sokaz lotutako arpoia daukate, inguruan sorginik dagoen salatzen duten oiloak eta magia erabilera gune batean ezgaitzen duten berakatz bereziak adibidez.

Rolaren arabera sistema desberdinak daude, sorginek normalean magia maila adierazle urdin bat izaten dute pantailan, sorginkeria erabili dezaketen kalkulatzeko, ehiztariek ordea, ahalmen bakoitza erabili ondoren denbora tarte bat itxaron behar izaten dute hau berriz erabili baino lehen.

Norberak aukeratutako abilezia gehigarri biak eta taldekideenak batera erabiliz sinergia interesgarriak lor daitezke. Ez da erabat beharrezkoa, baina orokorrean taldelanak emaitza onak ematen ditu.

Elkarlana oso eraginkorra da, ehiztari bezala errazago aurkituko ditugu sorginak.

Witch It-ek hamabost jokaleku desberdin baino gehiago dauzka eta oraindik eduki gehiago gehitzen ari dira debalde. Zenbait leku lau eta hamar pertsona arteko lehientzat daude pentsatuta, eta handienak zortzi eta hamasei jokalari arteko neurketentzat.

Estilo desberdinekoak daude: sorginekin lotutako betiko gazteluak, baso magikoak, piraten irlak, itxura egiptoarra dutenak, gabonetako girotzea dutenak… jokaleku ofizialez gain jokalariek sortutako zenbait  toki ere baimendu dira joko ofizialean, bakoitzean jolasterakoan ofiziala den edo nork sortu zuen jakingo dugu.

Pertsonaien itxura aldatzeko aukera zabalak daude, kokaleku jakin batzuetara egokituak ere.

Jolasteko modu arruntari egileek “ezkutaketa” deitzen diote egileek (Hide and Seek), bertan sorginak ezkutatu eta ehiztariek hauek harrapatzen saiatuko dira. Harrapatutako sorginek jokaldia bukatu arte itxaron beharko dute sorginen bat oraindik jokoan dagoen bitartean, mota honetako jokaldiek lau minutu irauten dituzte.

Oinarrizkoaren antzekoa izan arren osagai berezi bat gehitzen dion “Handituz doan Jendilajea” (Mobification) daukagu. Ezkutaketa modua bezala hasten da baina ehiztariek harrapatutako sorgin bakoitza ehiztari bilakatzen da. Sorginek, zenbat eta sorgin gutxiago geratu are eta aukera gutxiago izaten dituzte irabazteko, eta, kasu honetan, oraindik gutxiago (baina modu honetan, harrapatuak izan diren sorginek jolasten jarraitzen dute).

Sorginen hegan egiteko ahalmena oso erabilia da, jokalari askok hautatzen dute.

Besteekiko nahiko berezia den “Bete ezazu Galdara” (Fill a Pot) jolas moduan talde bakoitzak jokalari kopuru berdina du (orokorrean sorginen taldeak kopuru handiagoa dauka). Hemen, sorginek jokalekuan dauden bost galdaretatik hiru betetzea lortu behar dute. Horretarako, lehenik galdara prestatu behar dute eta ondoren lapiko erraldoi magikoak eskatzen dizkien objektuan topatu, kopiatu eta bertan sartu. Bitartean, ehiztariak hau ekiditzen saiatuko dira, jokoaren aldaera honetan sorginek bizitza bat baino gehiago izango dituzte.

“Harrapa ezazu sorgin bat” (Hunt a Hag) modua aplikatzerakoan abilezia guztiak indargabetzen dira eta ezkutaketa ordez, jokoa harrapaketa hutsa bilakatzen da, ehiztariek sorginak korrika heldu behar dituztelarik.

“Sorkuntza” (Creative) modua batez ere jolaslekuak sortzera bideratuta dagoen jokaera da. Beste hainbeste gauzatarako ere erabil daitekeen arren, nagusiki, komunitateak sortutako ingurugiroen iturburua dugu.

Badirudi oraindik erabat bukatuta ez egon arren, denbora batez garatzaileak probatzen egon diren beste modu bat ere badagoela: “Iruzurtia” (Imposterous). Hemen jokalari guztiak itxuraz ehiztariak izango dira, eta hauetako batek ezkutuan sorginaren rola izango du. Modu itxuratian jokatzen ari den sorgina beste ehiztariak zapo edo igel bihurtzen joango da, hau egiten duen bakoitzean minutu erdi itxaron beharko du berriz sorginkeria egin arte. Bitartean ehiztariak lanak edo atazak egiten ibiliko dira eta noizean behin batzar bat ospatuko dute, bukaeran taldeko norbait epaituko dutelarik.

Ez dakit jolas modu hau gaur egun indarrean dagoen. Among Us bezalako joko arrakastatsuen eragina jaso duela pentsatzera eraman gaitzakeela uste dut baina interesgarria izan daiteke.

Ehiztari bezala oso adi jokatu behar da, sorginak edonon egon baitaitezke ezkutatuta.

 

Jostatzeko mundu magikoa

Teklatu eta sagu bidez joka daiteke, eta baita agintea erabiliz ere. Jokoak gaur egun lehen zein hirugarren pertsonan jolastea baimentzen du, kamera aldatzeko aukerak zenbait jauzi hobeto neurtzeko parada eskaintzen du, besteak beste.

Gainera, sorgin zein ehiztari bezala arropa eta itxura desberdin asko izango ditugu aukeratzeko, osagai kosmetiko piloa daude lortzeko. Horretarako jolastea bakarrik eskatuko zaigu, esperientzia lortzen goazen heinean jasoko ditugu. Witch It-ek ez dauka ordainpeko gehigarririk, ez eduki gehiago lortzeko, ezta osagai kosmetiko gehiago lortzeko ere ez.

 Errendimendu aldetik gaur egungo ia edozein ordenagailutan erraz mugi daitekeen jokoa da.

Hainbat urtez jokalari komunitate txikia baina leiala mantendu izan duen bideojokoa dugu. Gaur egun 30 bat pertsona aurkitzen dira normalean jolasten. Zerbitzariak aukeratu daitezkeenez erraz ikusiko dugu zein partida dagoen beteen eta zein dagoen jende gutxirekin.

Pozgarria da gaur egun oso ospetsua egin ez den joko batean hau argitaratu eta zenbait urtera jolasten jarraitzeko abagunea izatea. Jokalari askok, ezezagunekin gustagarria dela onartu arren, betiko lagunekin jolastea gomendatzen dute. Garatzaileek “Dreamland” izeneko debaldeko eguneraketa aurkeztu dute, eta ,honekin batera, ordenagailuko bertsioaz gain, jokoaren kontsoletarako ereduak ere berrituko dituztela adierazi dute.

Halloween estiloan girotutako ingurugiroak ondo nahasten dira jokoaren izaerarekin.

Witch It-ek estetika nahiko alaia eta sinplea du, estiloa karga poligonal txikikoa da eta maila batean “low-poly” deritzoten horretaik hurbil dago. Objektuen azaletan nahita xehetasun maila txikia bilatu dela dirudi, eta hauetako askok “xehetasun pixelatuak” dituztela esan daiteke. Itxura aldetik onargarritzat joz gero, soinu aldetik bere izaerari dagozkion soinuak dauzkala esan genezake. Abestiek ingurugiroarekin bat egiten saiatzen diren  tonu eta erritmoak dauzkate, sarritan ukitu alaiekin eta beste batzuetan misterio zantzuekin.

Errendimendu aldetik gaur egungo ia edozein ordenagailutan erraz mugi daitekeen jokoa da. Gaztetxoenei dagokienean, ezkutaketa eta harrapaketaren alde ludikoaren antzezpen bat dela ulertzen badute, adin batetik aurrerako umeekin jolas daitekeen jokoa dugu, ez dago odolaren agerpenik, ezta indarkeriaren adierazpen nabaririk ere ez.

Ezkutaketa eta harrapaketa bezalako joko sinple baina dibertigarriari aldaera bereziren bat gehitu nahi izatekotan aukera ona eskaintzen du Witch It-ek. Lagunekin zein ezezagunekin bost minutu baino guitxiagoko jokaldi azkarrak eskaintzen ditu. Beste jokalari batzuekin jolastu nahi izatekotan denborapasa sinple eta entretenigarri bat suposatu dezake.