PCan nahiz egungo kontsola guztietan kaleratuko du Koei Tecmo taldeak. Alfa demoa estreinatu dute jadanik.
Team Ninja eta Koei Tecmo taldeek Wo Long 2: Wings of Ember akzio jokoaren kaleratze data finkatu dute: martxoaren 4an merkaturatuko da.
Plataforma anitzetan ikusiko dugu: PCan zein PlayStation 5, Switch 2 eta Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko da. Originaleko borroka azkarrak eta dinamikoak berreskuratzen baditu ere, aldaketa handiak nagusituko direla irakur daiteke garatzaileen adierazpenetan: akrobaziaz betetako dueluak izango dira ardatza.
Testuingurua hiru erresuma txinatarrena izango da berriz. Liu Bei bezalako izen ezagunak entzungo ditugu jokoan, baina, aldi berean, mitologia zein munstro txinatarrak uztartuko ditu Wo Longek. Bere desberdintasunekin, Nioh-ren parekide bilakatu nahian dabiltza. Lehen jokoak askotariko iritziak eta balorazioak jaso zituen: egia da PCko bertsioan errendimendu arazoak kritikatu izan zirela gehienbat, baina originalak bere zaleak edukitzen jarraitzen du.
Bigarrenaren proposamenak interesatuz gero, gaurtik aurrera probatzeko aukera dago, gainera: alfa demoa estreinatu dute PC, PS5 eta Xbox Series bertsioetarako.
Joko osoa datorren urteko martxoaren 4an jasoko dugu, esan bezala, PCan zein PlayStation 5, Switch 2 eta Xbox Series kontsoletan.
Lander Unzueta
Iruzkinak