Koei Tecmo-ren eta Team Ninja-ren bideojokoak Nioh sagaren oinarriak hartuko ditu girotze txinatarrera eramateko.

Team Ninjaren hurrengo titulua 2023 hasieran argitaratuko zela ezagutzen genuen, baina data zehatza jakin gabe. Koei Tecmo argitaletxeak baieztatu egin du orain: Wo Long: Fallen Dynasty martxoaren 3an estreinatuko dute. PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletara iristeaz gain, ordenagailuetan ere ikusiko dugu.

Nioh sagaren oinordekoa dela esan dezakegu —eta hortik abiatuta, Dark Souls-ena—; hori bai, girotze japoniarra alboratu, eta Txinara eramango gaitu Wo Longek. Hiru Erresumen erromantzeko testuingurua izango du ardatz, zehazki.

Gizakien zein piztien —arrunten nahiz mitologikoen— aurka jarriko gaitu magiaz betetako borroka ikusgarrietan parte hartzeko. Sasoi barrarik gabe, guduak bizkorrak eta dinamikoak izango direla agindu dute garatzaile japoniarrek.

Edizio bereziak iragarri dituzte Wo Longentzat. Lehenik eta behin, kaxa metalikoarekin etorriko den edizio berezia daukagu: bi eduki kosmetiko gehigarrirekin iritsiko da.

Bigarrenik, Digital Deluxe Edition-a aurkeztu dute: arte liburu eta soinu banda digitalak, zein DLC sorta zabala bilduko ditu. Zehaztu dutenez, eduki gehigarri horietan kokaleku, etsai, arma eta armadura gehiago jasoko dituzte jokalariek.

Orain gutxi doako proba motza estreinatu zuten, gainera: aparteko balorazioak jaso zituen, jokatu zutenen arteko 80.000 jokalarietako % 89k gustuko izan baitzuen, garatzaileen arabera.

Aipatu modura, Wo Long: Fallen Dynasty martxoaren 3an merkaturatuko da PCan eta kontsoletan.