Datu askorik eman gabe, Xbox-en 25. urteurreneko iragarpenetako bat izan da.
MachineGames garatzaileak eta Bethesda Softworks enpresak, Xboxen babespean, Wolfenstein 3 iragarri dute.
Zehazki, Xbox markaren 25. urteurreneko ekitaldiarekin batera aurkeztutako proiektua da: Asha Sharma Microsoft Gaming dibisioaren arduradun nagusiak “Wolfenstein 3 MachineGamesen ofizialki ekoizpenean” dagoela adierazi du, “bideojokoen frankiziarik esanguratsuenetakoa” dela aldarrikatuz.

Ez dugu irudirik ez bideorik jaso; horren ordez, egileek gidoiaren eta aktoreen mugimendu harrapaketa saioaren argazkiak utzi dizkigute.
2019an argitaratutako Wolfenstein: Youngblood izan zen sagaren azken atal handia —errealitate birtualeko Cyberpilot alboratuta, behintzat—: abentura kooperatiboa porrot hutsa izan zen, balorazio apalak bilduta. Halere, aurreko The New Order nahiz The New Colossus tituluek zale ugari harrapatzea lortu zuten tiroketa frenetikoekin eta istorio ilunarekin. MachineGamesen azken jokoak, Indiana Jones and the Great Circle-k, balorazio baikorrak bildu zituen, baita.
Plataformarik edo kaleratze datarik baieztatu gabe, Wolfenstein 3 ekoizpenean dago ofizialki.

Helix proiektuari begira
Urteurreneko beste gakoetako bat Xboxen hurrengo belaunaldia izan da. Helix proiektu ezagunari buruz mintzatu da Jason Ronald Xboxen belaunaldi berriko lehendakariordea Xboxen 25 urteurreneko aldizkari berezian.
PCaren eta kontsolen arteko mugak hausteko helburuarekin iragarritako gailuaren inguruko datu gehiago eskaini ditu Ronaldek. “Diseinu helmuga oso argia daukagu: Helix zure PCko jokoak mugitzeko gai den kontsola izateko diseinatuta dago”, adierazi du, ondoren beste gako bat uzteko. “Ez da kontsolako jokoak mugi ditzakeen PC bat”.
Zalantzak eta kezkak piztu dira esaldi horrekin. Zale askok Steam Machine edo antzeko gailuen bidea jarraituko zutela uste zuten, Windows sistema eragilea moldatuta, PCra jauzia emateko prest. Horren ordez, ordenagailu izaera alboratu, eta modu mugatuan PCko jokoak exekutatuko dituen kontsolaren aurrean egon gaitezkeela dirudi.
Oraindik asko dago argitzeko, baina, ez bada jomuga aldatu, datorren urtean hasi beharko ginateke lehen informazio eta zehaztapen ofizialak jasotzen.
Lander Unzueta
Iruzkinak