Junji Ito mangakaren lanetan oinarritu da Paweł Koźmiński beldurrezko joko berezi zein bitxia sortzeko. PC-an eta PS4 nahiz Switch kontsoletan jokatu ahalko da.

World of Horroren garapena oztopoz betea egon den arren, azkenik ezagutu dugu bere behin betiko bertsioaren kaleratze data. Paweł Koźmiński garatzaileak datorren urteko udarako prest edukiko duela baieztatu du.

2018an aurkeztutako beldurrezko joko independentearen sarbide goiztiarra aspaldi abiatu zen ordenagailuetan. Hala ere, 1.0 bertsioa plataforma gehiagotara iritsiko da: Switchean nahiz PlayStation 4an merkaturatuko da World of Horror.

Proposamen benetan berezia dakar abentura honek. Prozeduralki sortutako JRPGa izango da: Japoniako hiri txiki batera bidaiatuko dugu bertan. Argi dagoen modura, ez da leku lasaia: denetariko munstroak eta gertakizunak azaltzen dabiltza bertan. Jokalarien helburua horien inguruko misterioa argitzea da, txandakako borroketan parte hartuta eta pertsonai desberdinekin hitz eginda.

Kontuz ibili beharko gara, ordea. Partidak hilik bukatu ahalko ditugu, baina baita zoratuta ere. Jazoerak benetan beldurgarriak izango direnez, gure pertsonaiak erabaki zuzenak hartu beharko ditu misterioa argitu ahal izateko.

Elementu prozeduralak ia alor guztietan azalduko zaizkigu: borrokak, gertakizunak nahiz amaierak prozeduralki sortutakoak izango direla agintzen du Koźmińskik.

Atal estetikoa nabarmentzekoa da, gainera: Junji Ito beldurrezko istorioen mangaka ezagunaren irudietan oinarrituz, bit bakarreko estetikarekin eratu da bideojokoa. Are gehiago: Microsoft Paint programa erabilita prestatu du atal grafikoa berez dentista den Koźmińskik. Gidoi aldetik H.P. Lovecraft idazlearen istorioetan oinarritu da girotzea prestatzeko.

Esan bezala, 2023ko udan kaleratuko da World of Horroren 1.0 bertsioa. Bitartean, Steam bidez sarbide goiztiarrean aritzeko aukera daukagu.