Paweł Koźmiński garatzaileak esplorazioa eta txandakako borrokak roguelike mekanikekin batu ditu indie proiektu berezi honetan.

Beldurrezko istorioak maite dituztenek entzungo zuten World of Horror interesgarriari buruz. 2018an iragarritako joko independente honen garapen prozesua aurrera doa: ia urtebete isilik eman ondoren, Ysbryd Games estudioko arduradunek “eguneraketa erraldoia” agindu dute hilabete honetarako.

Paweł Koźmiński garatzaileak iragarri du 0.9.84 adabakia. Ekarriko dituen berritasunei buruzko zertzelada handiegirik eman gabe, “urrunaldi barkaezina sentitu eta erakutsitako pazientzagatik eskerrak eman” dizkio jarraitzaile guztiei. Izan ere, aldez aurretik “urte gogorra” izan dela aipatu du garatzaile poloniarrak.

World of Horror demo batekin estreinatu zen orain hiru urte; 2019an kaleratzea aurreikusten zen arren, hainbat atzerapen jasan ditu, baina halere interesatuek jokatzeko aukera eduki dute, sarbide goiztiarrean argitaratu baitute Steam eta itch.io saltoki digitalen bitartez. Azkenengo eguneraketa 2020ko urrian kaleratu zuen, denbora sistema eraberritua ezarrita.

Junji Ito mangakaren eta H.P. Lovecraft idazlearen istorioetan oinarritutako abentura da World of Horror. Prozeduralki sortutako istorioak eta egoerak aurkezten ditu: izaki beldurgarriak Japonia inbaditzen dabiltza antzinako jainkoak izartzen doazen bitartean.

Mundua bukatzear dago, eta apokalipsiari aurre egitea baino ez da geratzen. Shiokawa herriko biztanleek jazoera harrigarriak bizi dituzte: hauek ikertzea eta esploratzen aritzea izango da jokalarien helburu nagusia, munstroen aurka txandakako borroketan egiten dutela.

Bit bakarreko pixel art estetika berezia dauka bideo-jokoak: garatzaileak paint programa erabilita sortu du iruditegi guztia; bakarka sortutako abentura da, eta Koźmińskik dentista ofizioan lan egiten du aldi berean.

World of Horrorren behin betiko bertsioak ez dauka argitaratze datarik oraindik; momentuz PCan soilik joka daitekeen arren, kaleratzerakoan PlayStation eta Switch kontsoletara iristea ere aurreikusten da.