Worms sagaren 25. urteurrena ospatzeko asmoz kaleratu ditu hobekuntzak Team 17k. Armageddon orain 21 urte estreinatu zen.
1999an argitaratutako Worms Armageddon klasikoak hainbat hobekuntza eta aldaketa dakartzan eguneraketa jaso du. Team 17 garatzaileak 3.8 bertsioak 370 akats zuzenketa, 45 hobekuntza eta 61 ezaugarri berri gehitu dizkio bideojokoari.
Guzti horiek Steameko bideojokoaren topagunean zerrendatu dituzte. Esaterako, partida bereziak sortzeko aldagailuak ezarri dituzte, tweening deitutako ezaugarria ahalbideratu irudi tasa leunagoa eskaintzeko eta sare bidezko partidetan CPU jokalariak gehitzeko aukera gehitu diote Armageddoni.
Aldaketa horiek gaur egungo ordenagailuek bideojokoari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko prest daudela eman ahal du, baina ez da horrela: bertsio berriarekin Armageddonek Windows 95erako euskarria edukitzen jarraitzen du.
Eguneraketa Worms sagaren 25. urteurrena ospatzeko kaleratu dutela nabarmendu dute garatzaileek. Iraganeko jokoak eguneratzeaz gain, etorkizuneko obrak ere iragarri zituen Team 17k orain gutxi: Worms Rumble battle royalea prestatzen ari dira PC, PS5 eta PS4rako.
Iruzkinak