Forza Motorsport, Redfall, Minecraft Legends eta gehiago erakustea espero da. Starfield kanpoan geratuko da, zoritxarrez.

Aurkezpen handien hutsunea nabari da: aspaldi honetan ez dugu izan Nintendo-ren, PlayStation-en edo Xboxen ekimenik. Hori jakinda, Microsoftekoek Xbox & Bethesda Developer_Direct iragarri dute biharko: orlegien bideojokorik interesgarrienen berri emateko aprobetxatuko dute aurkezpenean.

Bihar 21:00etatik aurrera batuko dituzte hauek guztiak Youtube-tik zein Twitch-etik egingo duten zuzenekoan. Parte hartuko duten estudioen zerrenda zabaldu dute Xboxekoek; ez hori bakarrik, hauek erakutsiko dituzten bideojokoak ere aditzera eman dituzte. Hori horrela, ideia orokorra egin dezakegu aurkezpenaren inguruan.

Lehenik eta behin, Arkane Studios-eko Austingo taldearen hurrengo jokoan sakonduko dute. Redfall tiro joko kooperatiboa 2023ko lehen hilabeteetan argitaratzea aurreikusita dagoenez, behin betiko data zehaztea espero da. Horrez gain, nola ez, suposatzekoa da shooter-ari buruzko informazio nahiz bideo berriak ikusiko ditugula.

Bigarrenik, Turn10-eko lagunen presentzia baieztatu dute Xbxoekoek. Joan den udan iragarritako Forza Motorsport-i buruzko berritasunak ikusiko ditugu, beraz: udaberri honetan kaleratuko dutela agindu zutenez, data zein gameplay bideoak jasoko ditugu bihar ziurrenik.

Hirugarrenik, Mojang-ekoen Minecraft Legends azalduko da berriz. Ezer gutxi dakigu akzioa eta estrategia elkartuko dituen joko bitxiari buruz, beraz informazio gehigarria eskertzekoa izango da. Hau ere aurten kaleratuko dute —edo hori esan zuten iaz—.

Azkenik, aspaldi merkaturatutako The Elder Scrolls Online MMORPG famatuaren eduki berriak iragarriko dituztela dirudi. Are gehiago: aurkezpena bukatuta, ESO ardatz edukiko duen saio berezia egongo dela jakinarazi dute Bethesda-koek.

Lau tituluok nabarmendu ditu Xboxek bere webgune ofizialean; hala ere, zorte pixkatekin obra gehiago ikusteko aukera edukiko dugu bihar gauean. Zoritxarrez, zalantzarik gabe jokorik desiratuena izango dena ez da aurkezpen honetan egongo: itxaron egin beharko dugu Starfield espazioko RPG abenturaren irudi gehiago ikusteko.

Dena den, albiste pozgarria eman diete Bethesdaren lanaren jarratzaileei: Starfieldek aurkezpen propioa jasoko du laster. Ez da harritzekoa, datozen hilabeteetan estreinatzea aurreikusten baita: 2023ko lehen seihilekoan kaleratuko dutela agindu zuten arduradunek.

Aurretik, baina, Xbox & Bethesda Developer_Directarekin geratu beharko gara. Esan bezala, bihar 21:00etan abiatuko dute ekitaldia.