Hodei bidezko zerbitzua Series zein One kontsoletan erabili daiteke; belaunaldi berriko obretara aurrekoan jokatzea ahalbidetzen du.

Microsoft-ek iragarri duenez, streaming bidezko Xbox Cloud Gaming joko zerbitzua kontsoletarako prestatu dute jada, ordenagailuetan zein gailu mugikorretan estreinatu ondoren. Xbox Game Pass Ultimate zerbitzuko harpidedunek erabili dezakete.

Modu horretara, Xbox Series X zein S eta Xbox One kontsoletan hodeitik jokatzeko aukera eskaintzen dute. Zer suposatzen du honek? Jokorik jaitsi gabe aritu ahal izatea. Are gehiago, aurreko belaunaldiko kontsola dutenek egungo kontsoletako joko esklusiboetara joka dezakete: Xbox Wire webgunean aipatzen dutenez RecompileThe Medium edota The Riftbreaker dira Xbox Onean jokatzeko daudenak.

Ez da askorik itxaron beharko Xboxen esklusiborik handienetakoa zerrenda horretara gehitzeko: 2022an Microsoft Flight Simulator-era ere jokatu ahalko dute Oneko erabiltzaileek. 1080p-ko bereizmenera eta 60 fps-ko tasara mugatuta dago zerbitzua, hori bai: ezin daiteke 4K-ra jokatu.

Lagun batek jaitsi gabe daukazun joko batera elkarrekin aritzeko gonbidapena bidaliz gero, esate baterako, Xbox Cloud Gamingekin denborarik itxaron gabe abiarazteko aukera da zerbitzuaren ezaugarri erakargarrienetakoa. Nola ez, erabilera aproposerako Interneteko konexio azkarra eskatzen du.

PC-an zein gailu mugikorretan aspalditik erabili daiteke, baina oraindik beta fasean dago hodei bidezko zerbitzua. Halere, kontsoletarako probak orain bi hilabete hasi zituzten arduradunek Insider-entzako betarekin. Emaitza onak lortu dituztela dirudi, zerbitzua kontsoletara gabonetan helduko zela baieztatu baitzuten pasa den Gamescom azokan.

Hodei bidezko zerbitzu desberdinei buruzko erreportaje zabala idatzi genuen Game Erauntsian: Xbox Cloud Gaming, Google Stadia, PlayStation Now eta besteen arteko desberdintasunak eta ezaugarriak ezagutzeko, sakatu hemen.