Xbox Series X kontsolaren prezioa ere areagotuko da. PC Game Pass-ak ez du aldaketarik jasango.

Microsoftetik Game Pass harpidetza zerbitzuari lotutako albisteak eskaini dituzte: Xbox Game Passaren prezioa igoko uztailean.

Hori horrela, kontsoletako Xbox Game Pass harpidetza arrunta 9,99 eurotik 10,99 eurotara igoko da. Bestalde, Ultimate harpidetzaren prezioa 12,99 eurotik 14,99 eurotara aldatuko da.

Garestitzea epe eta modu desberdinetan emango da erabiltzaile berrientzat edo beteranoentzat. Uztailaren 6tik aurrera harpidetzarik gabeko jokalariek eguneratutako prezioak ordaindu beharko dituzte zerbitzuan izena emanez gero; hilabeteroko harpidetza dutenek, berriz, abuztuaren 13tik aurrera hasiko dira prezio igoera ikusten.

Kari Perez Xboxeko komunikazio arduradunen arabera, “prezio igoera ez dago Activision Blizzard-en bereganatzearekin lotuta”. Horren ordez, merkatu bakoitzeko egoera islatzeko eguneratu dituztela azpimarratu du.

Ordenagailuko jokalariak lasai egon daitezke, momentuz behintzat. PC Game Pass harpidetzan ez da aldaketarik jazoko: hilean 9,99 euroko prezioan jarraituko du.

Kontsoletan ere igoerak ikusiko ditugu, zoritxarrez. 499,99 eurotan merkaturatu zuten Xbox Series X gailuak 549,99 euro balioko ditu abuztuaren 1etik aurrera. Xbox Series S modeloak, berriz, prezioa mantentzen jarraituko du.