2025eko urrian prezio igoera polemikoa iragarri zuen. Call of Duty jokoak ez dira kaleratze egunetik gehituko zerbitzura.
Xboxek eta Microsoftek atzera egin dute. Xbox Game Pass zerbitzuaren prezioa jaisteko erabakia iragarri du taldeak: zehazki, Ultimate nahiz PC Game Pass harpidetzena.
Erabiltzaileek gaurtik aurrera ikusiko dituzte harpidetzaren prezio berriak. Iazko urrian bideratutako prezio igoera polemikoari erantzutea erabaki dute, azkenik: egunotan horren inguruko adierazpenak egin ditu Asha Sharma Microsoft Gaming-en arduradunak enpresaren barne mezuetan, baina aldaketak espero baino lehenago iritsi dira.
Hauek dira eguneratutako prezioak:
- Xbox Game Pass Essential: 8,99 euro hilean (berdin mantentzen da)
- Xbox Game Pass Premium: 12,99 euro hilean (berdin mantentzen da)
- Xbox Game Pass Ultimate: 20,99 euro hilean (26,99 eurotara igo zuten urrian)
- PC Game Pass: 12,99 euro hilean (14,99 eurotara igo zuten urrian)
“Gure jokalariek kokaleku, beharrizan eta gustu ugari dituzte, hortaz, nahiz eta ez den guztiontzako egokiena den eredurik, aldaketokin orain arte jaso dugun feedbackari erantzuten diogu”, adierazi dute prentsa oharrean. “Entzuten eta ikasten jarraituko dugu”.
Prezio aldaketekin, baina, Call of Duty berrienei agur esan diote harpidetzek: CoD jokoak ez dira kaleratze egunetik gehituko zerbitzura. Azaldu dutenez, tiro jokoen frankiziako atal berria estreinatu eta urtebete inguru beranduago ikusiko ditugu Game Passean. Essential eta Premium mailetan egin bezala, alegia.
CoDei lotutako erabakia datorren urtetik aurrera inplementatuko da; zorionez, egun harpidetzetan dauden tituluek bere horretan jarraituko dute.
Lander Unzueta
Iruzkinak