Activision Blizzard-en erosketak Microsoft-ekoen datu ekonomikoak publiko egin ditu. Zerbitzuak 25 milion harpidedun izan zituen urte hasieran.

Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuak Microsoftentzat irabazi nabarmenak sortzen zituela ezaguna zen. Hala ere, etekinen datu zehatzak ezkutuan mantendu dituzte Redmond-ekoek. Hori aldatu egin da orain: Brasilgo Defentsa Ekonomikorako Kontseilu Administrazioak publiko egin duenez, azken zerga urtean 2.9 mila milioi dolarreko diru sarrerak eduki zituen Xboxen zerbitzuak.

Zergatik hedatu dute informazio hori Brasiletik? Activision Blizzarden 68,7 mila milioi dolarreko erosketan dago gakoa. Kontseiluak bereganatzea onartu du, eta horri lotutako dokumentuak eta finantza txostenak publiko egin ditu.

Xboxeko zerga urteko etekinak 16.28 mila milioi dolarrekoak izanik, Game Passarekin soilik horren % 18 eratzen dute.

Harpidedunen kopuruak azken urteetan gora egin duela nabarmendu beharra dago, gainera: urte hasieran 25 milioi harpidedunetara iritsi zen Xbox Game Passa. Urtebete lehenago, 2021ean, 18 milioi erabiltzaile zituen. Hori horrela, ez da aipatu behar egungo zerga urteko etekinak are esanguratsuagoak izango direla.

Nola ez, datu hauek ez digute askorik esaten bestelako informazioa eskuratu gabe: Microsoftek ez du zehaztu zenbat balio duen Game Passa mantentzea, edo zenbat ordaintzen dien garatzaileei beren jokoak zerbitzuan eskaintzeko, besteak beste.

 

Zerbitzua are gehiago bultzatuz

Xboxek argi dauka: Game Passa indartzeko asmoa erakutsi dute azken hilabeteotan. Horri lotuta, zerbitzua gailu desberdinetan eskaintzeko bideak prestatzeari ekin izan diote. Esate baterako, hodei bidezko Xcloud streaming zerbitzuarekin Game Passeko jokoak nabigatzaile bidez joka daitezke mugikorretan, tabletetan zein ordenagailu xumeenetan. Steam Deck-arekin, adibidez, horrela jokatzea posible da.

Hala ere, horretarako erraztasunak ematen jarraituko dute. Horren gakoa Keystone proiektuan dagoela dirudi. Keystone gailuarekin edozein pantaila edo monitore erabilita Xbox Game Passerako sarbidea edukitzea bilatzen dute: Google-n Chromecast erako stick gailua edo kontsola izango litzateke.

Aspalditik izan dugu honen berri, baina atzo bertan lehen aldiz ikusteko aukera eduki genuen. Zehazki, Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak Fallout-en 25. urteurrena ospatzeko sarean zabaldutako irudian ikus daiteke Keystone. Hasiera batean ez du arretarik erakartzen, baina ez da Xbox Series S bat, hori argi dago.

Oraindik proiektuari buruzko xehetasun asko falta dira, noski. Antza denez, erakutsitako gailua prototipoa besterik ez litzateke izango; hori horrela, kaleratzeko oraindik asko falta dela suposa dezakegu.