Xbox Extended Showcase deitutakoan E3tik kanpo gelditu diren estudioek hartuko dute hitza elkarrizketa eta solasaldietan.

Phil Spencer Xboxeko buruak adierazi, duenez E3 2021eko Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpena inoizko ikusiena izan da Redmondekoentzat. Hala ere bideo-jokozaleei erakusteko are gauza gehiago dituzte Xboxekoek, eta horretarako Xbox Games Extended Showcase antolatu dute gaur arratsalderako.

Ekimen honek bestelako kutsu eta dinamika edukiko duela aurreratu dute arduradunek: trailerrak eta iragarpenak bildu beharrean, garatzaileekin eseri eta beraien lanei buruz mintzatuko dira antolatzaileak. Bertan E3tik kanpo geratu ziren hainbat joko zein estudio agertuko dira, baina baita aurkezpenean parte hartu zutenak ere: Double Fine, Obsidian, Ninja Theory, Rare eta gehiago baieztatu ditu Xboxek.

Hori horrela Senua’s Saga: Hellblade II, Avowed, Fable eta E3an agertu gabe geratu ziren hainbat obrari buruzko berritasunak aipatzea espero da ekimen honetan. Forza Horizon 5, The Outer Worlds 2 edota Psychonauts 2 ere agertzea ez zen harritzekoa izango.

Xbox Games Extended Showcase gaur 19:00etatik aurrera emango dute Xboxen ohiko kanaletatik.