Ekitaldiaren ostean zuzeneko misteriotsua egongo dela adierazi dute: ziurrenik, Call of Duty berria iragarriko du Activision-ek.

Xbox Games Showcasearen 2024ko ekitaldiko data daukagu. Iturriek aurreratzen ziguten modura, Redmond-ekoek ekainaren 9an egiteko asmoa agertu dute euren Xbox Wire webgunean.

19:00etan hasiko da azken urteetan Microsoft-en aldetik E3 azokan egiten zuten zuzenekoa ordezkatzera datorren ekimena. Xboxekoen YouTube zein Twitch kateetatik jarraitu ahalko dugu, besteak beste.

Bideojokoei dagokienez, Activision, Blizzard, Bethesda eta Xbox Game Studios taldeetako lanak ikusiko ditugu, nola ez: Xboxek bereganatutako estudio guztien etorkizuneko jokoak ikusteko unea izango da.

Berezitasun misteriotsua iragarri dute, baina, prentsa oharrean. Ohi legez, Xbox Games Showcasearen ostean bigarren zuzenekoa egingo dute; oraingoan, ordea, ez dute aurkeztuko dutena iragarri.

Horren ordez, otso baten irudia ikus dezakegu ezabatutako testuarekin batera. Hau jakinda, Call of Duty berria iragarriko dutela pentsa dezakegu: zehatzago, Black Ops azpisagako atalean lan egiten dabiltza agian.

Ez bada CoD berria, Gears of War sagako hurrengo jokoa erakusteko ekimen berezia ere izan daiteke. Hainbat insider-ek aipatu dutenez, Xboxek aurten aurkeztuko du belaunaldi berriko GeoW, eta ikusi dutenek sekulako itxura duela aurreratu digute.

Dena den, ez da askorik geratzen Xbox Games Showcasea ikusteko: esan bezala, ekainaren 9an, 19:00etan hasiko da zuzenekoa.

 

Summer Game Fest, Ubisoft Forward, eta gehiago

Zorionez, Xboxena ez da izango ekaineko aurkezpen bakarra. Momentuz hainbat enpresek eta taldek baieztatu dituzte eurenak: ohi bezala, Summer Game Fest, Ubisoft Forward eta beste hainbat ikusiko ditugu uda honetan.

Jarraian dituzu orain arte ezagutzera emandako guztiak.

  • Summer Game Fest: ekainaren 7an, 23:00etan
  • Future Games Show Summer Showcase: ekainaren 8an
  • PC Gaming Show: ekainaren 9an, 22:00etan
  • Ubisoft Forward: ekainaren 10ean