Starfield Direct-arekin batera bi orduko aurkezpena egin zuten Phil Spencer-en taldekoek, jokagarritasun bideoak zein trailer zinematikoak bilduta.

Bideojokoen enpresa nagusietako gehienak ekaineko aurkezpenei uko egin die, baina ez da Xboxekoen kasua izan. Ohi bezala, Redmond-ekoak etorkizunean Xbox kontsoletan zein ordenagailuetan kaleratuko diren titulu propioak zein beste garatzaileenak erakusteko Xbox Games Showcasea prestatu dute. Oraingoan, esaterako, Fable, Avowed, Forza Motorsport, eta, nola ez, Starfield erraldoia erakutsi dituzte.

Izan ere, Showcasearen ostean Starfield Direct deitutako zuzenekoari ekin zioten Bethesda-koek. Todd Howard zuzendariak jokoaren mundua —galaxia, hobe esanda—, mekanikak, pertsonaiak eta ontziak sakon aurkeztu zituen, xehetasun guztiak emanda.

Guztira ia bi orduko iraupenarekin, jokoen erauntsia izan zen nagusi Xboxekoenean. Erritmo bikaina mantendu zuten uneoro, trailerrak behin eta berriro erakutsita; gainera, jokagarritasun bideoak zein trailer zinematikoak uztartzeko ohitura izan zuten, interesa mantentzeko ezinbestekoa.

Kanpoko garatzaile eta enpresa handiekin harreman ona edukitzen jarraitzen dutela ere erakutsi zuten: Capcom, SEGA —batez ere, Atlus—, Ubisoft, CD Projekt RED eta beste hainbat talderen lanak bilduta, edozein bideojokozaleren arreta erakarri zezakeen aurkezpena ikusi genuen atzo. Indie obrak ere egon ziren, noski, Thunder Lotus Games, Dontnod, The Chinese Room eta beste hainbaten tituluekin.

Gure laburpenean atzoko titulurik interesgarrienak errepasatuko ditugu. Goazen!

 

Fable

Playground Games garatzen ari den Fable azkenik ikusi dugu, jokagarritasun eszena laburrarekin bada ere. Zinematika luzea izan zen nagusi aurkezpenean, fantasia eta umorea uztartzen dituen saga maitatuaren itzulera desiratua iragarriz.

Ez dakigu noiz estreinatuko den, baina plataformak ezagutu ditugu: Xbox Series kontsoletan eta PC-an jokatuko dugu.

 

South of Midnight

Atzo arratsaldeko ezusteko handietako bat South of Midnighten aldetik etorri zen. Jokalari bakarrarentzako Monster Hunter estiloko bideojokoa izango dela diote prentsa oharrean; girotze aldetik, baina, Compulsion Games-ekoak AEBetako bihotzean kokatutako abentura prestatzen dabiltza.

Xbox Seriesetan eta PCan estreinatuko da, baina argitalpen data barik geratu zen.

 

Star Wars Outlaws

Ubisoft-ek eta bere Massive Entertainment estudioak azkenik erakutsi dute prestatzen dabiltzan Star Wars abentura erraldoia. Outlaws izenarekin, 5. eta 6. filmeen artean kokatuko dela dirudi; bertan, sari ehiztariaren rola beteko dugu.

Esploratzeko mundu irekiak, ontzi gaineko atalak eta gehiago agintzen ditu. Zinematika bakarrik erakutsi zuten, baina gaur arratsaldeko Ubisoft Forward-ean jokagarritasuna ikusiko dugu. 2024an kaleratuko dute Xbox Series, PS5 eta PC gailuetan.

 

Payday 3

Maskarak bueltan dira: Payday 2 maitatuaren jarraipena lehen aldiz mugimenduan erakutsi zuten Xboxekoenean Starbreeze Studio-koek. Lapurretak, eta, gehienbat, tiroketa bizkorrak dira nagusi Payday 3n.

Irailaren 21ean helduko da Xbox Seriesetara, PS5era zein PCra.

 

Persona 3 Reload

Nahi gabe aldez aurretik filtratu bazen ere, Xbox Games Showcaseko izarretako bat izan zen Persona 3ren berregitea. Atal grafiko zaharberrituarekin, historiako JRPGrik maitatuenaren itzuleraren aurrean gaude. Atlusekoek aditzera eman dutenez, ez dute FES zein P3P bertsioetako edukirik gehituko, beraz hainbat ezaugarri faltan botako ditugula dirudi.

2024 hasieran estreinatuko da Xbox Series, Xbox One eta PCan —bestelako kontsoletara iristea ere espero da—.

 

Avowed

Avowed 2020an iragarri ostean, azkenik iritsi da Obsidian Entertainment-ekoen lan berria ikusteko unea. Skyrim-en oinordekotzat sortu zen arren, beste kutsu bat hartu du azken urteotan. Fantasia ardatz duen abenturan borrokak nagusi izango direla pentsa daiteke bideoa ikusita, baina Obsidianen lana izanik hizketaldiak eta erabakiak ere espero ditugu.

2024an jokatuko dugu Xbox Seriesetan nahiz ordenagailuetan.

 

Sea of Thieves

Eguneraketentzako lekua ere egon zen Xbox Games Showcasean. Rare-ko beteranoen Sea of Thieves ikaragarriak klasiko batean girotutako edukiak jasoko ditu: Guybrush Threepwood pirataren munduan murgilduko gara The Legend of Monkey Island espantsioarekin. Sekulako oparia zaleentzat. Are gehiago, doakoa dela kontuan hartuta.

Pirata tripulazioen abentura berriak uztailaren 20an hasiko dira.

 

Microsoft Flight Simulator 2024

Espantsioekin jarraituz, hegazkinen simulatzailerik onenak ere eduki berriak jasoko ditugu. Flight Simulatorrek izena aldatu —ez dakigu zer suposatzen duen 2024 horrek— eta erronkak zein misioak gehituko ditu. Erreskate lanak, lasterketak eta bestelakoak biziko ditugu zeruan. Gainera. Dune liburuetako eta filmeetako helikoptero ezaguna ere gaineratuko dute.

Edukiok datorren urtean iritsiko dira Asobo-ren bideojokora.

 

Senua’s Saga: Hellblade II

Ninja Theory-koek Hellblade II izugarria berriz erakusteko aprobetxatu zuren Showcasean. Trailer zinematikoa ekarri zuten, baina ikustea benetan merezi duten horietakoa. Senuaren mundu kaotikoan barneratuko gara berriz bigarren abenturan: magia zein buru gaixotasunak uztartuko ditu atal grafiko ikusgarriarekin.

Hellblade II ere 2024an jokatzeko aukera edukiko dugu; Xbox Seriesetarako eta PCrako merkaturatuko dute.

 

Like a Dragon Infinite Wealth

Ichiban Kasuga alaia eta zintzoa Yakuza Like a Dragonen jarraipenarekin dator: zortzi azpititulua jarri beharrean, Infinite Wealth deitu diotela dirudi —zortzi okerrarekin mugagabearen ikurra eratu dute—. Herrialdez aldatuko garela ikus daiteke bideoan: Hawaii-ra joango garela dirudi. Ziurrenik une labur baterako izango da, halere. JRPG mekanikak ikusiko ditugu berriro Ichibanekin.

2024 hasieran hasiko dugu yakuzen abentura berria: Ryu ga Gotoku Studios-en lana Playstation eta Xbox kontsoletan zein PCan estreinatuko da.

 

 

Path of the Goddess

Capcom-en logoa ikusi bezain laster Onimusha-n pentsatu genuen, baina IP guztiz berria da Kunitsu-Gami: Path of the Goddess interesgarriarena. Akzioa Pikmin edo The Wonderful 101 bezalako jokoen mekanikekin uztartuko duela pentsa daiteke: samurai zibernetiko antzekoa kontrolatuko dugu Erdi Aroko Japonian, deabruak eta munstroak elkartuta. Aurkezpeneko jokorik berezienetakoa izan zen, zalantzarik gabe.

Ez dakigu noiz estreinatuko den, ezta plataformak ere.

 

Forza Motorsport

Forzakoen zortzigarren atalaren bideoak Le Mans lasterketa lehiatu berri zela aprobetxatu zuen. Menuak, autoak pertsonalizatzeko aukerak eta bestelakoak erakutsita, 500 bat kotxe bilduko dituela dakigu. Xbox Games Showcase Extended-ean are gehiago erakutsiko dute bihar bertan.

Forza Motorsport urriaren 10ean estreinatuko da Xbox Series kontsoletan zein PCan.

 

Jusant

Dontnodeko indieak jarraitu beharra dago, eta hori da Jusant interesgarriaren kasua. Eskalatzea izango da mekanika nagusia abentura koloretsu honetan. Hormetatik zehar bideak hartu zein prestatu, eta abilezia bereziei esker gora egiten ibiliko gara.

Urte bukaeran jokatzeko aukera edukiko dugu, baina plataforma guztiak ezagutzera falta zaigu: Xbox kontsoletan jokatuko dugu, hori bai.

 

Still Wakes the Deep

Indiekin jarraituz, The Chinese Roomekoek Still Wakes the Deep itxurosoa zein beldurgarria iragarri zuten atzo arratsaldean. Petrolio plataforman kokatuko da, eta ez dakigu zer aurkituko dugu bertan: ikarak eta ezustekoak aurkituko ditugu, zelan ez.

Datorren urte hasieran eskuratu ahalko dugu, momentuz Xbox kontsoletan.

 

Cyberpunk 2077: Phantom Liberty

Ez geneukan aurreikusita, baina ez zen inolako ustekabekoa izan: Keanu Reeves aktorea bere Johnny Silverhand pertsonaiari bizia ematera animatu da berriz Cyberpunk 2077ren Phantom Liberty espantsioan. Istorioa pixkat gehiago ezagutu genuen, baita gune berriak ikusi ere. Aldaketa esanguratsuak datozela dirudi, eta gu prest gaude berriz CD Projektekoen munduan barneratzeko.

Irailaren 26an egingo dugu belaunaldi berriko kontsoletan zein ordenagailuetan.

 

Cities: Skylines 2

Hirien eraikuntza eta kudeaketa bueltan da Colossal Order-ekoen eskutik. Badakigu zer aurkituko dugun Cities: Skylines sarituaren jarraipenean, baina sekulako itxura daukala aitortu beharra dago. Eraikinak, errepideak eta bestelakoak sortzea nahiz prestatzea inoiz baino errazagoa izango da, baina bere erronkak ere aurkeztuko ditu.

Urriaren 24tik aurrera hasiko gara gure hiriak eraikitzen Xbox zein PS5 kontsoletan eta ordenagailuetan.

 

Metaphor: ReFantazio

Atlusekoek ez dute atsedenik hartzen, antza. Persona 3 Reload berregitea eta Persona 5 Tactica spin-off abentura aurkeztuta, aspaldi aipatutako Metaphor: ReFantazio mugimenduan erakutsi zuten azkenik. Era batean, Personako munduari fantasia elementu gehiago gehitu dizkiotela esan daiteke. Ikasgelan jarraituko dugula dirudi, baina Shin Megami Tensei zertzeladak are nabarmenagoak izango dira txandakako borroketan.

2024an kalratuko dute SEGAkoek, oraingoz Xbox Series eta PC plataformetan.

 

Clockwork Revolution

Steampunk unibertso erakargarria sortzen dabiltza inXile Entertainment-ekoak Clockwork Revolution berrian. Tiroketak izango dira nagusi, baina erabakientzako tartea ere egongo dela pentsa daiteke, istorioa aldatzen ibiltzeko aukerak egongo baitira. Lehen pertsonako shooter honetan magiak ere ikusiko ditugu.

Ez dugu oraindik ikusiko, zoritxarrez,ez baitauka kaleratze datarik.

 

Starfield

Xbox Games Showcasean zein osteko Starfield Directean sakon ibili ziren aurtengo Microsoften bideojoko nagusiarekin. Badakigu Starfield zertan datzan: espazioko Elder Scrolls edo Fallout dugu. Horixe bera ikusi genuen atzoko irudietan: esploratzeko galaxia erraldoia izango dugu jokoan. Armetan, istorioan, abilezietan, pertsonaietan eta, nola ez, gidatuko ditugun espazio ontzietan sakondu zuten Todd Howarden taldekoek.

Irailaren 6an hasiko da gure espazioko abentura: Xbox Seriesetan zein PCan abiatuko dugu.

 

Aipatutako guztiarekin bideojoko gehiago ikusteko gogoekin geratu bazara, Xbox Games showacse osoan are titulu gehiago erakutsi zituzten: