Aginteak eta gehigarriak mugatuko dituzte “errendimendua eta segurtasuna” mantentzeko: tranpatien aurka egin nahi dute.

Xbox hirugarrenen periferikoak blokeatzen hasi da bere kontsoletan. Zehazki, Xboxek onartu gabeko aginteak edo gehigarriak erabili ezinik uztea erabaki dute.

0x82d60002 errore kodea azaltzen da dagoeneko blokeatutako mandoak, teklatuak zein bestelakoak konektatzerakoan; dena den, azaroaren 12tik aurrera eguneratuko dute kontsola erabiltzaile guztientzat.

Kodearekin batera agertzen den mezuan sakatuz gero, Xboxekoen periferikoen zerrendara bidaltzen gaituzte: mando ofizialak zein PowerA, 8BitDo, Razer edo Recon bezalako marken gailuak ikus daitezke bertan.

Horrela, “Xboxentzat diseinatua” eranskailua daramaten periferiko ofizialak baino ezingo dira erabili Xbox Series X eta S kontsoletan.

Erabakia “errendimendua eta segurtasuna” mantentzeko helburuarekin hartu dutela diote Redmond-ekoek. Hau da, XIM, Cronus Zen eta ReaSnow S1 bezalako erremintak erabiltzen dituzten tranpatien aurka egin dute, hauek zuzenean aipatzen ez dituzten arren.

Hala ere, tranpak egiteko baino, beste esperientzia eta laguntza batzuk eskaintzen dituzten periferikoei ere eragingo die erabakiak. Brook Gaming markaren aginteen kasua da: borroka jokoetarako arkade stick-ak sortzen dituen enpresa ezagunak bere hainbat mandoren euskarria eta bateragarritasuna bertan behera geratuko dela aldarrikatu du. Gauza bera gertatuko da antzeko marken aginteekin.

Ikusteko dago hirugarrenen markek eranskailu ofiziala lortu ahalko duten, edo Xboxekoak zerrenda mugatuarekin mantenduko ote diren.