Xbox Series zein One kontsoletako diskoak lizentzia digital bilakatzen ditu. Play Anywhere nahiz Cloud Gaming ezaugarriak erabil ditzake.

Xboxek diskotik digitalera (disc-to-digital) ezaugarria iragarri du. “Laster” iritsiko den funtzionalitateak joko fisikoak digitalizatzeko balioko du.

Zurrumurruek aurreratu bezalaxe, Xbox Series eta Xbox One kontsoletako jokoekin funtzionatuko duen aukera izango da. Diskoak Xbox kontsola batean sartuta, erabiltzailearen kontuan lizentzia digitala aktibatuko dugu, jokalariari joko horretan digitalki jokatzea ahalbidetuta; hau da, diskorik gabe. Diskoak funtzionatzen jarraituko duela diote Microsoft-etik, fisikoki ere jokatu ahal izanik.

Kontsola hauetako joko gehienekin funtzionatuko duen ezaugarria dela aurreratzen dute arduradunek. Gainera, Xboxen ezaugarri bereziek funtzionatuko dute bertsio digital berri hauekin: Xbox Play Anywhere nahiz Xbox Cloud Gaming zerbitzuek, esate baterako.

Horrekin batera, Xboxerako erositako joko fisikoak PCan aktibatzeko aukera ere eskaintzen dabiltza, tituluak PCko bertsioa duen bitartean.

"Teknologiak, gailuek eta banaketa aldatzen jarraitu ahala, jendeak dituen bideojokoetarako sarbidea mantentzeak inoiz baino garrantzia handiagoa dauka", diote Xboxetik.

Esan bezala, funtzionalitatea “laster” helduko da erabiltzaile guztiengana; aldez aurretik, Xbox Insider programako erabiltzaileek abuztuaren 31tik aurrera probatzeko aukera edukiko dute.