Insider programaren erabiltzaileek proba dezakete dagoeneko: diseinua sinplifikatu gura izan dute arduradunek.

Xbox kontsolek interfazearen diseinu zaharberritua jasoko dute laster, Microsoftetik jakitera eman dutenez. “Ehundaka aukera diseinatu, prototipoak findu eta erabiltzaileekin probatu” dituztela adierazi dute prentsa oharrean.

Zehazki, eguneratutako atala kontsolen “Etxea” gunea da. "Microsoft Store, Xbox Game Pass, bilaketak zein aukerak ataletan nabigazio erabilerraza” eskaintzeko lanean ibili dira; hau sarbide azkarreko menuaren bidez lortu dute. Jakinarazpenen sistema ere txukundu dutela azpimarratu dute Xboxekoek.

Gainera, diseinu orokorra sinplifikatu dute, laukiak txikiagotuz eta hauek behealdera mugituz: erabiltzaileek hondoaz gozatzeko leku gehiago daukate orain.

Bukatzeko, menuan aukeratzen dugun jokoaren ilustrazioak erakusten dituen aukera dinamikoa inplementatu dute.

Aipatutako guztiak fintzen dabiltza une honetan; hori dela eta, Insider programaren erabiltzaileek soilik proba dezakete interfaze berria. Zehazki,  Alpha Skip-Ahead nahiz Alpha mailetako jokalariek ikusiko dute eguneraketa.

Xboxetik ez dute jakinarazi interfaze eraberrituaren behin betiko kaleratze data, baina laster iritsiko dela suposatzekoa da.

 

Gonbidatu lagunak zure partidetara

Bestalde, PC Game Pass zerbitzua hedatzen laguntzeko aukera berria iragarri dute Redmond-ekoek. Xbox Game Pass-eko lagunen igortze sistemarekin zerbitzuaren harpidedunek ordenagailua erabiltzen duten bost lagun gonbidatzeko aukera edukiko dute.

Gonbidatuek 14 eguneko doako proba izango dute: espero modura, Game Passeko titulu guztietan jokatzea ahalbidetzen du eskaintzak.