Xbox Live Gold harpidetzak bere horretan jarraituko du, bi zerbitzuak desberdintzen laguntzeko helburuarekin.

Izenez aldatu dute 100 milioi erabiltzaile dituen Xbox Live zerbitzua: aste honetatik aurrera Xbox Network bezala ezagutuko da Microsoften kontsoletako sareko zerbitzua.

The Verge webguneak jakitera eman duenez, “online zerbitzu hau eta bere ondoan dagoen Xbox Live Gold harpidetza zerbitzua desberdintzeko” egin dute aldaketa dela adierazi du Microsoftek. Hori horrela, Gold harpidetzak ez du inolako aldaketarik jasan izenari edo prezioari dagokionez.

Aldaketa astelehenean eman zen inolako abisurik gabe. Erabiltzaileek Network izena irakurrita hasi zen albistea zabaltzen sareetan. Hori horrela, hemezortzi urtez Xbox Live bezala ezagutu den zerbitzuak bere izena atzean utzi du azkenean.

 

Game Passaren erabiltzaileek %20 bat gehiago ordaintzen dute

Microsoften kontsoletarako sareko zerbitzuekin jarraituta, Xbox Game Pass harpidetza ardatz duen ikerketa argitaratu du Forbes aldizkariak.

Bertan nabarmentzen dutenez, Xbox Game Passeko harpidedunek zerbitzu hau erabiltzen ez dutenek baino %20 bat gehiago ordaintzen dute bideo-jokoetan. Honen barne sartzen dira mikrotransakzioak zein joko osoak.

Gehiago ordaintzearekin batera, harpidedunen jokatzeko epea %30 batean luzatzen da, eta %40 batean aritzen dira genero desberdinetako jokoetara. Sara Bond Microsoften exekutiboak azaltzen duenez, “Netflix bezalako harpidetza zerbitzuek bideoak soilik ikusten uzten dizute, hor bukatzen da monetizazio zikloa”. Bideo-jokoetan berriz, “jokoaren baitan eros ditzakezun askotariko produktuak daude, eduki gehigarriak”.

Hori horrela, “bideo-jokoen Netflix izan beharrean”, Xbox Game Passa “errentagarritasun aukera desberdinak” eskaintzen dituen zerbitzua da Microsoftentzat. Redmondekoen hitzetan, 18 milioi harpidedun dituzte une honetan kontsola bat duten 200 milioi erabiltzaileen artean.