Zuzeneko mota berria iragarri dute Redmond-ekoek: 20 minutu inguruk iraupena edukiko duela diote.

Xboxekoek Partner Preview izeneko aurkezpena aditzera eman dute. Hirugarrenen bideojokoei zuzendutako ekimena izango da; hortaz, kanpoko garatzaile handien zein independenteen lanak erakusteko asmoa daukate. Bihar egingo dute lehena: Alan Wake 2, Like a Dragon: Infinite Wealth edo Ark: Survival Ascended azalduko dira bertan.

“Ikuskizun mota berri honek indie bideojokoen nahiz kanpoko kideen sona handiko obrak elkartuko ditu”, azaldu dute prentsa oharrean. Nola ez, Xbox eta PC plataformetarako jokoetan ardaztuko dira, baita Game Pass harpidetza zerbitzuan argitaratuko dituzten tituluetan ere.

Bihar 19:00etan hasiko dute zuzenekoa; guztira, 20 minutuko iraupena izango duela aurreratu du talde estatubatuarrak. Xboxekoen YouTube eta Twitch kateetatik jarraitu ahalko dugu.

Formatu berriarekin bideojokoen iragarpenak eta zuzenekoak ugaritzea bilatzen dute, ekimen motzagoak eta zehatzagoak eginez; izan ere, Xboxek dagoeneko zenbait aurkezpen mota eduki ditu. Orain arte Xbox Games Showcase, Xbox & Bethesda Developer_Direct edo ID@Xbox bezalako emanaldiak eskaini dituzte, besteak beste.