Persona 3 Reload-en espantsioa, S.T.A.L.K.E.R. originalen kontsolako bertsioak eta beste dozena bat joko bildu dituzte Microsoft-ekoek.

Xboxek Partner Preview aurkezpena egin du. Ordu erdiko egitasmoak hasiera batean aipatutako Tales of Kenzera: Zau, Kunitsu-Gami: Path of the Goddess eta The First Berserker: Khazan zein beste hainbat bideojoko ezagutzeko balio izan digu.

Hirugarrenen jokoei zuzendutako ekimenak denetariko lanak elkartu ditu, izan ere. Atlus Persona 3 Reloaden berritasunak eskaintzeko igaro da, adibidez, eta GSC Game World talde ukrainiarrak S.T.A.L.K.E.R. saga maitatua lehenengoz kontsoletara eramango duela baieztatu du.

Errepasa ditzagun aurkeztutakoak:

 

Tales of Kenzera: Zau

Electronic Arts-en aterpean sortutako metroidvania bereziak abileziak, mundua zein erronkak erakutsi zizkigun. Girotze afrikarra izango da nagusi Tales of Kenzera: Zaun; afrikar tribu desberdinetako folklorean zein estetika oinarritu dira Surgent Studios taldeko sortzaileak.

Gutxi falta da jokatu ahal izateko: apirilaren 23an estreinatuko da Xbox Series, PC, Switch zein PlayStation 5 plataformetan.

 

Kunitsu-Gami: Path of the Goddess

Capcom-ekoak abentura bitxia berriz erakustera pasa ziren aurkezpenetik. Ezer gutxi genekien Kunitsu-Gami interesgarriari buruz, eta zalantza asko argitu dizkigute. Deabruz jositako mundura bidaiatuko dugu: girotze eta folklore japoniarra ditu ardatz, baina halere estetika berezia sortzea lortu dute egileek.

Borroka eta estrategia uztartzen dituen abentura dela esan daiteke, kudeapen elementuekin. Egunez gure herrixka zaintzen eta hobetzen ibiliko gara, biztanleei kargu desberdinak ematen dizkiegun bitartean; gauez, baina, zitalen aurkako borroketan parte hartuko dugu.

Aurten kaleratuko dute, eta, Xboxen kasuan, Game Pass zerbitzuan argitaratuko da. PCan eta PS5ean ere ikusiko dugu.

 

The First Berserker: Khazan

Nexon estudio hego korearrak DNF frankizia ezagunaren mundua hartuko du akziozko RPG itxurosoa prestatzeko. The First Berserker: Khazan soulslike abentura izango dela dirudi, itxura batean behintzat: duelu latzak eta zailak biziko ditugu.

Anime estetika ikusgarriarekin berotu gaitu, baina argitaratze data aipatu gabe geratuta, azkar batean hoztu gara. Xbox eta PlayStation kontsoletan nahiz PCan jasoko dugu, hori bai.

 

Persona 3 Reload: The Answer

Aurkezpeneko izarretako bat Persona 3ren berregite bikaina izan zen. Joko originalak jasotako The Answer espantsioa falta zuren P3 Reloadek, eta Atlusek hau ere berregiten dabiltzala baieztatu zuen.

Episode Aigis: The Answer irailean iritsiko da: jatorrizko lanaren istorioa ixteko balioko digu, jokagarritasunean aldaketa nabarmenak inplementatuta. Aurretik, gainera, soinu banda eraberrituak eta jantziak jasoko ditu JRPG tituluak.

 

S.T.A.L.K.E.R. Legends of the Zone Trilogy

S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl-en itxaronaldia luzea da, baina zaleak lasaitzeko iragarpen berezia egin dute GSC Game Worldekoek. Kontsoletan lehen aldiz estreinatuko dituzte S.T.A.L.K.E.R.: Shadow of Chernobyl, S.T.A.L.K.E.R.: Clear Sky eta S.T.A.L.K.E.R.: Call of Pripyat klasikoak.

Xbox Series eta Xbox One kontsoletako bertsioak kaleratu dituzte dagoeneko; PlayStationeko bertsioak, Gematsu agerkariaren arabera, ekainaren 27an helduko dira.

 

Unknown 9: Awakening

2020ko Gamescom azokan aurkeztu zuen Unknown 9: Awakening Bandai Namco taldeak, eta ordutik hona ez dugu berriz ikusi. Sasoi onean dabilela erakutsi dute Xboxekoen ekitaldian: akzioa eta isilpea batzen dituen joko ikusgarria dugu.

Gure protagonistak —Anya Chalotra aktoreak jartzen dio aurpegia, The Witcher telesaileko Yennefer-ek— arerioen gorpuak kontrolatzeko ahalmena edukiko du; horri esker, borroka sistema berezia eskainiko digu tituluak. Uda honetan kaleratuko dute Xbox Series, PC eta PS5 gailuetan.

 

Frostpunk 2

11 bit studios-en kudeaketa tituluak jokagarritasun mekanikak orain gutxi ezagutzera eman zituen, eta atzoko aurkezpenetik PCko bertsioaren argitaratze data baieztatzeko igaro zen: uztailaren 25eko beroak uxatzeko etorriko da.

Xbox eta PlayStation kontsolek ere jasoko dute Frostpunk 2, baina beranduago iritsiko da; horri lotuta, erreserbak abian jarri dituzte, eta Xboxekoen erosten dutenek beta bertsioa probatu ahalko dute apirilean.

 

Final Fantasy XIV

Square Enix japoniarraren MMORPG bikaina Xboxera iritsiko da martxoaren 21ean, beta fase arrakastatsua izan ondoren.

Espantsio guztiekin iritisko da Microsoften kontsola berrienera. Xbox Game Pass Ultimate-n harpidedunek Starter Edition mugatuan —Heavensward and Stormblood espantsioak biltzen ditu— jokatu ahalko dute.

 

The Sinking City 2

Frogwares taldeak The Sinking Cityren jarraipena iragarri zuen Xboxenekoan. Trailer zinematikoak argi uzten du: beldurra nagusituko da oraingoan.

Datorren urtera arte itxaron beharko dugu jokatzeko; beraz, aurretik jokagarritasun bideoak ikusi beharko genituzke. Xbox Series, PS5 eta PC plataformetan merkaturatuko dute.

 

Creatures of Ava

Inverge eta Chibig estudio valentziarrek abentura berria aurkeztu dute: Creatures of Ava. Hemen Ava izeneko planetara bidaiatuko dugu bertako fauna titulu koloretsuan eta ederrean ikertzeko zein aztertzeko.

Aurten estreinatuko dela diote, eta, printzipioz, Xbox Series nahiz PC gailuetarako prestatzen ari dira.

 

The Alters, Sleight of Hand eta Monster Jam Showdown

Xbox Partner Previewarekin bukatzeko The Alters, Sleight of Hand eta Monster Jam Showdown aurkeztu zituzten. Hemen dituzue bideoak:

Emanaldi osoa berriz ikusi nahi baduzue, jarraian daukazue: