Phil Spencer, Sarah Bond eta Matt Booty arduradunek parte hartuko dute. Microsoft-en bideojokoek beste plataformetara eramango dituztela iragartzea espero da.

Xboxek ekimen berezia egingo du etzi. Enpresaren eta markaren etorkizuna hizpide izango dituen podcast saioa iragarri dute Microsoftekoek.

Ostegunean 21:00etan hasiko dute ekitaldia: YouTube zein podcast plataforma desberdinetatik jarraitu ahalko da. Phil Spencer Microsoft Gaming-eko zuzendariak, Sarah Bond Xboxeko arduradun nagusiak eta Matt Booty Xbox Game Studios-eko zuzendariak parte hartuko dute.

Spencerrek pasa den astean iragarritako ekimena izango da; izan ere, hainbat hedabidek eta insider-ek zabaldutako zurrumurruei eta filtrazioei erantzutera bideratuta dago. “Xboxen etorkizunaren ikuspegia partekatzea” dute helburu nagusitzat.

Zein da etorkizun hori? Adituen arabera, Xboxen bideojokoak gainerako kontsoletara eramatea. Starfield, Gears of War edo Sea of Thieves bezalako AAA frankiziak PlayStation edo Nintendo gailuetan argitaratuko dituztela diote iturri desberdinek, Microsoftekoen bideojokoen negozio eredua zeharo aldatuz.

Etzi ezagutuko dugu, dena den, Xboxekoek esateko daukatena. Xboxen podcast ofiziala 21:00etan hasiko da.