“Hainbat eragileren ondorioz” berandutu dute Master Chiefen jokoa. Horien artean koronabirusak eragindako pandemia aipatzen dute.
Agindu bezala, Xbox Series X aurten estreinatzeko asmoarekin jarraitzen du Microsoftek. Azaroko zehaztu gabeko egun batean ikusiko dugu belaunaldi berriko kontsola. Hala ere, kontsolarekin batera iritsi behar zen joko nagusia atzeratzeko erabakia hartu dute arduradunek: Halo Infinite ez dugu ikusiko datorren urtera arte.
343 Industrieseko Chris Leek azaldu du erabakiaren zergatia Haloren webgunean. Leeren arabera “hainbat eragileren ondorioz eratutako garapen erronkengatik” hartu dute Halo Infinite atzeratzeko “erabaki zaila”. Eragile horien artean COVID-19a aipatzen du, baina zaleengandik jasotako kritika gogorrek ere eragina izan dutela susma daiteke.
Izan ere Xbox Games Showcase aurkezpenean erakutsitako gameplay trailerra ez zen askoren gustokoa izan; nola ez, meme kopuru erraldoia ekarri zuen horrek.
Milaka bideojokotarako prest
Halo Infinite Series Xrekin batera ikusiko ez dugun arren, aurten kontsola berriarentzako “50 bideojoko” izango ditugula gogoratu du Microsoftek Xboxen blogean: Assassin’s Creed Valhalla, Yakuza: Like a Dragon edo Watch Dogs: Legion daude horien artean.
Gainera, Xbox Onerako argitaratutako 40 bat obrak hobekuntza grafikoak jasoko dituzte Series Xrako. Retrobateragarritasunari esker, “lau belaunalditan banatutako milaka jokotara” aritu ahalko dela nabarmendu dute, bukatzeko.
Xbox Series X soilik aipatzen jarraitzen duten arren, aste honetan bigarren kontsolari buruzko xehetasun txiki bat ere ikusi da sareetan. Belaunaldi berriko agintearen kaxa filtratuta, Xbox Series X eta Xbox Series S kontsoletarako euskarria edukiko duela ikusi daiteke. Hori horrela, “Lockhart” deitutako modeloa baieztatzen da, Series Xren bertsio merkea.
Iruzkinak