Bideo-joko berririk iragarri gabe geratuko direla diote Phil Spencer-en taldekoek, baina halere hainbat ezusteko espero dira aurkezpenean.

Orain 20 urte iritsi ziren lehen Xbox kontsolak AEBetako saltokietara. Haiekin batera izan zen kontsoletako tiro jokoak eraberrituko zituen Halo: Combat Evolved ezaguna. Bi hamarkadetako ibilbidea gogoratzeko eta ospatzeko Xbox Anniversary Celebration izeneko zuzenekoa egingo du gaur Microsoftek.

19:00etan hasiko dute Xboxen Twitch-eko, Facebook-eko eta Youtube-ko kanaletan. “Hunkituta gaude mugarri hau zurekin batera bizitzeko Xboxen azken 20 urteetako unerik gogoangarrienak ospatzen ditugun bitartean”, idatzi du Xbox Wire webguneko Will Tuttle zuzendariak.

Ez dute askorik zehaztu, baina ziurtatu dutenez ez da bideo-joko berrien iragarpenik egongo zuzenekoan. Dena den, era guztietako trailerrak, ezustekoak eta berritasunak espero dira horren urteurren berezia izanik. “Datorren 20 urteetan jokatzen jarraitzen dugula ikusteko dagoena ezagutzeko irrikan gaude”.