Shulk, Rex eta bestelako heroiak itzulera ikus daiteke MonolithSoft-ek zabaldutako azken trailerrean.

Nintendo-k eta MonolithSoftek aditzera eman dutenez, Xenoblade Chronicles 3 JRPG abenturaren Future Redeemed eduki gehigarria apirilaren 25ean merkaturatuko dute.

Zehazki, expansion pass-eko laugarren atala izango da: orain arteko DLC-rik handiena izango da jokoarentzat.

Oinarrizko jokoan ikusitako jazoeren aurreko gertakizunak kontatuko ditu espantsioak; hau da, Xenoblade Chronicles 3n ikusi gabeko heroiak azalduko dira bertan. Batzuk berriak, beste batzuk ezagunak: trailerrean aurreko bi jokoetako Shulk eta Rex protagonistak ageri dira nagusitan, besteak beste.

Modu horretara, itxura batean banatuta dagoen hiru bideojokoen gidoia lotzea bilatzen dute japoniarrek, orain arteko hariak itxita.

Berritasunak ez dira istoriora mugatuko, ordea: mekanika berriak ere aurkeztuko ditu espantsioak. Nabarmenena Unity Combo deitutako erasoa da: hau erabilita bi pertsonaik mugimendu hilgarria egingo dute elkarrekin.

JRPG frankiziaren hirugarren atalak balorazio bikainak jaso zituen bai prentsaren, bai bideojokalarien aldetik, aurreko tituluekin gertatu modura. Esan bezala, pertsonai guztien abenturak itxiko dituen Future Redeemed espantsioa apirilaren 25ean iritsiko da Nintendo Switch-eko lanarentzat.