JRPG abentura Switch 2an estreinatuko da 2027an. Istorio guztiz berria aurkeztuko du.

MonolithSoft estudio japoniarrak Xenoblade Genesis iragarri du Nintendo Direct emanaldian.

Switch 2ko esklusiboa izango da: datorren urtean argitaratzeko asmoa agertu dute. Aurreko Xenobladetatik aldendu, eta fantasiazko Erdi Aroan girotuko dela dirudi, istorio berria kontatuta.

Anime estetikarekin itzuliko dira, mundu bitxi bezain ederra aurkezteko. Trailerrean kokalekuak zein pertsonaiak erakutsi dizkigute, jokagarritasun atalekin; halere, borrokak ikusi gabe geratu gara.

 

Xenoblade Chronicles guztiak Switch 2ra

Genesisekin batera, aurreko Xenoblade Chronicles guztiek Switch 2 bertsioak jasoko dituztela aditzera eman dute Monolithekoek.

Xenoblade Chronicles: Definitive Edition, Xenoblade Chronicles 2 eta Xenoblade Chronicles 3 1080p bereizmenean eta segundoko 60 fotogramako tasan jokatzea ahalbidetzen duten eguneraketak izango dira, atal grafikoa ere nabarmen txukunduz.

Xenoblade Chronicles – Definitive Edition: Nintendo Switch 2 Edition-ek ekipamendu berria, orain arte ikusi gabeko ibilgailua eta hizketaldi berriak gaineratuko ditu. Adabakia gaur bertan estreinatuko da; bertsio fisikoa, bestalde, uztailaren 30ean iritsiko da saltokietara.

Xenoblade Chronicles 2: Nintendo Switch 2 Edition-ek, bestalde, Blade berria, honentzako misioa, eta une batzuetan hauek zuzenean kontrolatzeko aukerak gehituko ditu, baita Pyra eta Mithra pertsonaientzako itxura berriak ere. Uztailaren 30ean argitaratuko da digitalean, eta, urriaren 1ean, fisikoan.

Xenoblade Chronicles 3: Nintendo Switch 2 Edition-ek heroi berria eta honentzako misioak, eszenak eta dueluak ekarriko ditu. Abenduaren 3an merkaturatuko da fisikoan nahiz digitalean.