Like a Dragon: Ishin! izenarekin, ohiko formula Erdi Aro japoniarrean girotzen du. PC-an eta PlayStation nahiz Xbox kontsoletan estreinatuko da.

Yakuza sagaren zaleek pozez txoratzen egoteko arrazoiak dituzte. Sagaren titulurik desiratuenetako bat izan da Ishin —zein honen jarraipen Kenzan— aspalditik. 2014. urtean estreinatutako jokoa, baina, ez da inoiz Japoniatik atera. Hori aldatzera doa, zorionez: SEGA-koek 2023ko otsailean kaleratuko dutela iragarri dute.

Izen berriarekin dator, gainera. Like a Dragon: Ishin! deituko da bertsio berria. Modu horretara, Yakuza sagaren jatorrizko izena berreskuratzeko ideiarekin jarraitzen dute japoniarrek.

Goizaldeko State of Play aurkezpenean eman dute berria: “berregindako” titulua izango dela adierazi dute Ryu Ga Gotoku Studio-ko arduradunek. Hitzokin remake baten aurrean gaudela dirudien arren, birmasterizazioa izango dela esatea aproposagoa da, ziurrenik.

Yakuza jokoen ohiko mekanikak hartu, baina Kamurocho, Sotenbori eta Isezaki Ijincho auzoetatik aldendu egiten da Ishin. Izan ere, Japoniar Edo garaian girotutako jokoa dugu; hau da, Erdi Aroan.  Sakamoto Ryōma protagonistaren rola hartuko dugu —Kazuma Kiryu-ren itxura duen samuraia—, eta ezpatari zein pistolari borroka estiloekin, dozenaka arerio akatuko ditugu.

Nola ez, dramaz betetako istorioa, bigarren mailako eginkizun zoroak eta minijoko mordoa batuko ditu Ishinek.

PlayStationen aurkezpean iragarri zenez, argi dago PS5 eta PS4 kontsoletan estreinatuko dela. Ez dira hor geratuko, zorionez: Xbox Series zein One kontsoletara nahiz ordenagailuetara ere helduko da Like a Dragon: Ishin!. Esan bezala, otsailean jokatu ahalko dugu birmasterizaziora.

 

Judgment, PC-ra?

Ishinena ez da izan Yakuza frankiziaren inguruko berri bakarra. Izan ere, AEBetako ESBR adin sailkapenaren erakundearen webgunean agertu denez, Judgment zein Lost Judgment abenturek ordenagailuetako bertsioa jasoko dute. Yakuzaren spin-off hauek protagonista berria dute, Takayuki Yagami. Takuya Kimura aktore japoniarraren itxurarekin, honen agentziak Segari debekatu egin zion jokoa ordenagailuetan kaleratzea aktorearen mod-ak ikusteko beldurragatik.

Ikusteko dago hau konpondu duten edo PCko bertsioek beste protagonista bat izango duten.  Hala ere, argi dago: bi jokoak ordenagailuetara iritsiko dira.