Zer moduz moldatzen zara aparkatzerakoan? Bideojoko honen iritziz, ez zara uste duzun besteko ona ataza horretan. Hasiera batean auto txikien lasterketa jokoa dirudien arren, gure ibilgailua aparkalekuetan kokatzea eskatuko digun bideojokoa dugu hau.
Behar bezala aparkatzearen artea landuz
Jokoaren misio sorta nagusia edo kanpaina hasieran dirudiena baino luzeagoa da. Bereziki, gaur egun eskuragarri dagoen jokoaren bertsio osoa (complete edition) jokatzen badugu. Aipatutako horretan, oinarrizko lehen bi munduez gain, beste bat dago bilduta. Hiru mundu hauetariko bakoitzak gune batzuk ditu bere barnean. Eta, sakonduz, gune bakoitzak bost maila izan ohi ditu bere barruan, beraz, hainbat erronka aurkituko ditu jokalariak. Mundu bakoitzak girotze jakin bat du: belardiak, Antartika eta Inferno izeneko oihanen artxipelagoa.
Gainera, mundu bakoitzeko azken guneak “maisu-mailako” bezala izendatzen ditu jokoak, ondorioz, bertan aurkituko ditugun erronkek zailtasun areagotua izango dute.
Maila aztertzeko aukera erabilita toki osoa ikertu dezakegu presarik gabe.
Jokoaren misio arruntetako maila bakoitza eskuz eginda dago, ez dira prozeduralki sortutakoak. Maila bakoitzeko abiapuntutik autoa gidatzen hasiko gara eta hainbat oztopo edo arrisku jarriko dizkigu helburu diren aparkalekuetara bidean. Maila bakoitzak aparkaleku kopuru bat dauka, eta guztiek beteta egon behar dute aldi berean maila osoa bukatutzat eman dadin. Hori dela-eta, kontu handiz ibili beharko gara, aparkaleku batera bidean aurretiaz ondo aparkatutako auto bat kolpatu eta tokitik aterarazten badugu, puntu hori galduko baitugu.
Jokoaren ezaugarri mamitsuenetako bat mailen diseinua eta bertan dauden oztopoak dira.
Maila bakoitza bukatzeko aparkaleku guztiak bete behar ditugu. Orokorrean, hainbat autorekin kale egingo dugu, eta saiakera nahikotxo behar izango ditugu maila amaitzeko. Ondo aparkatzen dugun auto bakoitzeko denbora muga luzatuko digute. Denbora geratzen zaigun bitartean saiakera gehiago egiteko ibilgailu gehiago sortu ahal izango ditugu, hauek banan-banan gidatuz. Denbora amaitzean agerrarazi daitekeen azken autoa dela ohartaraziko digu jokoak. Guztiak ez badira, ahalik eta aparkaleku gehien lortzen saiatu beharko gara.
Lehen mundutik hainbeste objektu berezi aurkeztuko zaizkigu, hauen artean, teleportatzeko atariak.
Maila bat behar bezala amaitzean, jokoak lortu dugun denbora grabatzen du, eta mundu mailako sailkapenean kokatzen gaitu. Helburua lortu dutenen artean azkarrenak nortzuk diren eta gu hauen artean non gauden jakinaraziko digu jokoak.
Erronka handiagoa bilatzen dutenak, jokaldi bikainak lortzen saia daitezke. Kasu horietan, mailak duen aparkaleku kopuru haina ibilgailu erabili beharko ditu jokalariak, ez gehiago. Mota horretako jokaldiek autoen gidatze on bat eskatzen dute, eta, orokorrean, bide batez, denbora laburragoetan egiten dira.
Zenbait mailek gidatzerakoan trebezia handia eskatuko digute.
Kontrol eredua oso erraza da, funtsean azeleratzean eta balaztatzean oinarritzen da, gure abiadura neurtzea ezinbestekoa da beraz. Ezin da atzerantz joan, eta, autoa erabat geldi uzten badugu, automobila aparkatutzat emango du jokoak, toki okerrean bada ere.
Beste kontu garrantzitsu bat ezker eta eskuinera bira egitean autoak irristatzeko duen joera neurtzea da, denbora aurreztea beharrezkoa denean zaindu beharko duguna. Egoera jakin batzuetarako, ibilgailua airean dagoen bitartean erabil daitezkeen kontrolak daude, lur-hartzeak egokitzeko erabil daitezkeenak.
Online bidezko lehian besteek baino aparkaleku gehiago bete behar ditugu ahalik eta azkarren.
Jostagarritasunetik kanpo, sarritan erabiliko ditugun botoi bi ere badaude, biak berebila hasierako puntuan berrezartzeko balio dutenak. Hauetako batek jokaldia eten gabe egiten du, besteak ordea, jokaldia hasieratik berrabiarazten du, jokaldi perfektua lortu nahi dugunean azken hori askotan erabiliko dugu.
Mundu zabalean guneak aurkituko ditugu eta hauen barnean egongo dira gainditu beharreko mailak.
Bideojokoak erregaia erabiltzen du auto bakoitzaren iraupena mugatzeko. Funtsean, ez dago mugimenduari lotuta, edo ez soilik behintzat, geldi gaudenean ere beherantz baitoa. Erregaia aldagai garrantzitsua izango da gure helburuen lorpena neurtzeko. Kasu batzuetan, erregaiaren maila berriz goraino igoaraziko duten objektu batzuk bildu beharko ditugu, abiapuntutik urrunegi dauden aparkalekuetara heldu ahal izateko.
Azken munduan suzko bola arriskutsuak ezagutuko ditugu.
Beharbada, jokoaren ezaugarri mamitsuenetakoak mailen diseinua eta bertan dauden oztopoak dira; hau da, jokalariari ezarriko zaizkion zailtasunak. Jokoak ahalegin berezia egiten du maila bakoitza erronka bat izan dadin, baita bakoitzean zailtasun-maila pixka bat altxatzeko ere.
Mailen diseinua interesgarria da, aparkaleku batzuk ezkutatuta daude, edo heltzeko zailak dira. Kasu batzuetan, teleportatuko gaituzten portale edo atariak erabili beharko ditugu toki jakin hauetara heltzeko. Horregatik, menuan daukagun “aztertu” (inspect) aukera erabiltzea ondo etorriko zaigu batzuetan. Honekin kokaleku osoa aztertzeko balioko digun kamera askedun modu batera pasako gara.
Beste osagai potoloa zera da, oztopo eta tranpena, jokoa gure autoak izorratzeko tresnaz beteta baitago: mailu erraldoiak, lehertaraziko gaituzten minak, zanpatuko gaituzten prentsak, gori-gori dauden hormak, izoztuko gaituzten antena bitxiak, suzko bolak jaurtitzen dituzten tresnak…
Bakarkako misioez harago
Gaur egun online bidezko multijokalaria ez dago oso “bizirik”, baina jokoaren Discord zerbitzaria erabiliz posible da jokalariak bilatzea eta zenbait jokaldi antolatzea. Nik, horren ordez, jokoa erosita zeukan lagun bakar baten aurka jokatu nuen.
Dirudienez, 8 jokalarirentzako esperientzia eskaintzen du online bidez, saltokiko orrian “batu zaitez beste hiru lagunekin” esaten duen arren. Jokalari anitzeko modua zein bakarkako misio-sorta, biak iruditu zaizkit dibertigarriak. Online bidezkoan jokalarien arteko lehiak hartzen du azpimarra eta misio-sortan mailek eskainitako erronkek.
Kontrol eredua oso erraza da, funtsean azeleratu eta balaztatzean oinarritzen da.
Online bidezko lehian besteek baino aparkaleku gehiago bete behar ditugu ahalik eta azkarren. Maila arruntetan baino aparkaleku gehiago egin behar izaten dira, zazpi edo zortzi inguru izan daitezke. Gainera, horietako batzuk ezkutatuta egongo dira, denak aurkitzeko errazak izan ez daitezen. Maila bakoitzaren bukaeran, jokalari bakoitzari lortutako helburuen araberako puntuazioa esleitzen zaio eta beste maila batera pasatzen da. Zenbait maila egindakoan, puntuazio orokorra izango da irabazlea izendatzeko kontuan hartuko dena.
Online bidez lagun zein ezezagunen aurka lehia gaitezke, azkarrago eta gehiagotan nork aparkatuko.
Zoritxarrez, bideojokoak ez du gailu bakarrean jokalari anitzek jokatzeko aukerarik eskaintzen. Jokalari nahikotxok egin izan dute eskaera; izan ere, online bidezkoan bezala, pantaila bananduaren eredua erabiliz egingarria litzateke. Gainera, jokoak ez du prozesazio eskaera handiegirik. Dirudienez, garatzaileek dagoeneko bideojoko hau lantzeari utzi diote, eta, beraz, ez da espero eguneraketa berririk.
Aurretiaz ondo aparkatutako auto bat kolpatu eta tokitik aterarazten badugu, puntu hori galduko dugu.
Hainbat ibilgailu dauzkagu aukeratzeko, nahi dugun kolore nahasketak zein irudi ereduak ezarri ahal izango dizkiogu hautatutakoari. Horrez gain, autoak uzten duen lorratza, eztanda egiterakoan agertuko den animazioa eta beste xehetasun batzuk ere aldatu ahal izango ditugu.
Gainera, ibilgailuen gainean proportzionalki handitxoak diren figurak jartzeko aukera ere badugu. Nik pertsonalki gehienak ez ditut gogoko, baina interesgarriak izan daitezke multijokalarian gure autoa hobeto bereizteko adibidez. Misioak gaindituz goazen heinean alda daitezkeen objektu gehiago lortuko ditugu.
Gori dauden hormak derrigorrez ekiditu beharko ditugu, bestela gure autoak eztanda egingo baitu.
Estetika jolastia eta alaia erabiltzen du bideojokoak, ibilgailuak hainbat kasutan eztandarazi, izoztu, hondatu eta antzekoak pairatuz suntsituak izango diren arren. Poztasunean oinarritutako girotzea aplikatzen du jokoak, eta abesti bihurriekin uztartzen du. Badago kanturen bat, modu sotil, geldo eta zirikatzaile batean jokalariari bideojokoaren izenburua abesten diona “Oso txarra zara aparkatzen”.
You Suck At Parking proposamen bitxi eta interesgarria iruditu zait. Ohituta gaudenetik at dagoen zerbait eskaintzen du, eta jokalari bakoitzak aukera dezake mailak noraino gainditu nahi dituen. Bakarkako misioetan zailtasun maila bere gustura egokitzeaz gain, beste pertsona batzuen aurka lehiatzeko aukera ere eskaintzen du. Hasiera batean bideojoko sinplea dirudien arren eduki nahikotxo dauka bere barnean. Erronka zein lehia bila dabiltzanei hainbat entretenimendu ordu eskainiko dizkie. Steamen gaur egun dauzkan iruzkin positiboen ehunekoa % 88 da.
Iruzkinak