PC-ra zein kontsoletara iritsiko da 1P2P-ko frantsesen lana. Joko kooperatiboa eskainiko du.

1P2P indie estudioak eta The Arcade Crew argitaletxeak prestatzen aritu diren Young Souls interesgarriak azkenik jaso du argitaratze data. Uste baino lehenago iritsiko da; aste honetan, zehazki: martxoaren 10ean kaleratuko dute PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Switch kontsoletan zein PC-an.

Beat ‘em up klasikoetako borrokak RPG mekanikekin bateratuko ditu abentura honek. Jenn eta Tristan anai-arreben kontrola hartuko dugu bertan: beren etxebizitzan portal misteriotsu bat aurkitu ondoren, aitaren bila hasiko dira ziega misteriotsuak esploratuz. Era guztietako etsaiak eta munstroak aurkituko dituzte guneotan, beraz ondo prestatu beharko dira erronkei aurre egiteko.

Horretarako, bizi diren herriko saltokiak edo gimnasioa bisitatu, herritarrekin hitz egin, minijokoetan parte hartu eta bestelakoak egin ahalko dituzte. Mailaz igo eta ekipamendua hobetzeko aukera izango dute protagonistek, ziegetan barrena sartu eta are etsai boteretsuagoen aurka egiteko. Arma eta erropa desberdinek askotariko ahalmenak eskainiko dituzte, desafioei nahi bezala aurre egiteko. Nola ez, bi protagonisten artean aukeratu ahal izanda bi jokalarirentzako kooperatiboa ere eskainiko dute garatzaileek.

Mekanika guzti hauek estetika koloretsuarekin eta ederrarekin batzen dituzte gainera. Komiki modernoen estiloa gogora ekartzen duen atal grafikoarekin joko benetan erakargarria eratu dutela aitortu behar da. Pertsonaia mota desberdin mordoa ikusiko dugu kokaleku sorta zabalean. Aipatutako guztia agerian jartzeko trailer luzea prestatu dute tituluaren arduradunek.

Arkadeetako klasikoen jostagarritasuna eraberritzen du modu horretara 1P2P-ren bideojokoak. Joan den udazkeneko Steam Next Fest demoen jaialdian probatzeko aukera eduki genuen Game Erauntsian, eta asko gustatu zitzaigula nabarmendu genuen: “Zerbait xumea eta polita izatetik proposamen benetan interesgarria eratzera iristen da Young Souls”, genioen erreportajean. “Istorio aldetik lan erakargarria eratzen badute, jostagarritasun mekanikekin batera abentura bikaina osatu dezakete frantsesek”.

Young Souls martxoaren 10ean estreinatuko da PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PC plataformetan.