Android zein iOS aplikazioetako erabiltzaileek 75 titulu baino gehiago aurki ditzakete, guztiak doakoak.

Bideojokoak iritsi dira YouTube bideo plataformara. Google-k YouTube Playables iragarri du: mugikorrei zuzendutako tituluak eskainiko dituzte bertan.

YouTuberen Android eta iOS aplikazioetan ikusiko dugu aukera berria; menu nagusiko ‘Esploratu’ atalean agertuko zaigu. Abian jarri badute ere, pixkanaka zabaltzen joango dira, oraingoz erabiltzaile gutxi batzuei sarrera ahalbidetuz: Euskal Herritik sartuz gero, ez dugu sarbiderik momentuz.

“75 bideojoko baino gehiago” aipatzen dira prentsa oharrean: Angry Birds Showdown, Words of Wonders, Cut the Rope, Tomb of the Mask eta Trivia Crack nabarmentzen dituzte.

Netflix edo Crunchyroll plataformek hartutako erabakia jarraitu du YouTubek; bideojokoen gehiengoa mugikorretan jokatzen dela jakinda, ez da harritzekoa plataforma eta zerbitzu desberdinek beren harpidetzak eta aukerak prestatzen aritzea.

Dena den, desberdintasun garrantzitsua dago hauen artean, YouTube Playablesko jokoak guztiz doakoak baitira. Xumeagoak direla ere esan beharra dago, noski: beste bietan Dead Cells, Sonic Mania Plus, GTA klasikoak, Into the Breach, Katana Zero zein hainbat lan handitan joka dezakegu, harpidetza ordainduta, noski.

Androidek nahiz iOSek ere euren harpidetza ‘ofizialak’ eskaintzen dituzte: Google Play Pass daukagu alde batetik; Apple Arcade, bestetik.