Aupa lagunok! Datorren maiatzaren 4tik aurrera lehiaketa berri bat aurkeztuko dute EiTBtik Gaztea irratsaioa bidelagun dutela. Hori dela eta youtuber euskaldun denoi dei egiten dizuegu lehiaketa honetan parte hartzeko. Lehiaketa honetan parte hartzearekin bi helburu bete nahi ditugu:

1) Game Erauntsia komunitatea ezagutarazi
2) Bideojokoen munduan euskaraz ere ari garela erakutsi

Ah! Beno, eta noski... norbaitek zerbait irabazten badu ba bejondeiola!! Sari polit eta interesgarriak daudelakoan gaude, beraz animatu!! Hemen behean dituzue lehiaketan parte hartzeko oinarriak zeintzuk izango diren.

NORI ZUZENDUTA

Youtuben euskarazko kanal bat daukaten norbanako zein taldeek hartu dezakete parte.

ZER SARITZEN DA

Hileko bideorik onena

Hilero (uztailean eta abuztuak izan ezik**), publikoaren bideorik gogokoena aukeratuko da, hots, Gaztearen webgunean boto gehien jasotzen dituena. Horretarako, kanal bakoitzak bideo bakar baten URL-a aurkeztuko du.

**Uztailean eta abuztuan jasotako bideoen artean, udako saria banatuko da.

Urteko bideorik onena

Urte bukaeran, hilabete bakoitzeko irabazleen artean, urteko bideorik onena aukeratuko da, Gaztearen webguneko erabiltzaileen botoen arabera.

Kanalik onena

Urte bukaeran, epaimahai batek aukeratuko du zein den aurkeztutako guztien artean kanalik onena.

Kasu guztietan, epaimahaiak aurre-aukeraketa bat egingo du botazioa ireki aurretik.

KANALA SARITZEKO KONTUTAN IZANGO DIREN EZAUGARRIAK

  • Kanalaren orijinaltasuna
  • Publikoarekin daukan erlazioa
  • Sare sozialetan egindako ekintzak
  • Bideoen kalitatea eta aniztasuna
  • Bideoei balio erantsia ematen dioten elementuak: etiketak, efektuak, estekak…

SARIAK

  • 500€ hilabeteko bideo onenarentzat
  • 1.000€ udan banatuko den sari bakarrarentzat, hau da, uztaila eta abuztua bitartean jasotako bideo onenarenzat
  • 500€ urteko bideo onenarentzat
  • 2.000€ urteko kanal onenarentzat
  • Urtean zehar Gaztearen webgunean botoa eman dutenen artean, abenduan, Iphone 6 bat zozketatuko da.

**Oharra: Dirusariei lehiaketetan ohikoak diren zergak ezarriko zaizkie.

EGUTEGIA

Lehiaketa maiatzaren 4an jarriko da abian.

Maiatzetik abendura bitartean, hilero, bideo irabazle bat egongo da, uztailean eta abuztuan izan ezik. Bi hilabete horietan jasotako bideoen artean, udako bideo onena aukeratuko da, udako sari berezia izango dena.

Bozkatzeko epea hilabete bakoitzeko azken asteazkenean itxiko da.

Bideoen aurkezpena Bozkatzeko epea
Maiatzak 4–19 Maiatzak 20 – 27
Ekainak 1 – 16 Ekainak 17 – 24
Uztailak 1 – Abuztuak 18 Abuztuak 19 – 26
Irailak 1 – 22 Irailak 23 – 30
Urriak 1 – 20 Urriak 21 – 28
Azaroak 2 – 17 Azaroak 18 – 25
Abenduak 1 – 14 Abenduak 15 – 21

Sari finala abenduaren bukaeran jakitera emango da.

PROZEDURA

Parte hartu nahi duten kanalek hurrengo informazioa bidali behar dute youtuberrak@eitb.eus helbide elektronikora:

  • Kanalaren URL-a.
  • Datu pertsonalak: izen-abizenak, telefonoa eta emaila.
  • Kanalaren deskripzioa.

Hilabeteko bideo onenaren lehiaketarako izen ematea ere helbide horretan egin beharko da.

OHARRAK

Youtuberrak lehiaketara aurkezten diren bideoek Youtubek dituen arauak bete beharko ditu eta EiTBren oinarri eta irizpide nagusiekin bat etorri beharko dute.

Lehiaketetara aurkeztutako bideoen autoretzari dagokion zalantzarik edo gatazkarik sortuko balitz, EiTBk ez luke bere gain hartuko inolako ardurarik. Liskar hori aldeen artean konpondu beharko litzateke.

Youtuberrak lehiaketan parte hartzeak arau hauek guztiak onartzea dakar. EiTBk eskubidea du jasotako bideoak interneten eskegitzeko eta irratian eta telebistan emititzeko.

EiTBk behar bezala jakinaraziko du oinarri hauei dagokion aldaketa oro.

Lehiaketaren web orrialdea: Youtuberrak