Hirugarren denboraldiko laugarren eta azken pertsonaia iragarri du Bandai Namco-k: Baki-ren aita neguan iritsiko da, Kunimitsu, Bob eta Roger Jr. borrokalarien ostean.
Bandai Namcok Tekken 8 bideojokoaren borrokalari berria ezagutzera eman du: Baki the Grappler manganime ezaguneko Yujiro Hanma gonbidatutako pertsonaia izango da.
Otsailean iragarritako hirugarren denboraldiko laugarren —eta azken— borrokalaria da Yujiro ospetsua. Manganimeko protagonista bere seme Baki bada ere, Yujiro mundu osoan ezaguna izatera iritsi da indarragatik zein bere inguruan eratutako meme sortarengatik.
Ez da Tekkenek kanpoko pertsonaiak gonbidatzen dituen lehen aldia. Aldez aurretik Akuma, Geese Howard, Noctis edo The Walking Dead telesaileko Negan ikusi ditugu borrokan. Hirugarren jokoan ezagutu genuen Gon dinosauro txikia izen bereko mangatik dator, adibidez. Tekken 8n ere Final Fantasy XVIko Clive Rosfield agertu zen, lehen denboraldiarekin batera.
Aurkezpen bideoan ez digute Yujirok hiru dimentsioetara iragan ostean ageriko duen itxura erakutsi, ezta borroka mugimendurik; izan ere, neguan helduko da Tekken zortzigarren jokora —2027 hasieran aipatzen dute, zehazki—. Aurretik hirugarren denboraldiko gainerako borrokalariak igaro behar dira jokotik: Kunimitsu ninja datorren astean gaineratuko da; Bob mitikoa, berriz, udan ailegatuko da; hirugarrena, Roger Jr. kangurua, udazkenean batuko da pertsonaien zerrendara.
Trakets jarraitzen du Tekken 8k, hori bai: hirugarren denboraldiarekin aurrekotako hanka sartzeak zuzenduko dituztela agindu zuten garatzaileek, baina lehen aldaketekin ez dute jokalarien oniritzia jaso. Denboraldia hasi baino ez da egin, ordea, eta oraindik gaurkotze eta adabaki ugari jasotzea espero da.
Tekken 8 PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan joka daiteke.
Lander Unzueta
Iruzkinak