Yuzu zein Citra tresnak bertan behera utzi dituzte, fitxategiak saretik ezabatuz.

Yuzu desagertu da. Switch kontsolaren emulatzaile ezagunaren arduradunek akordioa adostu dute Nintendorekin: 2,4 milioi dolar ordainduta, epaiketa ekiditea lortu dute.

Dirua ez da izan, baina, Tropic Haze taldeko arduradunek galdutako bakarra. Yuzu proiektua bertan behera geratzea da akordioaren beste baldintzetako bat: webgunea ezabatu dute, eta Patreon nahiz Discord orrialdeetako zerbitzariak deuseztatu dituzte, baita Github orrialdean zeuzkaten fitxategiak kendu ere.

Gauza bera gertatu da, gainera, Nintendo 3DS kontsolaren Citra emulatzailearekin; izan ere, Tropic Hazek kudeatutako beste programetako bat zen. Etorkizunera begira, sortzaile taldeko kideek ezingo dute Nintendoren software lizentziadunaren babesak gaindi ditzaketen antzeko proiektuetan lan egin.

Yuzun aurka egiterakoan erabilitako argudioa “Switcheko jokoa erabiltzeko legezko biderik ez egotea” da. Emulatzailea funtzionarazteko beharrezko tresnak lortzeko kontsola ofizialaren barnean aurkitzen diren fitxategiak eskuratu beharra dago, gailua eraldatzea ezinbestekoa izanik.

“Emulatzaileak kontsola zehatz baterako legez kanpo pirateatutako bideojokoak edozein asmo orokorrerako konputagailutan jokatzea ahalbidetzen dituzten software tresnak” direla aipatzen zuen N handiak demanda dokumentuan.

Horrela, The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom izan da demandaren zutabe nagusietako bat. Joan den urteko maiatzean ofizialki estreinatu baino bi aste lehenago jokoa sarean filtratu zen, eta “milioi bat” erabiltzailek Yuzu erabilita legez kanpo jokatu zutela aldarrikatzen du Nintendok.

Yuzuren arduradunek zabaldutako mezuan pirateria aipatzen da behin eta berriro. “Yuzu zein bere taldea beti egon dira pirateriaren aurka”, diote, eta “proiektuak asmo onez abiarazi dituztela” adierazten dute.

Akordiora iritsi direnez, erabakiak ez du aurrekaririk ezarriko gainerako emulatzaileengan. Hala ere, Yuzu hiltzea lortu dutenez, ikusteko dago ea Nintendok gauza bera egingo duen honen aurkari eta lagun nagusiarekin: Ryujinx emulatzaileak ere Switcheko bideojokoak beste plataforma batzuetan jokatzea ahalbidetzen du.