Bartzelonako ekitaldian parte hartuko duten profesionalek hautagaien artean finalistak zeintzuk izango diren aukeratu beharko dute.

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban garatutako zazpi bideojoko dira aurtengo Gamelab ekimeneko sariak jasotzeko hautagaiak, beste hainbat lanen artean.

Videojuegos Vascos webguneak jakitera eman duenez, Relevo garatzaile bilbotarraren Treasure Rangers eta Digipen Bilbao unibertsitateko ikasleek garatutako Astra, Entails, Mundus Alter, Project Senko, Quest 4 Papa: Reloaded eta Wolf Spear lanak dira hautagaien artean aurkitzen diren euskal bideojokoak.

Gamelab sariek estatu mailan sortu eta garatutako jokoak aintzat hartzea bilatzen dute. Hautagaiak hiru kategoriatan banatu dituzte: PC eta kontsoletarako argitaratutako bideojoko komertzialak, Smartphone eta tabletentzat garatutako lan komertzialak eta ikasleek garatutako bideojokoak.

Gamelaben parte hartzen duten profesionalak izango dira botoen bidez finalisten fasera igaroko diren lanak hautatuko dituztenak. Bozkatzeko epea ekainaren 19ra arte zabalik egongo da. Hautagaien zerrenda osoa ekimenaren webgunean ikusgai dago.

Genero guztietako euskal jokoak

Relevoren Treasure Rangersek PC eta kontsoletarako argitaratutako bideojoko komertzialen artean egonda Kontsolako joko onena, Audio onena, Ideia original onena, Urteko joko onena, Diseinu onena eta Narratiba onena sariak jasotzeko aukera edukiko du.

Plataformen eta akziozko jokoa abenduan argitaratu zen Sonyren kontsolan. PS Plus harpidetza zerbitzuaren erabiltzaileek doan jokatu ahalko dute Relevoren lanera ekainean.

Gainerako euskal jokoak Digipeneko ikasleek garatutakoak izanik, azken kategoriako hautagaiak dira. Absolut Gamesen Astra shooterrean jokalariak “estralurtar gangsterrez betetako diskoteka espazialean” tiroka ariko dira.

Doxa Productionsek garatutako Entailsen robot bat gidatzen duen hamster baten kontrola hartuko du jokalariak. Akziozko joko bidimentsional honek Metal Slug eta bestelako arkade klasikoen bidea jarraitzen du.

“Isilpean jokatu beharreko puzzle joko bidimentsionala” da Homie Studiosek garatutako Mundus Alter. Veneziako basilikan infiltratzea izango da protagonistaren helburua.

Estralurtarrak izango dira jokalariaren arerioak beste batez Square Rooteko ikasleen Project Senko hack and slashean. Erasoak saihestu eta etsaiak kolpeka akatu beharko ditu protagonistak konboz betetako abentura honetan.

Wolf Spear Cerberus Inc-ek garatutako 2D brawlerra da. Etsaien hordei aurre egiteko wolfspear ahalmena erabiliko du protagonistak gaztelu misteriotsu bati esploratzeari ekiten dion bitartean.

Digipeneko ikasleek egindako bideojoko horiek unibertsitatearen webgunetik jaitsi daitezke doan PCan jokatzeko.

Gamelaben sarietako azken euskal hautagaia Rumba Corpek sortu duen Quest 4 Papa: Reloaded da. Cell shading estetika erabilita Digipenen egindako jokoa ikuspegi zenitalarekin jokatzen den hack and slasha da. Bertan, Roach izeneko emakumearen kontrola hartuko du jokalariak. Haurra zela bakarri utzi zuten Roach, eta horien aurka mendekua hartzeko dozenaka robot akatu beharko ditu.

Rumba Corpen lana Digipenen webgunetik jaisteaz gain, Steam bidez ere eskuratu daiteke doan.

Gamelab 2020 ekimen digitala izango da aurten; ekainaren 23tik 25era bitartean egingo dute. Gamelab Live izena hartuta, Tim Schafer, Amy Hennig eta Minh Le ariko dira hizlari lanetan, beste askoren artean.