The Legend of Zelda: Tears of the Kingdomek berriz eramango gaitu mundu irekiko Hyrulera. Breath of the Wild-eko ardatza izanik, nola harrapatuko ditu jokalariak?

Breath of the Wild ikaragarrizko bideojokoa da, ez dago inolako zalantzarik. Nintendo Switch-aren lehen tituluak —eta Wii U-aren azkenak— milioika jokalari maitemintzea lortu zuen. Ez da harritzekoa: The Legend of Zelda baten aurrean gaude azken finean. Eiji Aonuma eta bere taldeak hanka barruraino sartu behar zuen kontrakoa lortzeko.

Hala eta guztiz ere, Nintendoren frankiziaren funtsezko mekaniketatik —ez guztietatik— urruntzen den lana da. Objektuek, ziegek zein tenpluek, eta, orokorrean, aurrera egiteko bideak irekitzeko plangintza guztia alboratu zuten japoniarrek BotW-n. Mundu irekia da nagusi: hasieratik nahi duzun tokira joan zaitezke, mugarik gabe… edo muga organikoagoekin, hobeto esanda.

Mendi hori zuzenean zeharkatu nahi duzu, baina ez duzu eskalatzeko behar beste sasoi? Sheikah arbelaren abileziak eta zure adimena erabilita bideren bat aurki dezakezu, agian. Laku batetik igaro behar, baina ito egiten zara? Txalupa bat bila dezakezu mapatik. Heriotzaren mendian bero gehiegi egiten du, eta kiskaltzen zabiltza? Galdetu ingurutik, norbaitek aurrera egiteko laguntza eskain diezazuke…

Askatasun hori da jokoaren zutabe nagusietako bat. Abentura hasi bezain laster —tira, lehenengo misio nagusia betetzerakoan— edozein norabidetan abiatzea jokoaren helburu garrantzitsuenak betetzeko. Edo, nahi izanez gero, noraezean galtzea Hyruleko erresuma ezagutzeko. Izan ere, hori da BotW-n beste ardatza: mundua. Erreinu ederra, erakargarria, sekretuz betea, eta, batez ere, esploratzeko dibertigarria da Zeldarena.

Lehen partidan gozamen hutsa izan zen jokoa abiatzen den goi lautadatik jaistea. Zelan ez, egin nuen lehenengo gauza Hyruleko gazteluan barneratzea izan zen, bastioian zegoena ikusita ziztu bizian hanka egiteko. Hortik, mapan markatutako helburu nagusiak betetzeko ibilbidea hasi nuen; dena den, pare bat minuturo zerbait berria eta interesgarria aurkitu, eta hori ikertzen hastea zen arruntena.

Santutegiak, Hyruletik sakabanatutako pertsonaiak, ezkutaketan jolasten dabiltzan Korok bihurriak, arerioen gotorlekutxoak, bigarren mailako etsai nagusiak edo gainerako sekretuak: berdin dio zertan nenbilen, baina Zeldaren erresumak gordetako edukien eta zereginen kopurua harrigarria zen.

Shigeru Miyamoto-k lehen Zelda garatzerakoan bilatzen zuena modu ezin hobean betetzen du azken tituluak. Sonobe (Kioto) jaioterriko zelaiak, basoak, kobazuloak eta mendiak haurtzaroan bisitatzeak sortzen zizkion sentipen berberak berdindu nahi zituen japoniarrak: jakingurak eragindako ezagutzeko nahiarekin harritzea eta disfrutatzea, azken finean.

Bideojokoa guztiz gainditu nuen —DLC-etako kontu batzuk alboratuta—: hainbat astez edo hilabetez guztiz gatibatuta eduki ninduen. Jokatu baduzue, aipatutako guztia ezaguna egingo zaizue, ziurrenik.

 

Partida berria +

Ordutik hona hainbatetan hasi naiz partida berriekin. Atal estetikoa, soinu banda lasaia, pertsonaiak eta girotze orokorra maitatzen jarraitzen ditudan arren, ez dut lortu partida horietako bat osorik gainditzea. Hyrulek zoragarria izaten jarraitzen badu ere, bigarrenez edo hirugarrenez esploratzea ez da horren zirraragarria. Bai, gauza bera esan daiteke beste ehundaka jokoren munduengatik; hala ere, askatasun osoz esploratzeko erresuma izanik BotW-n ardatz nagusia, behin bere sekretu guztiak edo ia gehienak ezagutzen ditudala zoko guztiak berriz miatzeko grina erabat desagertu da.

Mundu irekia da nagusi: hasieratik nahi duzun tokira joan zaitezke, mugarik gabe.

Alferkeria horren zergatia abenturaren beste ezaugarriei guztiz lotuta dago: esplorazioa lehen planoan dagoela, istorioa, borrokak, objetuak edo puzzleak bigarren mailan geratzen dira BotW-n. Narratibarena benetan tamalgarria da: nahiz eta aurkezten digun gidoia oso interesgarria den, ez du aparteko ezer egiten ezagutuko ditugun pertsonaiekin. Ez hori bakarrik: antzeko egoerak behin eta berriro errepikatuko dira Link-en bidaietan. Pena bat da, baina agian jokatu aurretik beste zerbait espero nuen: trailerrak ikusita gidoiak pisu handiagoa edukiko zuela suposatzen nuen.

Ziegak eta tenpluak bisitatuko ditugu, bai, baina oso sinpleak eta gainditzeko azkarrak izango dira. Alde batetik, santutegi zaharrak ditugu: bakoitzak puzzle edo ideia desberdina proposatuko digu. Buru hausgarri interesgarriak daude, baina ez dago ezustekorik ordainsarien aldetik: gure ezaugarriak hobetzeko balio duten orbeak eskuratuko ditugu, armez zein armadurez gain.

Beste aldetik, Izaki jainkotiar erraldoiak ditugu. Lau guztira —tira, bost, baina azkena berezia da—, jokoaren erronka nagusia direla esan daiteke. Aurkezpena zoragarria da, baita atzean duten istorioa ere, baina mekanika aldetik ez dute ezer apartekorik eskaintzen, eta proposatzen dituzten ideiak zirragarriak badira ere, laster gogaituko gara hauez.

Askatasunaren truke ziega irudimentsu sakonak galdu ditugula esan daiteke. BotW-n ez dugu aurkituko hainbat orduko iraupena eta berezko musika nahiz girotzea duten tenplu erraldoiak. Gauza bera gertatzen da mundu nagusiko puzzle egiturarekin ere. Egia da oinarri horiek astintzeko, aldatzeko zein eraberritzeko garaia dela, askorentzat zaharkituta geratu baitira; halere, guztiz alboratzea ez da erantzuna. Ulertzekoa da BotW bezalako obra erraldoiarekin eta berritzailearekin erabaki batzuk hartu behar izatea, hori bai.

 

Hyrulen bilakaera

Hilabete gutxi batzuk geratzen dira Breath of the Wilden jarraipen zuzena estreinatzeko: Tears of the Kingdom, Zeldaren joko gehienak ez bezala, protagonista eta mundu berbera aurkeztuko dizkigu. Ez dakigu askorik 2019an aurkeztu zen tituluari buruz; orain arteko trailerretan emandako informazioa oso urria da, eta ez digute aldaketa handirik erakutsi. Hori bai, eraldatutako Hyrulera itzuliko gara.

Nola aldatuko da? Lehen trailerraren bukaeran ikus daitekeen jazoera baten ondorioz, gaztelua altxatuko da, lurraldea suntsituz. Horrez gain, zerutik sakabanatutako irlak agertuko dira: printzipioz flotatzen hasitako lursailak izango zirela suposatzen nuen, baina azken bideoan ikusitakoagatik zerutik jaisten dabiltzan lurrak direla pentsa daiteke.

Horietara igotzeko botereak lortuko ditu Linkek; hortaz, modu batean zerutik hegan ibiltzeko tresnak edukiko ditugu eskura —edo zuzenean hegan egin ahalko dugu, auskalo—. Aste honetako Nintendo Directean zabaldutako bideoan jarraipenaren berritasunetako bat ikus daiteke: ibilgailuak.

Airean ibiltzeko planeagailua erabiltzen du Linkek bertan: itsasgarriarekin sortutako landu gabeko tramankulua dela ikus daiteke. Ziurrenik ez gara oso azkar ibiliko horren gainean, eta ez da erabiltzeko ibilgailurik erosoena izango, beraz alternatiba erangikorragoak desblokeatzen ariko garela pentsatu nahi dut.

Eiji Aonuma ekoizleak aipatu duenez, “hedatutako mundua zerutik harago doa”. Lurrazpiko guneak eta ahaztutako tenpluak ikusi ditugunez, adierazpenok horren ingurukoak direla suposatzekoa da: bideoan halako lekuren bat edo beste ageri da, kobazulo arruntak ez badira behintzat. Bokoblin bat meatzeetan azaltzen da bideoan, beraz alde horretatik mundua hedatu nahiko dute ziurrenik.

Etsai berrien zein eraberritutako arerio ezagunen aurka ariko gara oraingoan. Bokoblinek zein Moblinek, esaterako, adar edo maskara berriak dituzte. Arerio hegalariak —bokoblinak garraitzeko gai direnak— ageri dira, baita Boss Bokoblin deitutako izaki erraldoia ere: bistakoa da honek gainerakoak aginduko dituela. Toki batzuetan gotorleku txiki modernoak aurkituko ditugu: burezur erraldoi erraldoiagoak edo Talus golemen gainera igotako Bokoblinak prestatu dituzte Nintendokoek, besteak beste.

Zeruan golem bitxia azaltzen da, berriz. Ziurrenik, aurkari berrietako deigarriena zein misteriotsuena Eldin Zubian urrunetik ikusten den hiru buruko herensugea da. Itxuraz, lehen Zeldako Gleeok buruzagiaren bertsio zaharberrituaren aurrean gaude.

Armak eta jantziak aurkeztu dizkigute gainerakoez gain, nola ez: etsaiak jarraituko dituzten geziak, kanoi harrigarriak edo Linkek soinean eramango dituen erropa berriak daude trailerrean. Linken beso misteriotsua aipatzea nahitaezkoa da; Sheikah arbela ordezkatzera datorrela dirudi, abilezia bereziak eskainita.

Zerua nahiz lurrazpia aipatuta, Hyruleko gune ezagunetara itzuli behar gara. Bideoetan aldaketak ikus daitezke han eta hemen: adibidez, heriotzaren mendiak malice hilkorra dauka kraterrean. Lurretik sakabanatuta, ziurrenik zerutik eroritako hondakinak ikus daitezke, gainera. Dorre berriak ere ageri dira bideoan; ezin daitezke ondo ikusi, baina zerura bidaiatzeko guneak dirudite.

Lurrazaleko eta zeruko kokalekuen artean ibiltzeko metodoak ezagutzeke ditugu oraindik: goranzko teleportatze modukoa ikusi dugu, baita Link behera salto egiten ere. Dena den, ez dakigu bi mundu hauek denbora errealean eta benetako askatasunarekin konektatuta egongo ote diren, edo aparteko karga pantailen bidez mugituko al garen batetik bestera.

 

Nahikoa ote?

Horrez guztiaz gain, baina, ez dago benetan nabarmentzeko berritasunik. Zelaiak, mendiak eta herriak aurreko jokoko berberak direla esan daiteke: aldaketaren bat edo beste alboratuta, antzeko kokalekuak gurutzatuko ditugu Tears of the Kingdomen.

Bi jokoetako planoak bata bestearen ondoan jarrita xehetasun berriak ikusiko ditugu, hori bai: Deku zuhaitza ez da azaltzen bideoetan, esate baterako. Lehen jokoan erabateko iluntasunaz inguratuta zeuden Thyphlo hondakinak urrunetik ikus daitezke oraingoan, beraz mekanikoki desberdinak izango direla suposatzekoa da.

Nobedade handien falta benetan arriskutsua da: aipatu modura, Breath of the Wilden xarma, ardatza, fantasiazko erresuman datza. Lurraldeak osorik esploratzea, herrixkak aurkitzea, misterioak argitzea, pertsonaia dibertigarriak ezagutzea, gure errezetetarako osagai berriak bilatzea, eta, azken finean, zur eta lur utziko gaituzten gauzekin topo egitea.

Zelda klasikoetako elementuak berreskuratzea berriz alboratu baldin badute, zeharkatuko dugun mundua indartu eta hedatu beharko dute Nintendokoek. Zora domeinura, Goron herrixkara, Gerudo hirira edo Hatenora iristerakoan elementu berri txikiren bat gehitu dutela ikustea ez da nahikoa izango zirrara eragiteko.

Momentuz erakutsitakoa oso urria izan da, bai, baina zaleak dagoeneko ehundaka bideo eta alderaketa egitera animatu dira. Orain arte ageritakoek ez dute lau urte baino gehiagoko lana justifikatzen.

Nobedade handien falta benetan arriskutsua da: aipatu modura, Breath of the Wilden xarma, ardatza, fantasiazko erresuman datza.

Maiatza urrun dago, noski. Aipatu modura, Nintendokoek Tears of the Kingdomekin erakutsitako bideoetan informazio urria eta misterio handiak baino ez dira uztartzen. Hori horrela, oraindik sekreturen bat edo beste gorde dutela pentsatu nahi dut: bideojokoaz maitemintzera eramango gaituen mekanikaren, ezaugarriren edo lekuren bat.

Ikusiko dugu: itxarotea baino ez da geratzen. Bitartean, bideoek ezkutatzen dutena ikertzea, teoria desberdinei buruz eztabaidatzea nahiz aurreko jokoa berriz bizitzea geratzen zaigu zaleoi.