Hack and slash eta roguelike elementuak bilduko ditu anime estetika ikusgarriarekin batera. Hainbat plataformetara iritsiko da.

HoYoverse estudioak —tira, MiHoYo-k— bere bideojoko berriaren lehen bideoa argitaratu du: Zenless Zone Zero deitzen da Genshin Impacten ostean prestatzen ari diren proiektu handia.

“Fantasia hiritarreko akziozko RPG” jokoa izango dela nabarmendu dute txinatarrek: trailer koloretsua ikusita anime estetikadun obra ikaragarriaren aurrean gaudela argi geratzen da. Alor honetan sekulako lana egiten dabiltza HoYoversekoak; estilo honetako joko gutxi batzuk iristen dira ZZZ-k erakutsitako mailara.

Era batean, Atlus-en Shin Megami Tensei eta Persona frankizia ezagunak gogora ekartzen ditu HoYoversen lanak: bi mundu, pertsonaia bakoitzarentzako nortasun desberdinak eta Bangboo deitutako maskota kutuna izango dira ZZZren protagonistak.

Jostagarritasunari buruzko xehetasun gutxi ikus daitezkeen arren, akzioz betetako hack and slash erako titulua izango dela dirudi. Aukeratzeko pertsonaia desberdinak eta borroka ikusgarriak ikusten ariko gara uneoro. Kokaleku edo ziega labirintikoak esploratu beharko ditugula dirudi, konspirazioak argituz eta New Eridu hiri erraldoia ezagutuz.

Horrez gain, roguelike mekanikak ere aipatzen dituzte arduradunek beren webgune ofizialean. Gachapon elementuak aipatu gabe utzi dituzten arren, Genshin Impact zein aurreko beste lanetan izan duten presentzia indartsua ikusita, ez da harritzekoa izango ZZZn ere monetizazio bidez desblokeatzeko ordainsariak ikustea.

Oraindik ez daukagu argitaratze datarik ez plataformen behin betiko zerrendarik. iOS-era eta PC-ra iritsiko da ziur, horientzako beta itxia iragarri baitute: izen ematea irekita dago jada.