PS5, PC eta Android zein iOS gailu mugikorretan jokatu ahalko dugu. Akzioz betetako doako RPG abentura da.

HoYoVerse estudioak —Txinan miHoYo izenaz ezagutzen da— Zenless Zone Zero desiratuaren kaleratze data baieztatu du: uztailaren 4an kaleratuko da Genshin Impact edo Honkai: Star Rail arrakastatsuen sortzaileen hurrengo jokoa.

PlayStation 5 kontsolan, PCan —Epic Games Store bidez— eta Android edo iOS gailuetan jasoko dugu. Sony-ren kontsolarako bertsio bereziaren erreserbak abiatu dituzte jadanik; halere, oinarrizko jokoa doakoa izango da plataforma guztietan.

Akzioz betetako RPG abentura dugu; era batean, Devil May Cry bezalako hack and slash tituluen mekanikak bereganatzen dituela esan daiteke, HoYoVersen ohiko gacha elementuak erabilita. Hau da, jokatzeko pertsonaia mordoa desblokeatu ahalko ditugu —lau fakzio nagusitan banatutako hamalau protagonista ageri dira, oraingoz, webgunean—.

Fantasiazko munduan barneratzerakoan bizitako borroketan fakzio bakoitzeko hainbat pertsonaiaz osatutako taldea gidatuko dugu: konbo ikusgarrietan protagonistaz aldatzen ariko gara hauek luzatzeko, sekulako sarraskiak eraginda.

Aldi berean, “egiazko munduan” kokatutako New Eridu hiria esploratzen ariko gara, baliabideak bilduta, saltokietan erosten, eta misioak hartzen. Minijokoak ere nagusi izango dira, denetariko erronkak proposatuz.

Aurretik probaldi desberdinetan parte hartzeko aukera eduki dute bideojokozaleek, jokoaren elementu desberdinak aurkeztuta.

Kaleratze dataren iragarpena bideorik edo irudirik gabe egin dutenez, zaleak espekulatzen hasiak dira jada: PlayStationek aurkezpena egin behar omen du egunotan, bertan erakutsiko ote dute trailer berria?

Dena den, uztailaren 4tik aurrera emango ditugu lehen pausoak Zenless Zone Zeron.