2024an sartu, eta dagoeneko bideojokoak jasotzen hasiak gara. Dena den, urte berriak askotariko tituluak ekarriko dituela aurreikusten da: hainbat aurtengo ziurtatuta daude —edo hori espero dugu, behintzat—, baina zalantza eta ezusteko ugari edukiko ditugu.

Iazko martxa gainditzea zaila izango da. 2023ak Baldur’s Gate 3, Alan Wake 2, Super Mario Bros. Wonder edo The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom bezalako obra interesgarriak ekarri zizkigun. Dena ez zen zoragarria izan, noski: Starfield edo Hogwarts Legacy desiratuek, adibidez, pixkat hotz utzi zituzten jokalariak. Kolpe gogorra, horrenbeste denbora zain eman ondoren.

Hala ere, datozen hilabeteek badute zer esan. Urtarrileko bideojokoak hileroko artikulu berezian errepasatu ditugu, hasteko: Prince of Persia: The Lost Crown, Like a Dragon Infinite Wealth edo Tekken 8 itxurosoak iritsiko zaizkigu laster.

Horiek errepasatuta, 2024an ikusiko ditugunak ezagutzeari ekin nahi diogu. Plataforma guztietako jokalarientzako altxorrak datoz, beraz egutegia osatzen joateko osagai aproposak bilduko ditugu artikuluan.

 

2024ko izarrak

Hasteko, aurten argitaratuko direla ziurtatuta ditugun jokoak aipatuko ditugu. Egun gutxi batzuk barru, otsailaren 2an, urteko jokorik handienetako bi kaleratuko dira. Alde batetik, Atlus japoniarraren Persona 3 Reload daukagu: gaur egungo JRPG frankizia ezaguna sortzeko balio izan zuen atalaren berregitea, hain zuzen ere.

Bestetik, Rocksteady Studios britainarraren Suicide Squad: Kill the Justice League iritsiko da. Garapenean edukitako arazoek eta oztopoek erne jarri gaituzte, egia esan. Orain gutxi hedabideek argitaratutako aurreikuspenek ez diote gauza onik, baina guk geuk egiaztatzeko itxaron beharko dugu.

Otsail bukaeran, amaitzeko, 2024ko izar nagusia dator: Final Fantasy VII Rebirth argitaratuko da otsailaren 29an. Cloud, Tifa, Aerith eta gainerakoen abenturen berregitearen bigarren atala, hain zuzen. 2020an argitaratutako lehen remake-aren oinarriak eta mekanikak berreskuratuko ditu; beraz, txandakako JRPG borrokak denbora errealeko ARPG ezaugarriengatik ordeztuko dira. Interesgarriena, zale amorratuenentzat bederen, istorio originalean egindako aldaketak izango dira.

ARPG jokoekin jarraituz, martxoan Capcom etxeak Dragon’s Dogma maitatuaren jarraipena ekarriko ditu. DD2k originalean eskainitakoa hobetzera eta handitzera dator: Erdi Aroan girotutako fantasiaz betetako mundua esploratuko dugu munstro txiki nahiz erraldoiei aurre eginez. Talde orekatua osatzea ezinbestekoa izango da abenturazaleentzat; horretarako, hainbat maila eta lan edukiko ditugu.

Estrategia zaleek klasiko baten itzulera ikusiko dute: Homeworld 3 estreinatuko da duela lau urte baino gehiago iragarri ondoren. Ohi bezala, espazio ontzi erraldoien arteko hiru dimentsioko borroka ikusgarriak agintzen ditu Blackbird taldearen obrak.

Atlus urteko bigarren jokoarekin etorriko zaigu, gainera, oraingo honetan IP berria aurkeztuz: Unicorn Overlord. Vanillaware estudioaren tituluak estrategia eta JRPG mekanikak uztartuko ditu.

Martxoarekin bukatzeko, Nintendo-ren urteko lehen joko handia ikusteko aukera izango dugu. Peach printzesa orain arteko abenturarik esanguratsuenarekin etorriko da Princess Peach: Showtime!-en; jantzi desberdinak erabilita askotariko abileziak eskuratuko ditu antzezlan magikotik ihes egiteko.

Oraindik data zehatzik gabe, baina 2024ko lehen hiruhilekorako aurreikusita dago S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl tiro jokoa. Sekulako atal teknikoa agintzen digute, baina hori baino askoz gehiago ekarriko du frankizia beteranoaren azken jokoak. GSC Game World talde ukrainiarrak gerra garaian garatzen bukatutako titulua izango da.

Egutegian aurrera egingo dugu azken urteotako titulurik ikusgarrienetakora jauzi egiteko. Game Science garatzaile txinatarrak Black Myth: Wukong desiratua abuztuan argitaratzeko asmoa agertu zuen orain aste batzuk, hitza hartuko diegu beraz. Sun Wukong —eleberrietako Son Goku— jainko tximinoaren bidaiak biziko ditugu, mitologia txinatarrean bete-betean murgilduz.

Udazkenera igaroko gara, Atlusekoekin jarraituz: argi dago, bai, 2024a estudio japoniarraren urtea izango dela. Personaren garatzaileak Metaphor: ReFantazio interesgarria sortzen jarri ditu. Estiloz betetako JRPGa izango da, Shin Megami Tensei-tik jaiotako jokoen bidea jarraituz: deabruak eta protagonisten arteko harremanak nagusituko dira.

Urtea bukatzeko Ubisoft-en obra benetan interesgarria kaleratuko da. Massive Entertainment estudioak Avatar-en jokoa argitaratuta, Star Wars Outlaws-ekin dirau lanean. Jedi eta Sith arteko borrokak alboratu, eta mundu irekiko abentura ikusiko dugu, oraingoan mertzenario baten rola betez.

 

Aurten ikusiko ote zaitugu?

2024an iritsiko direla ziurtatu duten tituluez gain, aspaldi iragarritako eta ziurrenik aurten kaleratuko diren obrak ere nabarmendu gura ditugu.

Horietako hiruren berri datorren astean izango dugu, Xbox-ekoen Developer_Direct aurkezpenean. Lehenik eta behin, MachineGames estudioak 2021ean aurkeztutako Indiana Jones arkeologoaren jokoa dugu, alde batetik.

Bigarrenik, Obsidian talde beteranoaren Avowed RPG abentura aurten estreinatzeko aukera handiak daude.

Amaitzeko, Senua’s Saga: Hellblade II ikustearekin amesten dugu. 2024rako aurreikusita dagoen arren, Ninja Theory-ko arduradunek ez dute ezer zehaztu oraindik. Urtarrilaren 18an ikusiko ditugu hiru hauek, eta, zortea izanez gero, argitalpen datak ezagutuko.

Vampire The Masquerade – Bloodlines 2 2024ko udazkenean argitaratze asmoa agertu du Paradox Interactive argitaletxeak, baina honekin kontuz ibili nahi dugu. Banpiroen joko desiratuak garapen prozesu malkartsua eduki du, eta, gaur egun arduradun berria duen arren, ez dugu ezer ziurtzat jo nahi.

Konami aspaldiko izena da, baina enpresa japoniarrak bideojokoen mundura indar betean itzultzeko asmoa dauka. Bi berregite ditu esku artean, beste hainbat proiekturen artean, eta printzipioz aurten ikusiko ditugu: Metal Gear Solid Δ: Snake Eater eta Silent Hill 2 remakeei buruz gabiltza.

Manganimeetatik etorritako jokorik aipatu gabe ibili gara orain arte, baina hori aldatzera datoz, zelan ez, Son Goku eta lagunak. Dragon Ball Sparking! Zero —azpititulua aldatu diote, baina Tenkaichi Budokai 4 izango litzateke— prestatzen dabiltza Bandai Namco-koak, eta aurten ikusteko aukerak ditugu.

Eduki gehigarriak ere aipatzekoak dira, eta hau, are gehiago: FromSoftware-k aspaldi aurkeztu zigun Elden Ring maisulanaren Shadow of the Erdtree espantsioa, baina irudi bakarra baino ez dugu ikusi oraingoz. Zurrumurruen arabera urte honetan estreinatuko litzateke, baina Miyazaki-rengan fedea izan beharko dugu.

 

Eta indie-ak, zer?

Ezin gara garatzaile independenteez ahaztu! Urte honetan, beti bezala, proposamenik interesgarrienetako batzuk estudio txikien eskutik etorriko dira.

Supergiant Games estudioa ez da askorik arriskatuko, baina ez du behar: zaleak Hades II probatzeko irrikan dabiltza. Joko osoa ez dugu agian 2024an ikusiko, baina sarbide goiztiarra urteko bigarren hiruhilekoan hasiko dute. Melinoë deitutako protagonista berriak abilezia eta ahalmen desberdinak izango ditu bere neba Zagreus-ekin alderatuta, baina roguelike mekanikak eta jainkoen bedeinkazioak mantenduko dira.

The Plucky Squire da, ziur asko, bideojokoen azken aurkezpen handietan gure begirada harrapatzea lortu duen indie nagusia. All Possible Futures-eko egileek bi eta hiru dimentsioak elkartuko dituen abentura koloretsua eta goxoa eratzen dabiltza: liburuetatik aterako diren pertsonaiak kontrolatuko ditugu.

Point & Click estiloko abentura grafikoen zaleek ere badute zer itxaron. Loco Motive izeneko titulua kaleratuko du Robust Games taldeak urte hasieran. 30eko hamarkadan girotutako trenean biziko dugu abentura; zelan ez, hilketa misteriotsua jazo da bidaian, eta hori argitzera animatuko gara.

Urte hasieran estreinatuko da baita Isles of Sea and Sky. Akurra izenez ezagutzen zen bideojokoak Zelda klasikoak Sokoban estiloko puzzle japoniarrekin uztartzen ditu: gune bakoitza piezak edo kaxak era aproposean mugituz gaindituko dugu. Retro estetikadun obra ederra.

Pailazo mozorroa jantziko dugu? Aurrera, ba: Hollow Knight: Silksong aurten ikusiko dugula amesten duenik dabil hemendik?

 

Etxetik ere zer jokatu edukiko dugu

Urteko jokoen artikuluarekin bukatzeko Euskal Herrira begira jarriko gara. Iaz hainbat joko jaso genituen gure garatzaileen eskutik: IDEA, The Silent Swan edo Frontball Planet bezalako lanak kaleratu zituzten sortzaile euskaldunek.

2024an, berriz, One Last Breath espero dezakegu. Moonatic Studios eta Maniac Panda Games talde nafarrek hainbat urtez lan egin dute Inside maisulanaren pausoak jarraitzen dituen puzzle abentura sortzeko. Naturaren kontrola hartu beharko dugu hiltzear dagoen mundua sendatzeko.

Estudio nafartarrekin jarraituz, Cokoon Games Lab taldea 2022an argitaratutako Narona Sports kirol jokoaren eguneratutako bertsioan lan egiten ari da: Narona Sports Supernatural. Jatorrizko lanean ikusitako bost kirolei tenisa eta futbol amerikarra gehituko dizkio.

Bukatzeko, Praenaris garatzaile donostiarrak Embers of the Evening erakutsi behar digu. Aldez aurretik Project Umbra izenarekin ezagutzen genuen, eta beldurrezko abentura honen proba “laster” argitaratzeko asmoa agertu dute; ikusteko dago, ordea, joko osoa 2024an kaleratzerik daukaten.