Zergatik da “Grim Fandango” Historiako abentura grafikorik onena?

Iban Lantxo | 2016/05/17 07:59 AnalisiakRetro



“Grim Fandango”, Tim Schafer-ren maisulana, Historiako abentura grafikorik onena da. Hitz potoloegiak? Beharbada, baina ez behintzat lerro hauek idazten dituenarentzat. Generoaren oso zalea naiz, dozenaka joko amaitu ditut, eta halere esparru honetan ez dut Manuel Calaveraren istorioa baino hobeagorik ezagutu. Ondorioz, bai, konbentzituta nago. Saiatuko naiz azaltzen zergatik; hurrenkera honetan:

Bere jostagarritasunagatik

Bideak zabaltzea ez da inoiz erraza izaten; baina emaitza on batekin, egindakoaren asebetetzea infinitua da. LucasArts konpainiak lehenengo aldiz sagua alde batera utzi zuen abentura honetan, eta bere egunean erabaki jakin hau oso kritikatua izan zen. Zaleak eta kritikoak, jende asko teklatuarekin testu-abentura zaharren kontroletara bueltatzearen beldur zen: haserre bizian zeudenak ez ziren gutxi. Haatik, denborak eskemaren egokitasuna argi utzi zuen. Moldaerraza zen, oso, eta aldaketatxo batzuekin generoa ordenagailuetatik at ateratzeko trantsizioa samurtu zuen; ukipen-gailu eta kontsoletara, kasu.

Pertsonaia eta kurtsorea ez kontrolatzeak arazoak ekarri zituen, noski. Diseinuan, bereziki. Objektu berriak sortzeko beste bi batzea ezinezkoa zen; eta inbentariotik nabigatzea, oso astuna. Bidesariak. Neurri handi batean, barkagarriak.

Bere itxuragatik

Jakina, “itxuragatik” diogunean “aspektuari” egiten diogu erreferentzia; zeren argi dago grafikoak pittin bat zaharkituta geratu direla. Are gehiago, egia da bere garaian ere punta-puntakoak ez zirela eta, apika, pantailan ikusten ditugun tokietan behar baino gauza gutxiago mugitzen direla. Halere, egon. Erreparatu diozue Art Décoko eraikinei, aztekar artean inspiratutako elementuei eta film beltzetatik ateratako irudiei; eta nola “Grim Fandango”k nahasten dituen elementu hauek guztiak? Estilo artistiko ikaragarria du joko honek, elegantea; gogorra bezain sofistikatua. Pertsonaien nortasun erakargarri eta landuak bezala.

Honen harira, eta Manny, Merche eta besteen inguruan ari garenez, ezin ukatu pertsonaien diseinuagatik gogoratzen dugula bereziki abentura hau. Mexikar folklorean oinarrituta, oso zuzendaritza artistiko adimentsu, pertsonal eta ausarta sinatu zuten Peter Tsacle eta Peter Chan artistek. Ongi pentsatuta, gainera: eskeleto eta buru-hezurren 3D modeloen forma zorrotzek lana dezente arindu zioten jokoaren motoreari, poligonoetan diseinatzea oraindik zaila zen garaian.

Belarrietatik sartzen denagatik

1998. urtean argitaratu zenean, eta baita egungo berrargitalpenean ere, soinu bandanren irizpidean jaso ditu “Grim Fandango”k nota, laudorio eta esker on gehien. Peter McConnell konpositoreak ikaragarri ongi sortu eta zuzendu zuen Bebop eta Big Band estiloetan funtsatutako musika. Omentzen dituen pelikuletatik, jazzetik, hegoamerikar soinuetatik eta swingetik; handik eta hemendik hartutako zatitxoek forma polita ematen diote osoari. Jokotik kanpo beren existentzia justifikatzen duten partitura hauei. Mintzatutako dialogoak, beren aldetik, erabat profesionalak: jatorrizko bertsioan, baita bikoiztutakoetan ere, frantsesa eta gaztelaniakoa barne.

Benetako gozamena, bideo-joko honetan belarrietatik sartzen dena.

 

... baina, batez ere, bere istorioagatik

Buru-hausgarriei soluzioa aurkitzearen asetzea, paisaia ederrekin liluratzea, musika itzelarekin plazera sentitzea; “Grim Fandango”k horrela ordaintzen ditu jokalariaren aitzinera egitearen esfortzuak. Alabaina, kasik ezerezean geratzen da hau guztia benetako sariarekin alderatuta. Eta ahoberokeria dirudi, baina ez: behin Manny eta bere nahigabeak ezagututa, zail baino zailagoa da istorioa alde batera uztea amaieran zer gertatzen den jakin arte.

Pertsonai gehienak hilda egongo dira, ez ordea beren nortasun eta motibazioak. Batzuk daukaten eskasarekin konformatzen dira, beste batzuk handinahiak dira bizitoki duten estolderian, eta dena atzera utzi eta xede pertsonala bilatzen dutenak ez dira falta. Ustelen artean ustelenak, krimena, desira ezkutuak eta buru propioa barkatzeko motibazio itsua; Hildakoen Lurralde honetan dena nahastu eta hankaz gora jartzen da istorioak irauten duen urte batetik bestera. LucasArts, Sierra edo gainerako sortzaileen abentura andana jokatu ditugu, baina hau ezberdina da. Jada ez gaude parodia edo pasadizo hutsal baten aurrean, dibertigarria akaso, baina jakingura sortzen ez duenaren aurrean.

Jokoa bukatu eta urteak pasata, behar bezalako amaiera paregabeak uzten duen aho-zapore onez oroituko da jokalaria. Enigma guztien soluzioa eta gertatzen den guztia jakinagatik, eleberri eta pelikula onekin gertatzen den bezala, diskoei hautsa kendu eta berriro jokatzeari ekitea ez da zaila. Eta aurretik esandako guztiarengatik, baina bereziki honengatik, inolako beldurrik gabe eta aho handiz, berriro diot: “Grim Fandango” Historiako abenturarik onena da.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

163
Kide

2
Jolasten

26
Online

Azken erantzunak

Urdinberde Feb. 10, 2019, 7:47 p.m.

eta astirik baduzue hyrule warriors, tingles rupee land, tingles baloon trip of love, links crossbow training eta navi trckers. Eta batenbat ahaz...
Zeldaren kondaira euskaratu dugu

Urdinberde Feb. 10, 2019, 7:41 p.m.

oso ona, orain itzuli zelda 2: links advesnture, zelda a link to the past, zelda link awekenin, zelda orocle ages eta season, zelda: ocarina of tim...
Zeldaren kondaira euskaratu dugu

Igor Okina Feb. 3, 2019, 2:58 p.m.

Estrategia zale bezala, esan biharra daukat zerrenda horretako ia bat be ez jatela interesatzen (akaso Cyberpunk 2077, baña ez dot uste 2019 irteng...
Onena etortzear dago: eta 2019an zer?

Iker Ibarguren Jan. 25, 2019, 9:08 a.m.

demoa probatu nuen aurrekoan eta urteetan atzera egin nuen... lehen aldiz joko hau bera jokatu nuen unera... a zer ohiuak!! ;)))))))
[AURRERAPENA] Resident Evil 2

Urtzi Odriozola Sept. 30, 2018, 11:09 p.m.

Kaixo!! Pozten gara!! Lanean jarraitzeko indarrak ematen dizkigu honelako erantzunak ikusteak! Mila esker!
'Wonder Boy': klasiko baten gaurkotze arrakasta...