Arc System Works sortzaile japoniarra borroka-jokoen zaleen artean benetan arrakastatsua bilakatu da azken urteetan. Persona 4 Arena, BlazBlue eta batez ere Guilty Gear Xrd-ek bideojokoen azpigenero honen berpizkundean lagundu dute, eta horri esker Bandai Namcok Dragoi Bolan oinarrituriko borroka-jokoa prestatzeko agindu diete, emaitza ezinhobeak lortuz. Dragon Ball FighterZ gure artera iritsi da azkenik.
Dragoi Bola eta bideojokoen jarraitzaileek soberan ezagutuko dituzte Budokai eta Budokai Tenkaichi sagak, PS2aren aroan horrenbesteko arrakasta lortu zuten Son Gokuren borroka azpigeneroaren jokoak. Ordutik hona joko hauek hasitako bidea jarraitzen duten adibide ugari izan ditugu, baina orokorrean ez dute PS2ko jokoen besteko izen ona lortu: Burst Limit, Raging Blast edota Battle of Z-k ez zuten bete zaleek esperotakoa. Orain gutxi estreinaturiko Xenoverse 1 eta 2-k Son Gokuren bideojokoak neurri batean berpiztu badituzte ere, jarraitzaileek beste zerbaiten bila aritu dira.
2017ko E3an izan genuen FighterZ-ren berri lehen aldiz. Manganimearen estetika leialtasun handiz islatuz, 2D estiloko joko bat erakutsi ziguten Bandai Namcoekoek, gainera borroka azpigeneroaren zaleen artean oso maitatuak dire Arc System Worksekoek sortutako obra bat dela baieztatuz. Nola ez, mundu guztiko zaleak txora-txora eginda geratu ziren baina, horrenbesterakoa izan al zen hauen erreakzioa?
ArcSys eta Dragoi Bola
Ez da Arcsys-ekoek Son Goku eta lagunen bideojoko bat sortzeko enkargua hartzen duten lehen aldia. Akira Toriyamak sorturiko manga ospetsua hauen eskuetatik igaro da hiru alditan, 2004ean Game Boy Advancerako Supersonic Warriors sortu zutenetik orain dela hiru urte 3DSrako estreinaturiko Extreme Butodenerarte. Hala ere, orain artean Son Gokuren borroka-jokoak kontsola eramangarrietarako argitaratu dituzte soilik, frankiziarekin beti zerbait gehiago egin ahal izan zitekeelakoaren zera horrekin utziz jarraitzaileei. Beraz, FighterZ Arc Systemekoek Dragoi Bolarekin batera "plataforma handi" batean lan egiteko lehen aukera dela esan dezakegu.
Manga bizitzara eramanez
Arreta deitzen duen lehenengo gauza jokoaren aparteko atal grafikoa da. Dagoeneko ikusita daukagu ArcSysekoek lortu dezaketena Cel Shading estetika erabiliz Guilty Gear Xrd-ekin, baina kasu honetan lan izugarria egin dute FighterZ-rekin, Dragoi Bolaren animea ikusten ari garela sentiaraziko baitigu bideojokoak. Harritzekoa bada ere, bideojokoa hiru dimentsioetan sortuta dago: pertsonai eta paisaiak ez dira sprite-ak, 3Dan eraturiko modelo eta tokiak ikusiko ditugu uneoro. Erabilitako plano eta shaderren arteko nahaste argi bati esker eskuz marraztutako irudien aurrean gaudela pentsarazten digu FighterZ-k.
Pertsonaien modeloak, borrokan arituko garen eszenarioak eta jaurtiko ditugun Kamehame eta bestelako izpiak, denak sortu dira arreta handiz Toriyamaren obra errespetatuz. Aipatzekoa da pertsonaien animazioetan jarritako lana, manganimeko pose eta mugimenduak fideltasun osoz eramanez bideojokora. Toriyamak sortutako obraren zale sutsuenek ederto pasako dute mugimendu bakoitzari bizia eman dion mangako bineta edo animeko une zehatza identifikatzen. Nola ez, guzti hau 60 frame segundura, borroka jokoetara derrigorrezkoa den ezaugarria izanik joko azkar bat ziurtatzeko.
Borroka sutsuak
Grafikoek txunditurik utzi gaituzte, baina gai hau ez da FighterZ-k nabarmentzen duen atal bakarra. Hiru pertsonaiz osaturiko taldeekin, borroka azkar eta zirraragarriak biziko ditugu jokoan. Marvel Vs. Capcom sagaren ezaugarri asko bereganatzen ditu FighterZ-k, aldi berean gehigarri propioak erantsiz gameplay-ari. Hortaz, combo luzeak izango ditugu nagusi, oso erraza izanik 40-50 kolpeetara iristea behin bideojokoa ulertzen hasten garenean. Airean biziko ditugun borrokak ere gakoa izango dira, Dragoi Bolaren beste joko batzuetan ez bezala hegan egitea posiblea ez bada ere denbora asko igaroko dugularik zeruan kolpeak ematen.
Son Goku, Vegeta, Satan Txiki eta Freezer bezalako borrokalari ezagunekin jokatu ahalko dugu, baita Dragon Ball Super anime berriko Bills edota Hit-ekin ere
Hiru kolpe mota izango ditugu: Light, Medium eta Heavy bezala ezagutuko direnak. Pertsonai bakoitzak animazio propioak izango ditu, erasoak ezberdinak izango direlarik tekla edo input bakoitzaren funtzioak berdina izaten jarraituko duen arren. Beraz, borrokalari bakoitza ezagutu beharko dugu, bai berarekin jokatu edo aurkari bezala dugunean zer egin jakiteko. Halere, sortzaileak kontrol-eskema sinple bat mantentzen ahalegindu dira, eraso bereziak eta bestelako aparteko mugimendu gauzatzeko “ilargi-laurdenak” eta tekla bat zanpatu beharrez.
Kontrolak exekutatzeko sinpleak dira, borroka-jokoen munduko hasiberrientzako ezinhobeak izanik baina horrek ez du esan nahi jokatzeko erraza izango denik, maila altuetan aritzeko elementu anitz ezagutu eta kontrolatzea derrigorrezkoa bilakatuko baita. Esan bezalaxe, hiru pertsonaiz osaturiko taldeak erabiliko ditugu, hauen artean edozein unetan aldatzeko aukerarekin. Ez hori bakarrik, erreserban ditugun borrokalariak eraso berezia jaurtitzeko soilik erabili ditzakegu eta, horrela gure comboak luzetu edo une arriskutsu batean gure burua babesteko erabilita. Halere, kontuz handiz erabili beharko dira assist-ak, etsaiak hauek zauritzeko arriskua baitago.
Borroka-joko lehiakorren bigarren urrezko aro bat bizitzen ari garela esan dezakegu: Guilty Gear Xrd, Tekken 7, Street Fighter V, Injustice 2, King of Fighters XIV, Killer Instinct, Mortal Kombat X, Marvel Vs. Capcom Infinite, SkullGirls, Super Smash Bros. 4 edota datorren Soul Calibur VI bezalako bideojokoak dira honen erakusgarri.
Normalena manganimeetan oinarrituriko borroka azpigeneroko jokoak beste kategoria batean sailkatzen dira, hauek publiko orokorrarentzako errazagoak izanik, ikuskizuna bilatuz kontrol sinpleagoekin. FighterZ hauen eta joko lehiakorren artean aurkitzen da, oreka bat mantenduz. Borroken munduko hasiberriek eta adituek, bi jokalari motak buruan izanda sortu da FighterZ.
Zerupean indartsuenak
24 pertsonaia izango ditugu guztira FighterZ-n (DLCak iritsi artean, behintzat), hiru gehiago desblokeatu beharrarekin hauekin jokatu nahi izanez gero. Son Goku, Vegeta, Satan Txiki eta Freezer bezalako borrokalari ezagunekin jokatu ahalko dugu, baita Dragon Ball Super anime berriko Bills edota Hit-ekin ere. Pertsonaien aurkezpena ezinhobea da, bakoitzak intro, mugimendu eta elkarrizketa propioak izanik. FighterZ-n borrokalari bakoitza besteengatik guztiz ezberdinduta dago, hauen eraso bereziak ikustea ikuskizun hutsa izanik.
Jokatzeko modalitate anitz dakartza FighterZ-k. Bideojokoak ez dauka ohiko menu nagusi bat, jokoa hasten dugunean sarean dagoen lobby batean azalduko baitgara. Lobby honetan beste erabiltzaileak ikusiko ditugu, norbera bere pertsonaitxoarekin. Bertan beste jokalarien aurkako borrokak hasi ahalko ditugu “Ring Battle” izenekoak sortuz, edo lobbyaren inguruan kokaturik dauden joko-modu ezberdinetara sartu.
Nahitaezkoak diren Arcade eta Online moduez gain, Story Mode luze bat dauka jokoak bere baitan. Kasu honetan istorio berri baten aurrean gaude, bideojokoarentzako bereziki sortua. Pertsonai berri baten inguruan arituko da argumentua, A-21 izeneko Red Ribboneko androide bat. Zinematika eta elkarrizketa bidez egingo du gidoiak aurrera, interesgarria baina sinplea den istorio bat kontatuz.
Story Mode-an jokatzerako unean, kapitulu desberdinetan zehar aldatzen joango den taula bat aurkeztuko zaigu. Gure taldea hortik mugituko da, etsaiei aurre eginez edota beste pertsonai batzuk salbatuz, mailaz igoten dugun bitartean taula bakoitzeko etsai nagusiarengana iritsi arte. Hau garaitzerakoan, hurrengo kapitulura igaroko gara.
Ezer berezirik izan ez arren Dragoi Bolaren zaleek asko eskertuko dute jokalari bakarrarentzako modalitate hau, Son Gokuren lagun eta etsaien arteko solasaldiek une dibertigarriak eskaintzen dituzte eta. Hala ere esan beharra dago lar erraza suertatzen dela: etsaien adimen artifizialak akats asko egiten ditu modalitate honetan, eta askotan geldi geratuko diren panpinak baino ez dira izango. Askorentzat tutorial bat besterik ez da suertatuko modu hau. Dena dela, Story Modea baten gainditu ondoren desblokeatuko dugu zailtasun handiko modua, baina jokalari askok bertan behera utziko dute berriro modu osoa gainditzeko aukera.
Zailtasun handiagoa bilatzen dutenentzako Arcade modua perfektua izango da. Kasu honetan bide desberdinak azalduko zaizkigu etsaiei gainditzerakoan, eta borroketan lortutako puntuazioaren arabera bide bat edo beste igaroko dugu automatikoki. Hasierako borrokak arazo askorik gabe gaindituz gero hurrengoetan etsaiek ez dute errukirik izango, hauei irabaztea latza izango delarik.
Erabilitako plano eta shaderren arteko nahaste argi bati esker eskuz marraztutako irudien aurrean gaudela pentsarazten digu FighterZ-k
Behin Story eta Arcade modeetan aritu ondoren, sarean zehar mundu osoko etsaien aurka egiten arituko gara. FighterZ benetan indartsu azaltzen da atal honetan, aukera asko emanik beste jokalari batzuen kontra jokatu nahi izanez gero: borroka berdinduak jokatu ahalko ditugu, puntuak irabaziz mailaz igotzeko horrela jokalari trebeagoen aurka arituz.
Giro lasaiago batean jokatu nahi izanez gero, edozein jokalariren aurka aritu ahalko gara, puntuazioa alde batera utziz. Horretaz gain, lobby-an aurkitzen diren jokalariekin batera Ring Battle izenekoak sortzeko aukera izango dugu, posibilitate berriak izanik: adibidez, 6 jokalarik borroka berberan parte hartzea, bakoitzak pertsonai bakarra kontrolatuz.
Tamalez, jokoaren lehen egun hauetan zerbitzariek arazo ugari aurkeztu dituzte: oso ohikoa da partidetatik deskonektatzea, berriro ere zerbitzarira sartu beharrez. Horretaz gain, ez dago gure plataforman gehituta ditugun lagunekin batera jokatzeko modu errazik. Hau lortzeko zerbitzari berberean sartu eta gure laguna lobbyan bilatu beharko dugu, menu batetik zuzenean berarekin jokatzeko aukera alde batera uztea ulertezina da. Dena dela FighterZ-ren netcodea ezinhobea da borroken arazoak behin atzean uzten ditugunean. Konexio makala izan arren partidak arinak dira, lag-ik azaldu gabe.
Nola ez, tokian tokiko borrokak ere bizi ahalko ditugu, PC edo kontsola berberean bi mando konektatuz. Azkenik, entrenamendu modu interesgarri bat dakar FighterZ-k, erronka ezberdinekin edota CPUari input zehatz batzuk ezartzeko aukerarekin, mugimendu espezifiko batzuen kontra egin beharrekoa praktikatu nahi izanez gero.
Soinuari dagokionez, ahotsak japonieraz edo ingelesez entzuteko aukera ematen digu FighterZ-k. Adierazi beharra dago ingelerazko itzulpenak akats batzuk aurkezten dituela, pertsonaien ahotsak askotan desinkronizatuta doaz eta, lip-syncaren lan trakets bat azalduz. Soinu banda propioa aurkezten digu jokoak, abesti ugari izanik: pertsonai eta kokaleku bakoitzak bere abestia dauka, menuetako edota Story Modeko konposizioez gain. Aparteko lana egin dute Arc Systemekoek alor honetan, era askotako musika sortuz baina aldi berean Dragoi Bolaren ukitu ezagun hori alde batera utzi gabe. DLCei buruz hitz egin beharra dago, Bandai Namcok dagoeneko iragarrita dauka animearen abesti sortu bat dakarren gehigarri digitala eta.
FighterZ Dragoi Bolaren zale askok itxaroten zuten bideojokoa da. Borroka azkar, zirragarri eta zirraragarriak biziko ditugu jokoan, aparteko atal grafikoarekin batera. Edozeinek gozatuko du borroka-joko honekin, generoko hasiberri edota adituentzako aproposa izanik baina batez ere Akira Toriyamak sorturiko manganimearen jarraitzaileek primeran pasatuko dute FighterZ-rekin.
Artikulu originala PixelBerri blogean argitaratu zen.
Iruzkinak (3)
Iker Ibarguren 2018ko ots. 7a, 23:07
Wow!! Zelako artikulua!! Latz!
Urtzi Odriozola 2018ko ots. 8a, 00:21
Pfff ez dakit komentatzeko ezer geratu den!! Beno bai, Steam-en 60€tan dagoela. Erosteko gogoa ematen du hau irakurrita, baina agian pixka pixka bat itxarongo dut :P
Lander Unzueta 2018ko ots. 8a, 00:46
Eskerrik asko hemen publikatzen uztearren!
Jokoa Steamerako erosi nahi izanez gero, WinGameStoren 42 eurotara dago une honetan. Denda ofiziala da, arazorik gabe eros dezakezue bertan.