Shin Megami Tensei sagan, deabruak, mitologia, erlijioa eta morala dira oinarriak. Bideojoko hauek rol-jokoak dira, oso gutxitan atera dira Japoniatik, eta oso zailak dira, arrazoi hauengatik kultuzko saga kontsideratzen dute batzuek. Jokoak elkarren artean independienteak dira. Aspaldi izan nuen analizatuko dudan joko honen berri, eta azaldu ezin dudan arrazoi batzuk direla eta, interes obsesibo bat hartu nion, honi buruz izan zen nire lehenengo berria Game Erauntsian.

Joko hau 2013ko apirilean jarri zen salgai Japonian, hortik gutxira Ameriketan, eta 2014ko urrirarte ez zen Europara iritsi. Berandu iritsi zen, digitalki bakarrik iritsi zen, ingelesez bakarrik, baina 20 euro besterik ez. Hainbeste denbora zain egon ondoren, pena merezi izan du? Orain kontatuko dizuet.

ISTORIOA

Joko hau Erdi Aroko azken urteetan gertatzen da, Europako fikziozko Ekialdeko Mikado erreinuan. Flinn gaztea da (hobeto esanda, zu zara) jokoaren protagonista nagusia. Flinn eta heldutasunera iritsi diren beste gazte batzuk samurai izendatu dituzte erritual batean. Beste gazteak Jonathan, Walter, Isabeau eta Navarre dira.

Komentatzearren, Navarre dalakoa tontolapiko galanta da eta azkar kenduko dugu gainetik. Baina horrenbeste izen egonda aukeratzeko, japoniar hauek izen hori hartu behar zuten? Kointzidentzia zoro bat izango da, baina egia esan ez dit grazia handirik egin.

Samurai hauen betebeharra erreinua deabruengandik babestea da. Hiri erdian aurki dezakegun Narakuko katakunbetan hainbat deabru dago, eta hauek kontrolpean eduki behar dituzte, katakunbetatik atera ez daitezen eta erreinuan bakea izan dadin.

Baina bakeak ez du asko iraungo. Behin katakunba horietatik "Samurai beltza" deituriko pertsonaia misteriotsua aterako da, eta bere erruz gertuko herri batean kriston sarraskia egingo dute deabruek. Flinn eta bere lagunak pertsonai honen atzetik dabiltza, baina katakunbetara itzuli da berriro. Hauen betebeharra katakunben barnealde sakonenera joatea da, Samurai beltza harrapatu eta exekutatzeko, baina katakunbetan behera doazela, bapatean gaur egungo Tokyoko eraikin altu batean bukatuko dute.



Tokyo honen giroa zeharo apokaliptikoa da, deabruek zeharo inbaditu dute, eta gizakia lurpean bizitzera kondenatu, metro geltokietan. Gazteak Samurai beltzaren bila dabiltzala, hainbat jende ezagutuko dute, eta asko ikasi Tokyoko bizimoduaz.

Tokyon ere, hainbat deabruri egin beharko diete aurre, baina beraien indarrak ez dira nahikoa izango. Deabruekin negoziatu beharko dute hauek taldetxoarekin bat egin dezaten, eta horrela indartsuagoak diren beste deabru batzuk akabatu.

Istorioa aurrera doala, Flinnek hainbat erabaki moral hartu beharko baditu. Erabaki horiek Mikado eta Tokyoko etorkizuna markatuko dute. Bere esku dago erabakitzea zein izango den Mikado eta Tokyoren etorkizun onena.

Noren alde jarriko da Flinn? Jainkoekin bat egingo al du (Legea)? Deabruekin bat egingo al du (Kaosa)? Edo inoren alde (Neutrala)?

Jokoan aurrera nindoala, istorioak engantxatu ninduen. Umorezko momentu batzuk ere ditu. Egoera askok galderak sortu besterik ez dituzte egiten, baina geroago dator erantzuna. Hala ere, istorioak tapatu gabeko zulo batzuk ditu. Pertsonai nagusiak nahiko "planoak" dira. Egia esan, xarma gehiago dute bigarren mailako pertsonaiek eta deabruek, protagonistek baino.



GRAFIKOAK

Jokoaren estetika Japoniako mangaren estilokoa da. Nahiz eta ni neu mangazalea ez izan, itxura aldetik ondo gelditzen dela uste dut.

Itxura pixkat minimalista da, baina ez hainbeste. 3D inguruneak nahiko ondo detailatuta daude, animazioak oso estatikoak dira eta deabruak 2D spriteak dira, baina gertutik ikusita oso detailatuta. Paisaiak irudikatzeko erabili dituzten irudiak oso ondo eginak daude. Baina ez dut uste hau denon gustokoa izango denik.

Kuriositate bezala, pertsona desberdinekin hitzegitean, hauei ez zaizkie aurpegiko ezaugarriak ikusten. Hau lehenengo jokoaren (1994, SNES eta PS1) imitazio bat da, horrela agertzen zirelako, beherago argazki batzuk jarri ditut konparatzeko. Joko honek aurretik ateratakoak modu askotan omentzen ditu, baina horien zerrendatzea denak jolastu dituztenen esku uzten dut, hau kasualitatez bakarrik jakin dudalako.

3DS kontsolari ezin diogu asko eskatu, honen potentzial falta dela eta, baina pantaila txiki batekin jolasteko nahiko ondo utzi dutela uste dut.



SOINUA

Jokoan dauden testu eta elkarrizketa gehienak ingelesera bikoiztuta daude. Bikoizketa oso ondo egina dagoela iruditzen zait, hizkera garbia da, ondo ulertzen da, eta antzematen da atzean dauden aktoreek gogoa jarri dutela lan txukuna egiteko.

Soinu-banda ere asko gustatu zait. Erdi aroko musika "toke elektroniko" batekin emulatzen dute, borroketarako rock piezak ditugu (ez beti), eta Tokyorako musika elektronikoa erabili dute. Ondoren zerrendatu ditut nire gogokoak diren batzuk:




JOLASTEKO ERA

Hasieran aipatu dudan bezala, saga honen jokoak oso zailak dira, baina zorionez joko hau ahalik eta jende gehienarentzat irisgarria izateko prestatu dute. Zailtasuna aukeratu dezakezu partidan zehar, nahi duzunean. Hasieran zailtasun normalarekin hasi nintzen baina askotan hiltzen nindutenez, ez frustratzeko, errazera pasa nintzen. Gainera nahi dugunean gorde dezakegu jokoa. Hala ere ez pentsa hain erraza denik, etsai nagusien aurka asko izerditu dut eta.

Narakuko katakunbetan pasatzen ditugun lehen minutuak jokoaren tutorial bat dela esan genezake. Egia esan, inoiz ikusi dudan tutorial gogorrena da, eskerrak geroago errezagoa bihurtzen dela, baina hasieratik hasten da jokoa kaña ematen.

Jokoa ingelesez da, ingeles jasoa gainera. Hizkuntzarekin ondo moldatzen bazarete, ez dut uste arazorik edukiko duzuenik testuingurua ulertzeko. Ez bazarete moldatzen, ez zarete ezertaz enteratuko.

Tokyon esploraziorako aukera asko dago, baita galtzeko ere, eta istorioan zehar aurrera jarraitzeko toki konkretu batzuetara joan behar gara. Nahiz eta mapa bat eduki, honek ez digu inoiz seinalatuko non dauden joan behar garen leku horiek. Jokoak Tokyo ondo ezagutzen duzula uste du, eta nik hiriari buruz ez dakit ezer. Birritan informatu behar izan nintzen interneteko gida batean, estankatuta nengoelako.

Jokoan zehar hautazko ekintza desberdin pila ditugu (ingelesez "Challenge Quest"). Oso ondo daude mekanikekin familiarizatzeko, baita hiriarekin ere, protagonista indartzeko aukera ona da eta deabru gehiago gure taldean sartzen aprobetxatzeko. Zoritxarrez, askotan ez dut jakin nora joan behar nintzen ekintza konkretu batzuk egiteko, aurreko paragrafoko arrazoiengatik. Eta are okerrago, istorioan aurrera egiteko, hautazko ekintza batzuk derrigorrezko bihurtzen dira, hemen birritan ere gelditu nintzen estankatuta.

Jokoak DLC batzuk ditu, edukia pertsonaiaren itxura pertsonalizatzeko jantzi batzuk bakarrik dira, eta hautazko ekintza batzuk ere, hauek ez dute inongo eraginik istorioan. Hala ere, garatzaileek esan zuten DLC guztiak barne jasoko genituela jokoa erostean, ez genituela aparte erosi beharko, eta azkenean ez da horrela izan. Beraien aldetik bezeroarekiko tratua oso txarra izan dela iruditzen zait. 10 extra gehiago ordaindu beharko ditugu denak eduki nahi baditugu. Jokoa oso berandu iritsi da, eta gainera gaizki.



Hirian zehar gabiltzala, aireko perspektiba dugu, puntu batek adierazten du non gauden. Metro geltokietan, eraikin desberdinen barnean edo hiriko toki batzuetan perspektiba hirugarren pertsonara aldatzen da. Borroketan berriz, lehenengo pertsonara pasatzen gara. Borrokak txandaka dira, eskola zaharreko txandakako RPG bat da hau. Ez naiz RPGtan aditua, baina sistema oso intuitiboa iruditu zait.

Borrokan zehar, edo hasi aurretik, deabruekin hitzegiteko aukera dugu, hauek gurekin bat egin dezaten. Horretarako beraiekin negoziatu beharko dugu, batzuetan gurekin bat egingo dute, eta beste batzuetan erasoko digute. Deabru bakoitzak bere nortasuna du, hori dela eta umorea ez da faltako joko honetan.

Samuraiek eskumuturreko berezi bat daramate hasieratik, eta honen funtzioak smartphone baten antzekoak dira. Hemen kudeatu dezakegu daukagun "item" kopurua, gurekin dauden deabruak, ikusi ditugunak eta hauei buruzko informazioa, partidak gordetzea, "statusak",... Baina ezin dugu kontrolatu dauden deabru guztietatik zenbat ikusi ditugun, ezta horietatik zenbat ditugun edo eduki ditugun.

Guztira 400 deabru desberdin daude, bakoitza bere karismarekin. Ez dugu zertan denak eskuratu, baina erronka aparta izan liteke. Helduentzako Pokemon bat dela esaten dute batzuek.

Deabruak mundu osoko pertsonaia mitologioak dira, gehienak asiakoak. Tamalez ez dut topatu euskal mitologiako pertsonairik. Pena :(

Eskumuturreko smartphonak aplikazio berezi bat du: Itzalen katedrala. Aplikazio honen bidez, ditugun deabruak fusionatu ditzakegu, deabru berriak eta indartsuagoak (batzuetan ahulagoak) sortzeko. Aplikazio honek potentzial handia dauka, baina ez da oso intuitiboa, asko kostatu zait trukoa harrapatzea.



Protagonistak Tokyo eta Mikadorentzat etorkizun egokiena erabaki beharko du, eta erabaki bakoitzeko amaiera desberdin bat dago. Jokoan 3 alineazio desberdin daude:
  • Legea: jainkoarekin bat egingo du.
  • Kaosa: deabruekin bat egingo du.
  • Neutrala: ez bata ez bestea.
Jokoan zehar, egoera desberdinetan, erabaki batzuk hartu behar ditugu. Hautatutako erabakiaen arabera, alineazio batean edo bestean amaituko dugu. Deabruek ere alineazio desberdinak dituzte, eta gurekin dauden deabruen alineazioek ere eragina dute gurean. Gurekin batera dauden beste samuraiek ere askotan lagunduko digute erabaki onena hartzen.

Nik jokoa Kaosan eta Legean pasatzea lortu dut. Hauetako bat aukeratu nahi badugu, erraza da nahi dugun alineazioa lortzea. Neutralera iristea berriz, oso zaila da, hartzen ditugun erabaki guztien artean oreka bat lortu behar dugulako. Ez dakit gai izango ote naizen egunen batean falta zaidan alineazio honekin bukatzeko.

Jokoa amaitzean, berriro hasi nahi badugu, bukatzean genuen maila eta tresna guztiak mantendu ditzakegu. Honi esker, erraza izango da berriro jolastea; eta beste amaiera bat nahi badugu, bukaerara azkar iristea. Lehenengo partidarako 50 ordu behar izan nituen, bigarrenean berriz, gehienez 20, eta aukera honi esker, bestela beste 50 inguru ziur.



ONDORIOA

Nahiz eta berandu iritsi, urte eta erdi zain egoteak pena merezi izan du. Izugarri disfrutatu dut jokoarekin, istorioa entretenigarria iruditu zait eta musika asko gustatu zait. Nahiz eta RPGtan aditua ez izan, oso gustora egon nahiz jolasten. Jokoa ez da perfektua, bere ahuleziak ditu, eta hurrengorako kontuan hartu ditzatela espero dut. Denoi gomendatzen dizuet, emaiozue aukera bat. Ingelesarekin ez bazarete moldatzen, orduan bai ez dizuedala gomendatzen, erabiltzen den hizkuntza-maila oso jasoa delako. Estankatzen bazarete, lasai, hemen nago laguntzeko ;)