Batman pertsonaiaren fan sutsua izanik, Arkham jokoen jarraitzailea izan naiz lehenengoa atera zenetik. Oso joko onak dira Rocksteadyk eginiko entregak eta aurten kaleratuko da euren bildumako hirugarren eta azkena: Batman Arkham Knight. Pasa den astelehenean argitaratu zuten borroka mekanika berri batzuk erakusten dituen trailerra, Dual Play delakoa izanik garrantzitsuena. Eta noski, nire jokoa lortzeko gogoak handiak baziren ere, orain biderkatu egin dira. Zer egin nuen orduan? Aterako diren bertsioen informazioa jaso.


Aurrekoen GOTY bertsioak erosi nituen duela gutxi Steam-en, eta hauetan jokoen eduki guzti-guztia dago bildurik. Gauza bera egin nahi izan dut azken entrega honekin eta, beraz, DLC pack guztiak lortzeko era baten bila aritu naiz. Lan horri esker industriaren joerak topatu ditut aurrez aurre, benetan sutu nautenak.

Hasteko, DLC bat PlayStation 4ean bakarrik egongo da eskuragarri, eta beste plataformetan gabiltzanok (ordenagailua, nire kasuan), ezingo dugu lortu. Aurrerago egindako ikerketa txiki batek eduki hau udazkenean helduko dela beste plataformetara ikusarazi dit, dena den. Denda zehatz batzuetan erosten dutenentzat eskuragarri egongo den beste DLC bat ere badute, gure kasuan GAME izango litzatekeena. Nire ordenagailuak DVD irakurgailu bat ez duenez, ezingo dut eduki hori ukitu ere egin. Hirugarren DLC pack bat aurre-erosketa egiten dutenentzat bakarrik egongo da eskuragarri. Hau da, Rocksteadyn itsu-itsuan fidatu beharko dugu, kritikak dioena jakin aurretik bere prezioa ordainduz pack hau lortzeko.

Gainera, trailer berriarekin batera, Season Pass delakoa erakutsi digute, 40 euroren truke salgai egongo dena, eta 6 hilabetetan zehar eduki gehigarria eskainiko duena. Honen esanahia ulergaitza da oso... DLC guztiak 6 hilabete hauetan argitaratuko dira ala 6 hilabete horiek eta gero gehiago argitaratuko dituzte, hauengatik ere ordaindu beharko dugularik?

Erabiltzaileontzat amaitezina dirudien gatazka da hau. Hainbeste DLC lehen egunetik, aurreerosketa egiteko presioa, ulertzen ez dugun eduki garestia... Eta hau dena zergatik? Une honetan enpresa batek bere eduki guztia 60 eurogatik salduko balu, diru asko lortzeko aukerari uko egingo liokeelako. Oinarrizko jokoa lortu nahi duten irabaziaren zati txiki bat bilakatu da, non eduki gehigarria eta mikro-erosketak diren zukua ateratzeko euren metodo gustokoena. Ulertzen dut eta gogoko dut jokoa zabaltzeko edukiaren kontzeptua, baina gaur egun eduki hau jokotik kendurikoa dela dirudi, aurrerago diru extra bat eskatu ahal izateko. Honi buruzko satira bikaina egiten du DLC Quest jokoak, hemen aztertu genuena.

Nazka-nazka eginda nago nire joko gogokoen edukia lortu nahian ibili behar izateaz eta jokalarion aurka egiten duten praktika hauek aurkitzeaz. Guzti hau ikusirik, ziurrenik ez dut jokoa erosiko eta GOTY bertsio baten zain geratuko naiz. Aski da guri muzin egiten diguten enpresei diruzorroa zabal-zabalik uzteaz. Hau guztia noiz argituko zain geratu naiz, jokoaren foroetan hari berri bat ireki dudalarik. Ea Rocksteadyk nire barnean dagoen Batmanen jarraitzaileari erantzuten dion hau guztia azalduz.

Esteka foroetara.

Xabi
// from Indie Totem