Lego Builder's Journey puzzle jokoa Light Brick Studio-k garatu eta Lego Games-ek argitaratu zuen. 2019ko abenduaren 19an lehen aldiz merkaturatu zenean, Lego Builder's Journey joko esklusiboa izan zen hasieran, Apple Arcade zerbitzurako, iOS, macOS eta visionOS-en. Hala ere, jokoa gero Nintendo Switch-era eta Microsoft Windows-era eraman zuten, 2021eko ekainaren 22an eskuragarri bilakatu zelarik. Xbox One-ra eta Xbox Series X/S-ra ere eraman zuten 2021eko azaroaren 25ean. 2022ko apirilaren 19an kaleratu zen jokoaren PlayStation 4 eta PlayStation 5 gailuetarako bertsioa.

Lego markaren piezak erabiliz puzzle interesgarrien konponbidea bilatzera bultzatzen du jokalaria, orokorrean pertsonaia bat toki batetik bestera mugiaraztea eskatuko duena.

 

Norberak hautatutako bidea eraikitzen

Protagonista nagusiak izango diren gurasoa eta umea agertuko dira, hondartzan jolasten. Ikuskera isometrikoa erabiltzen du eta dioramatzat har daitezkeen espazio txikiak izango dira kasu guztietan erakutsiko zaizkigunak. Hasierako mekanika nagusiak ulertu ondoren, umea gurasoaren bideari segika joango da, eta kostaldea atzean utziko dute, ingurumari menditsuagoetara bideratuko direlarik. Aurrera doazen heinean gertakizunak plazaratzen joango zaizkigu eta bien arteko harremana mantentzea jokalariaren helburu nagusia izango bada ere, beste aldagai batzuk ere agertuko dira.

Istorioaren hariari jarraituz, pertsonaia berriren bat gehituko da, abilezia interesgarriekin, ordura arte espero ez ziren aukerak erantsiko dituena. Ez hori bakarrik, abenturaren zenbait ataletan pertsonaiak mugitzeko modu berriren bat ere azalduko da, aniztasun puntu interesgarri bat gaineratuz.

Ume eta gurasoaren arteko harremanak hartuko du pisu gehien, beste harreman batzuk ere egongo diren arren.

Benetako abentura hasi baino lehen, erabiliko ditugun kontrolak soseguz aurkeztuko dizkigu jokoak. Ordenagailua erabiliz, honakoak dira: ezkerreko klika erabiliko dugu Lego piezak hartzeko. Klik laburrak eginez piezaren errotazioa gauzatuko da, bakoitzean 90° mugituz. Pieza bat nonbait ezarri nahi dugunean, ezkerreko klik luze bat erabiliko dugu. Finkatutako piezaren bat berriz hartu nahi izatekotan ezkerreko klik labur bat nahikoa izango da. Eta hori izango da piezei dagokien ia guztia, eskuineko botoia dioramaren kamera pixka bat mugitzeko erabiltzen baita soilik.

Hasieran jokoari eskertu ahal zaiona bere intuitibotasuna da, eginbeharrak erraz ulertzen dira. Jokoak ia ez du testurik erabiltzen eta naturaltasun hau oso modu erosoan jasoko du jokalariak. Orokorrean oso argi dago egin behar dena eta gainera, buruhausgarrien konponbidea lortzeko modu alternatibo desberdinak egoteak bideojokoaren izaera aberasten du.

Jokoak hasiera leun bat dauka, ia edonori bere oinarriak ulertaraziko dizkiona.

Diorama labur ezberdinez osatuta dago, normalean mutur batetik bestera heltzea izango da helburua. Horretarako bide bat ezarri beharko dugu eta ondoren pertsonaiak mugitzeko erabili ohi duen pieza berezia jarri, nahi dugun tokira pausu bat egin dezan. Egindako maila labur guztiak gordeta geratzen dira eta nahi dugunean bisita ditzakegu berriz ere. Zer egin behar den jakinez gero, modu azkarrean askatu daitezkeen puzzleak dira.

Buruhausgarrien konponbidea lortzeko modu alternatibo desberdinak egoteak bideojokoaren izaera aberasten du.

Hasierako bertsioetan ez omen zegoen arren, ondorengoetan sorkuntza modua gehitu zuten. Hemen jokalariari Lego piezak desberdinak eskainiko zaizkio eta egitura bat sortzen joango da. Modu lasaian sortzeko aukera interesgarria izan daiteke. Kasu honetan ere maila desberdinak daude, testuinguru eta pieza desberdinak eskaintzen dituztenak.

Sorkuntza moduak gauza interesgarriak eraikitzera eramango gaitu.

Bideojokoaren gehigarri estetiko bat raytracingaren erabilerarena da. Distirak eta bestelako efektuak sortzen ditu baina eskaera maila handia egiten du errendimendu grafikoari dagokionez. Ezaugarri xumedun ordenagailua izanez gero, komenigarria da ezarpenetara joan eta piztuta dagoen ikustea, kasu batzuetan hasieratik aktibatuta etor zitzaiela salatu baitzuten zenbait erabiltzailek.

Ezaugarri berezi hau kontuan hartu gabe ere, Lego piezez egindako irudiak ondo daude, eta, beraien erara, ikusgarriak dira. Jokoak nahiko argi uzten du dioramaren zein atal diren interaktibotasuna dutenak eta zeintzuk ez. Horrez gain, soinuaren aldeak modu logikoan jarraitzen die irudiek eskainitako egoerei.

Ume protagonistak irristailu bat erabiltzen ikasiko du, mugikortasun aukera berriak zabalduz.

 

Modu argian hasi baina bidean lausotu daitekeena

Bideojokoak zenbait kritika jaso izan zituen, kasu batzuetan kontrolei zegozkienak. Hasiera batean kontrol sinpleak erabili ohi dituzten gailuetarako pentsatua izanda, ez da harritzekoa bi botoiko eskema. Hala ere, zenbait jokalarik botoi gehiagoren erabilera eskertuko lukete, errotazioak egiteko adibidez. Beste kontu bat, piezak jartzeko sistemarena da, erabiltzen ari garen ikuskeraren angeluak eragin nahikotxo baitauka honengan. Nik orokorrean ez dut arazorik izan piezak nahi nituen tokian jartzeko, baina ulertu dut salatzaileak zeri buruz ari diren.

Diorama labur ezberdinez osatuta dago, normalean mutur batetik bestera heltzea izango da helburua.

Nire esperientzia oinarri hartuta, negatibotzat ikusi dudan atal garrantzitsu bakarra aipatu nahi dut. Hasieran esan bezala, jokoak jokalariarengandik zer nahi duen modu intuitiboan agertarazten du. Aurrerantz joan ahala, zeregin, aukera eta aldagai berriak sartzen joango da, baina zailtasun maila berriari ez dio argibiderik atxikiko. Beraz, jokoaren azken herenean, egin beharrekoa egiteko gai garen arren, zer egin behar dugun ulertu gabe ikus dezakegu geure burua. Kasu batzuetan zuzenean ulertuko dugu, baina beste batzuetan beharbada ez, beste jokalari askok salatu duten bezala, jokalariari ekidingarria zen frustrazioa sorraraziz.

Bideojokoa erronka bezala polita iruditu zitzaidan arren, bukaerarantz esperientzia garraztu zitzaidan. Hau saihesteko, ahal izatekotan beste norbaitekin batera jolastea (erronka ulertzeko aukera gehiago izateko) edo irtenbidea sarean topatzea gomendatzen dut, nik egin ez nuen bezala.

Robot laguntzaileak oso baliotsuak izango diren piezak emango dizkigu.

Bere zati errazean esperientzia polit, lasaigarri eta gogobetegarritzat aurkeztu nahiko nuke joko hau. Izan ere, ondo egiten duena modu sinple eta eraginkorrean egiten baitu. Irudiekin Lego pieza bidezko erronka interesgarriak askatzera eramatean, jokalari bat baino gehiago bere haurtzarora eramateko gai izango da. Hala ere, kontutan hartzekoa da, erronken azalpen gabeziak agertzean, esperientzia txartu daitekeela. Dena dela, abentura moduak bi ordu eta erdiko iraupen laburra izanik, jokalariak azkar eta erraz erabakiko du bideojokoak bere denbora merezi duen ala ez.