Izenburuan konturatuko zineten bezala, jokoaren izena euskaraz jarri dut ingelesekoaren ordez (The Rivers of Alice); euskarazko izen hori ez dut neronek asmatu, izen ofiziala da. Duela gutxi komentatu genuen joko hau kontsoletara ofizialki euskaraz iristen zen lehena izan zela, eta gaurkoan joko hau aztertzea tokatzen da. Bertsio hedatu hau momentuz iOS eta Android mugikorretarako, eta Wii U kontsolarako (bertsio aztertua) dago eskuragarri; urte bukaerarako iritsiko da PCtara.
Aliceren bidaiak abentura grafiko bat da. Eskola zaharreko jokoekin konparatuta, abentura grafiko sinple bat. Genero honetan hasi berriak zaretenontzat, edo oso txarrak (ni bezala) zaretenontzat pentsatua. Horrek ez du esan nahi abentura grafikoetan oso zaleak zaretenok gozatuko ez duzuenik, inola ere ez.
Joko honetan, Alice lotara doa, eta ametsetan hasten da. Amets hauetan bere beldurrei egingo die aurre, horretarako bere ametsan dauden elementuekin elkarrekintzan ibiliko da. Bere ametsean jende desberdina topatuko du, eta hainbat puzzle ebatzi beharko ditu.
Agertokian ditugun elementu desberdinekin elkarreragiteko, pantailan ukitu besterik ez dugu. Elkarrekintza posible bada, mugikorrak (edo kasu honetan, Gamepadak) bibratuko dute pantailan hauek ukitzen ditugun bakoitzean. Orduan 3 aukera emango dizkigu jokoak: ikusi, hitzegin edo hartu. Jasotako elementuak eta lortutako informazioa beharrezkoa izango da jokoan zehar aurrera jarraitzeko.
Pertsonaien eta Aliceren arteko elkarrizketak guztiz grafikoak dira, ez dago inongo testurik; marrazki batek azalduko digu zer egin behar dugun, edo zer den behar duguna. Alicek informazio guztia libreta batean jasoko du, nahi dugun bakoitzean kontsultatu ahal izateko. Baliteke batzuetan jasotzen dugun informazioa ez izatea nahikoa guretzat, horrelakoetan nagitasuna izeneko barraskilo lotiarengana jo dezakegu, falta zaigun informazioa eskuratzeko.
Aliceren mugimenduak nahiko motelak dira, batzuetan agertoki desberdinen artean ibiltzea neketsua izan daiteke. Horrez gain, agertoki batetik bestera pasatzean karga-pantaila bat egongo da, zorionez pantaila honek aholku desberdinak ematen dizkigu.
Puzzleen zailtasun-kurba egokia da, hasierakoak sinpleak dira, geroago zailagoak dira. Ez dugu estankatzeko arazo handirik izango, baina burua erabili beharko dugu. Kasu batean estankatuta gelditu nintzen, behin zulo horretatik atera nintzela, konturatu nintzen tontakeri batengatik ez nuela asmatzen, jasotako indikazioak ondo ez jarraitzeagatik.
Jokoaren grafikoak oso ederrak dira; hauen diseinuaz Ane Pikaza artista euskalduna arduratu da, eta egin duen lanagatik zorionik beroenak eman behar dizkiogu. Jokoaren soinu bandaz Vetusta Morla indie talde Madrildarra arduratu da, jokorako hainbat abesti atsegin konposatuz. Grafikoek eta musikak argi uzten digute jokoa patxadaz jolasteko dela; eseri, erlaxatu eta gozatu jokoaren irudi eta abestiez.
Hasieran aipatu bezala, jokoa euskaraz dator. Delirium Studiosi eskerrak eman behar dizkiogu itzulpena egiteko jarri duten ausardiagatik, izugarri estimatzen da jarri duten ilusioa. Ia ezinezkoa da bideo-jokoak euskaraz topatzea, eta izugarri eskertzen da euskaraz jolasteko aukera izatea. Ea etorkizunean Euskal Herriko beste hainbat garatzailek ere gure hizkuntza gehitzen duten beraien jokoetan. Gainera, erakundeek esfortzu bat egingo balute kanpoko bideo-jokoak ere euskaraz iristeko, egoera ezinhobea izango zen.
Zerbait txarra komentatzearren, aipatu nahiko nuke ez zaidala asko gustatu Wii U kontsolan jolasteko Gamepada erabiltzea nahitaezkoa izatea. Nahiz eta telebistan gauza berdina ikusi, zentzugabea da hau piztuta edukitzea. Nire ustez, aukera eman behar zuten Pro-Controllerra erabiltzeko, pantailan kurtsore bat agertuz. Aurrerago iritsiko den PC bertsiorako ziurrenik horrelako mekanika bat erabiliko da, ondo egongo zan hau ere bertsio honetan eskuragarri egotea.
Laburbilduz, jokoak pena merezi du eta denoi gomendatzen dizuet. Duela bi urte atera zuten hasierako bertsioak sari dezente irabazi zituen, eta ondo mereziak gainera. Hizkuntzaren aldetik ere lan txukuna egin dute; gainera eskertzen da kontsoletan kalitatezko joko bat euskaraz jolasteko aukera edukitzea; espero dezagun azkena ez izatea. Emaiozue aukera bat, ziur naiz gustatuko zaizuela.
Iruzkinak (1)
Xabi 2015ko aza. 4a, 11:44
Aupa Ander! Mila esker analisiagatik, aspalditik izan dut joko hau probatzeko gogoa, baina Wii-rik gabe eta mugikorrean halako jokoekin gozatzea ia ezinezkoa delako sinesmenarekin, Steam-eko bertsioa kaleratu arte zain nago. Zure artikulua irakurrita, ziur naiz itxarote honek mereziko duela eta lehen egunean erosiko dut jokoa. Euskaraz egotea asko eskertzen da diozun bezala, eta hemengo joko gehiagok egin beharko lukete, ahal izanez gero.