Game Dev Tycoon: analisia

Game Dev Tycoon 2012an GreenHearts indie enpresak sortu eta argitaratutako jokoa da, Windows, Mac eta Linuxerako. Izenak dioen bezala bertan bideojokoak sortzen dituen estudio baten kudeaketaz arduratu beharko gara. Batez ere simulazio generokoa da, naiz eta estrategia ezaugarri batzuk dituen. Edonola ere atalez ataleko analisi honetan jokoaren gora bera guztiak azaltzen ahaleginduko naiz.

Historia

Jokoak ez du argumentu jakin bat jarraitzen, informatikari gazte baten azalean jartzen gaitu, 80.hamarkada hasierako bideojokoen boomean. Garai haiek abiapuntu gisa hartuta hurrengo hogeita hamar urteetan gure lekua irabazi beharko dugu hain gustukoa dugun industrian. Marka nagusien kontsolen merkaturatzea bertatik bertara ikusiko dugu eta salbuespenak salbuespen kontsola gehienetarako garatu al izango dugu.

Horrez gain bideojokoen historian izan diren gertakari garrantzitsuenetan parte hartzeko aukera ere hor egongo da, E3etan parte hartuz edota joko bikainekin hurrengo urteetarako kalitate estandarretan eraginez.

Azkenik jolasten garen lehen aldian eragina izango duten erabakiak hartu beharko dira, baina behin emaitzak ikusita hurrengo partidetarako erabaki onena hartzeko moduan izango gara, gainera ez dute eragin esanguratsurik partidaren garapenerako.

Grafikoa

Itxura aldetik ez da beste munduko ezer, baina generoa kontuan hartuta espero zitekeen. Bi dimentsiotako grafikoak orokorrean nahiko sinplistak dira, kolore bizi eta lauak erabiltzen ditu eta hain zuzen hori da jolasteko garaian atsegin bihurtzen duena. Pantailan uneoro gure bulegoa ikusiko dugu marrazki bat balitz bezala eta bertan langileak, pare bat animazio sinple dituztelarik.

Bestalde interfazeari dagokionean minimalista bezain praktikoa dela esan genezake, bere funtzioa ezin hobeto betetzen du eta gainera oso intuitiboa da. Azkenik esan jokoak garatzen ari garen hainean burbuilatxo batzuk irteten joango direla teknologia, arte, ikerketa edota akats puntuenak, bakoitza bere kolorearekin. “Simulazioa” (jokoa kalkulatzen ari den tartea) entretenigarriagoa egiten da eta jokoa gutxi gora bera nola doan jakiteko aukera ematen digu. Zoritxarrez aurrera egin ahala pantailan dauden burbuilen karga geroz eta handiagoa da eta errendimenduan galerak eragiten ditu.

Jokatzeko modua

Haurrez esan bezala bideojoko enpresa bat kudeatu beharko dugu industriak dituen 30/40 urteetan zehar, horretarako gure pertsonaia erabiliz jokoak sortzen hasi beharko gara, etxeko garajean hasi eta pixkanaka egoera hobetuz.

Jokoen garapena 3 fasetan banatzen da, bakoitzean hainbat parametroren artean (grafikoak, historia, IA, munduaren diseinua, … ) zeini garrantzi gehiago eman erabaki beharko dugularik. Behin aukeraketa eginda jokoa sortzen hasiko gara, gure langileen gaitasunek baldintzatuko dute lanaren emaitza. Baita aukeratutako gaia eta generoaren arteko sinergiak eta proiektuan inplementatzeko aukera izan dugun teknologiek (hauek berebiziko garrantzia dute, grafikoen kalitatetik hasi eta gau-zikloak bezalako ezaugarriak barnebiltzen baitituzte). Amaitu ondoren, optimizazio fase motz bat izango dugu eta honen ostean jada gure jokoa kaleratzea bakarrik geldituko da.

Zentzu horretan oso ona da, joko mota ezberdinei bideratutako partida egin daitezke (RPGetan erabiltzen diren teknologietan inbertituz, adibidez). Gainera, lau joko gaiekin hasten gara eta beste guztiak pixkanaka lortu beharko ditugu, baina hauek ausaz ateratzen dira (orotara 51 daude) eta beraz partida guztiek kutsu propio bat hartzen dute. Steamerako lorpenak ere lor daitezke, jokoaren bizia luzatuz.

Ondorioak

Teknikoki beste munduko ezer izan ez arren oso adiktiboa eta gomendagarria da. Gainera komunitatean denok gogoko ditugun bideojoko enpresa baten kudeaketa egin behar dugunez gutako askok amestutako jokoak nola edo hala egia bihurtzeko aukera bakarra. Arratsalde luzeak pantailaren aurrean pasatzeko edo une libre batean ordu erdi jokatzeko esperientzia bikaina, irudimen apur batekin lagunduta guztiz murgiltzeko modukoa.

Anekdota bezala, jokoaren garatzaileek (estudio oso txiki bat) jokoak jasan zuen pirateo masiboa zela eta zailtasuna aldatutako bertsio bat zabaldu zuten internetetik. Bertsio horretan jokoan aurrera egin ahala ezinezkoa da aurrera jarraitzea, argitaratutako joko gehienak pirateatzen dizkigutelako enpresa pikutara bidaliz. Bideojokoen munduan bizi den egoeraren isla eta aldi berean ironia krudel bat da.