Ratchet & Clank jokoa PS4an topatu dezakegu. 2002 urtean PS2an argitaratu zen joko originalaren remake bat da, zerotik berregindako joko bat. Analisi honetan oraingo bertsioa bakarrik analizatu dut; originalarekin ez dut sekula jolastu, beraz ezingo dut konparaketarik egin.
Ratchet espazioko zaindari izan nahi duen mekanikari gazte bat da. Bereak eta bi ematen ditu zaindari izateko probetan, baina zaindariak ez dira konbentzituta gelditu, eta kanpoan uzten dute. Aldi berean, beste planeta batean, bertako lehendakariak galaxia konkistatu nahi du, eta errobotez osatutako armada bat sortzen ari da. Clank errobot akastun bat da, eta birtziklatzera bota nahi dute, baina honek planetatik ihes egitea lortzen du. Kasualitatez Ratchetekin bukatzen du, arazoa kontatzen dio, eta biek bat egiten dute armadari aurre egiteko. Bide batez, Ratchet zaindariak konbentzitzen saiatuko da borrokan noraino iristeko gai den erakutsiz.
Jokoan zehar bi perspektiba ditugu: Ratchetekin jolastea, edo Clankekin. Ia beti Ratchet kontrolatuko dugu, eta Clank kasu berezi batzuetan. Ratcheten kasuan, jokoak plataformen eta shooterren mekanikak konbinatzen ditu. Clanken kasuan berriz, plataforma eta puzzleak. Clank kontrolatzeak potentzial handia dauka, gauza asko egin zitezkeen pertsonai honekin, baina izugarri desaprobetxatu da, eta bere presentzia oso anekdotikoa da. Ratchetekin batera dagoenean, propulsore bezala baino ez da erabiltzen.
Ratchetekin gabiltzanean, hainbat arma desberdin eskuratu ditzakegu, eta hauek zenbat eta gehiago erabili, hobetzera jotzen dute. Arma batzuk oso generikoak dira: pistolak, bonbak, su-jaurtigailuak,... Baina beste batzuk oso bereziak dira: etsaiak pixel bihurtzen dituen arma, ardi bihurtzen dituena, dantzan jartzen dituena,... eta nire gogokoena: ixilik egoten ez den, eta heriotz-gosea duen errobot laguntzaile bat, Zurkon jauna. Aukera asko daude, eta guk erabaki behar dugu zein den momentuan egokiena.
Baina dena ez da beti plataformeoa: surf-taula espazial batzuen lasterketan parte hartu dezakegu, espaziuntzian gaudela etsaien untziak erasotu,... Noizbehinka eskertzen dira aldaketa hauek.
Jokoaren eszenatoki bakoitzean zehar hainbat baliabide topa ditzakegu ezkutatuta, armak hobetzeko eta extra desberdinak desblokeatzeko. Berez, nahiko ezkutuan egon beharko lukete, eta jokoan zehar eskuratzen ditugun habilezia desberdinak lortu arte ez ginateke gai izan behar hauek eskuratzeko, baina zoritxarrez, ez da horrela. Ezkutuko gauza hauek eskuratzea ez da inolako erronka, eta orokorrean oso sinpleak dira ia gehienak. Badira kasu batzuk, non hainbat etsai akatzea beharrezkoa den hauek eskuratzeko, baina kasu puntualak dira.
Jokoaren faseak planeta edo espaziuntzietan dira. Lehenengo aldiz iristean, dibertsioa da nagusi. Baina toki berdinera itzultzen zarenean, armak hobetzeko baliabideen bila, hauek huts-hutsik daude, ez dago etsairik. Ez dago aukera berririk arma hobetuak probatzeko, edo gure aurreko marka hausteko. Modu bakarra, jokoa berriro zerotik hastea da.
Jokogarritasuna alde batera utzita, grafikoak eta soinu-banda gelditzen dira aipatzeko. Soinu-banda oso generikoa da, ez da beste munduko gauza. Grafikoak berriz ikusgarriak dira. Pertsonaien modelatzeak, argiak, eszenatokiak, antialiasing, eta abar oso ondo eginda daude. Pena, 30fps fijo baino ez dituela. Norbaitek PS4 Pro baldin badauka, jokoa askoz ere hobeto ikusten da hemen.
Jokoaren istorioa denon gustorako egina dago. Umore asko dauka, eta zinematiketan filme oso entretenigarri baten aurrean gaudela esan liteke. Duela urtebete frankizia honen filme bat egon zen zinemetan, Sony-ren eskutik, baina tamalez kritika txarrak izan zituen. Hau jakinda, hobe jokoan zentratu, eta filmea alde batera uztea.
Digital Foundry-ren bideo hau ikusita, argi ikusten da zernolako hobekuntzak eduki dituen remake honek originalarekin konparatuta. Pena merezi du 5 minutu dedikatzea. Duela 15 urteko jokoaren bertsio hobetua izango da bai, baina zaharra izateaz gain, zeharo berria da aldi berean.
Ondorioz, jokoak pena merezi du. Baditu elementu batzuk gustatu ez zaizkidanak, hobetu beharrekoak, baina oso ondo pasa dut hala ere. Frankiziako nire lehen jokoa izan da, ez dakit ea aurreko jokoen antzeko remake-ak egiteko asmorik duten hala ez, baina jarraitzaile bat irabazi dute dudarik gabe. PS4 baduzue, emaiozue aukera bat, eta aurretik originala jolastu bazenuten, ba eman zuen iritzia, bietatik zein den hobea komentatuz.
Iruzkinak (2)
Xabi 2016ko abe. 7a, 16:22
Aurrekoak gutxi jolastu nituen, lagunen etxean eta ezer gutxi gehiago. Baina berri hau oso dibertigarria iruditu zait haiek jolastu gabe eta oso gomendagarria iruditzen zait (pelikula ez bezela). Ongi gogoratzen badet, ez da lenengo jokuaren remake hutsa, bigarren eta hirugarreneko elementuak ere sartu zizkioten dena osotuago geratzeko. Analisi polita!
Iker Ibarguren 2016ko abe. 7a, 16:26
Lan bikaina Ander!!